BI TARTE

Beste aldera

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Dona dona katona, sutondoan aitona, lepotik behera... Algara bihurri batek egin dio ihes lagunari musukoaren atzealdetik. Antzera gertatu ohi zaio urduritzen den guztietan. Hiru goaz autoan. Barre egin berri duena, gidaria eta ni neu; gidariaren ondoko aulkian, GPSaren argibideei beha. Berez lanera goaz. Berez ez daukagu estutzeko motiborik. Ez daramagu ezkutatu beharreko ezer gainezka dagoen maletategian. Lo-zakuak, janariz betetako poltsak, ordenagailuak, koadernoak, arropa... Frantsesez idatzitako bina agiri prestatu dizkigute; gure izen-abizenak, NAN zenbakia eta helbidea ageri dira. Hirurotako inor ez da zehazki zer jartzen duen ulertzeko gai.

Gure aurreko autoaren aurrekoa gelditu dute gizon armatuek. Jarraian, gure aurreko autoari eman diote alto. Banaketa enpresa bateko furgoneta handi bat da. Berari esker, gure autoa ez da jada kono laranjekin zedarritutako eremuan kabitzen. Zoria izan dugu alde. Azal koloreak lagunduko gintuen, bestela. Edo euskara elkarte batekoek propio euskaraz egin ez dizkiguten ziurtagiriek, akaso.

Gidariak ohi baino mugimendu zakarragoak egin ditu abiatzerakoan. Hala iruditu zait niri. Metro batzuk aurrerago itzuli zaigu arnasa bere onera. Zain daukagun lagunari bidali diogu mezua. «Listo. Zeharkatu dugu muga. Ez gaituzte gelditu».

Igaro gara beste aldera. Gure etxean beti deitu izan zaio horrela zapaldu berri dugun lur eremuari. «Maider beste aldean jaio zen; bere aita eta ama sasian zeudela», «Bihar beste aldera joango gara egun-pasa», «Gu ezin gara neurriengatik kexatu, beste aldean askoz okerrago omen daude».

Ederra da beste aldea. Ederra begitandu izan zait beti. Autoko beste biei ere bai. Ederra, noizean behin gure bizitza frenetikotik ihes egin eta lasaitzeko. «Bizi, ez nintzateke hemen biziko. Aspergarria izan behar du... Ez dago kale-girorik, ez da ia inor ikusten, mamuek habitatutako lekuak soilik...».

Martin Larraldek egin digu agur bide bazterretik. «Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak...». Jendarme autorik ez bidean, oraingoz. Oroitzapenen fotogramak datozkigu burura, bata bestearen atzetik. Korrika Urepelen hasi zenekoa, Oltzarteko zubira eta Kakueta ingurura egindako asteburupasa, Kalostrapen hasi eta Baionako gaztetxean bukatu zen Xilabako final baten osteko parranda hura eta EHZ; komun idorrak eta hurrengo bost bat hilabeteetan eskumuturretik kentzen ez genuen pultsera.

Ordu eta erdi inguruan iritsi gara oraintsu arte mapan oso ondo kokatzen ez genekien Ainhize herrira. «Uste baino gertuago dago». Eiheralarre ezagutu dugu gero. Eta turista sentitu gara folklorizatutako lauburuz betetako Donibane Garaziko astelehen goizetako merkatuan, gasna zaharra eta euskal pastela erosi ditugunean.

Bere etxean hartu gaituenak «gaur arratsaldeko zazpietarako afalduko dugu» bat bota digu, burlaizez. «Eta kantu-saio bat egingo dugu afalostean». Ulertu diogu zehar-esana. Dagoeneko jakin beharko genuke Iparraldeko guztiek ez dutela zoragarriki abesten. Orduantxe agertu da hizpidera Mattin; karrera garaian ezagutu genuen mutila. «Ezagutzen duzu? Bera ere Iparraldekoa da». Dagoeneko jakin beharko genuke Iparraldea deritzoguna ez dela Asterix eta Obelixen agertzen direnen erako herrixka txiki bat. Kakinaraztera bidali gaitu begiradarekin. «Kakinarazi esan duzu? Zuena bai euskara polita». «Niri xuka gustatzen zait gehien, hain da gozoa...»

Hiru egun egin ditugu eskuz esku lanean. Zuek eta gu bereizten, behin eta berriro. Hemen eta han. Han nola bizi izan genuen itxialdia, hemen nola... Hemen nola funtzionatzen duen artisten intermitentziak... Han zenbat lapurtzen diguten hilero autonomo kuotagatik...

Eta, ohartzerako, iritsi zaigu etxera itzultzeko ordua. Diabolo Kiwi taldea entzuten da bozgorailuetatik. Ulertzen ez ditugun bina agiri daramatzagu guanteran. Eta nazio ikuspegia patrikan ondo tolestuta, erditik bi eginda.

Dona dona katona, sutondoan aitona, lepotik behera... Algara bihurri batek egin du ihes lagunaren musukoaren atzealdetik. Beste kolore bat daramate orain soinean gizon armatuek. Batek geratzeko agindu digu eskuaz. Arnasa eten zaigu hiruroi aldi berean. Auto barrura begiratu du, eta jarraitzeko adierazi.

Igaro gara gure lur eremura. Beste aldera. Nondik begiratzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.