BI TARTE

Iraungi

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Badira, gutxienez, bi motatako lagunak. Edo, nik behintzat, bi motatako lagunak bereizten ditut nire harreman sarearen baitan: lagun iragazkiak eta lagun ispiluak. Ahalegin berezia egin ohi dut gainerakoak, entzuten ez dakitenak, laguntzat ez hartzeko.

Lagun iragazkiek, aditu ahala, zulotxoak irekitzen dizkiete nire hitzei, epairik eta oztoporik gabe bertatik igarotzen utziz. Lasaigarri zait beraien parean eseri eta korapilatzen nauenari buruz luze eta zabal mintzatzea. Kaos mentala ordenatzen laguntzen dit burmuinetik ezpainetarako bidea beraien begietara begira egiteak. Lagun ispiluak dira, ordea, gehien maitatzen eta gehien gorrotatzen ditudanak. Gorroto ditut neure buruari egitera ausartzen ez naizen galderak ahoz gora tirokatzen dizkidatenean, entzun nahi dudanaren ordez entzun nahi ez dudana xuxurlatzen didatenean. Gorroto ditut, eta aldi berean maite, autokritikara naramaten lagunak. Ispiluak. Ikusi nahi ez dudan hori ere begien parean jartzen asmatzen dutenak. On egiten dit lagun ispiluekin gosaltzeak. Ahal dela, jengibre infusioa eta madalena integralak.

Orain gutxi arte konbentzimendu osoz defendatuko nuke gure etxeetako objektuen gehiengoak ez duela iraungitze datarik. Berriki irakurri dudanez, baina, ametsen atari diren burkoak, adibidez, iraungi egiten dira denborarekin. Eta orraziak, eta esponjak, eta eskuoihalak… Eta iragazkiak ere bai, akaso. Espero gabe, zahartutako objektuz beteta izan genezake bizitokia eta gu, bitartean, duela bi edo hiru aste erositako limoizko jogurtaren zenbaki txikiei beha, egun gutxi barru epea amaituko zaion opari txartelarekin arduratuta.

Iragazkiek akaso baietz nioen gorago. Ez dakit ziur ispiluek ere iraungitze datarik ote duten. Eta harremanak, iraungitzen ote dira?

Diskurtsiboki bada ere, maitasun erromantikoaren iruzurrak errotik erauzteko saiakeran ari gara. Eta, bide batez, euskal kuadrilla nuklearraren itxitasuna zalantzan jartzen ere bai. Baina hara non ia denok dauzkagun —edo ia denok izan garen noizbait— maitemindu eta bat-batean lagunen ingurutik desagertutako lagun ikusezinak. Baina hara non ia denok nahi dugun lur zati txiki bat, luiziren batek guztia hankaz gora jarrita ere bertara lasai itzultzeko moduko eremu egonkor samar bat.

Min handia egin digu betierekotasunak. Noizbehinka gurea salbuespena izan daitekeela sinestera iritsi arren, badakigu bikote harremanak hasi eta bukatu egiten direla. Ez dakit, ordea, lagun arteko harremanak ere modu horretan bizi ote ditugun. Ez dut sekula inor entzun lagun harreman bat aldebakartasunez mantentzen saiatzeak sor dezakeen tristuraz hizketan. Gutxitan mintzatu izan zait inor garai batean zutabe izandako harreman bat denborarekin harea bilakatzen ikusteak dakarren dolu-sentipenaz. Nago ez ote dugun oinarri-oinarrian erlazio mota hauek betirako izango direla pentsatzen.

Maitasunak, lurrak bezala, lantzen duenarentzat izan beharko lukeela zioen pintada baten argazkia zabaldu da sareetan. Neure etxe sarrerako hormakoa izan zitekeen.

Kezkatuta nago, ez ditudalako niretzat hain garrantzitsuak diren harremanak galdu nahi. Landu egin nahi ditudalako, mimatu eta zaindu. Ama minbiziarekin duen lagunarekin batera arnastu nahi dut aspalditik begiz jota daukagun mendi ibilaldian. Tarte bat hartu nahi dut guardiak egin eta egin ari den lagun medikua goxatzeko. Ama izan berri den lagunaren ondoan paseatu nahi dut eta zer moduz dagoen galdetu. Bikote-harreman luze bat eten duenarekin klinexak eta erregaliz gorriak konpartitu nahi ditut mantapean. Bere bizitza berregin eta etapa berri bat hasi asmoz etxez aldatu denari kartoizko kaxak husten lagundu nahi diot.

Doodle-rik gabeko aurrez aurreko hitzorduak nahi ditut; bakoitzaren beharrizanak kontuan hartzeko moduko kalitatezko denbora. Jada ez naute auto bidaietan igorritako audio mezu luzeek asetzen. Jada ez dizkiot inori nire egunaren apurrak eskaini nahi. Baina zenbat lagun zaindu daitezke azkarregi garamatzan gurpil zoro honetatik irten gabe? Zenbat harreman landu? Lagun ispiluren batek erantzungo ahal dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.