BI TARTE

Institutuetan

Ane Labaka Mayoz eta Mariñe Arbeo Astigarraga
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Badirudi zenbaiti enbarazu egiten diola urteko hirugarren hilabeteak, eta, institutuetan ere, soka luzea ekarri du aurten martxoaren zortziaren jirako indar-erakustaldiak. Gure jaioterrian, Putas feminazis, El violador soy yo eta antzerako pintada matxistak agertu ziren biharamunean bertan, jolastokiko horma morean, hirugarrenez. Irakasle dabiltzan lagunen bidez jakin ahal izan dut leku gehiagotan ere izan direla honako eta halako erreakzioak, zerbait mugitzen ari den seinale.

Pedagogia feministez hitz egiten da hezkuntzan; hezkidetza planez eta protokoloez. Ikastetxe atarietako emakume zientzialariei buruzko muralek, urtean behingo kamiseta moreek, eta ortzadar kolorez margotutako eskailerek atrezzo soil izateari utzi ote diote behingoz? Neska gazteek talde feministak sortu dituzte institutuetan, dantzan okupatu dituzte futbol-zelaien erdiguneak, interpelatu dituzte interpelatu beharrekoak, eta honek, nola ez, mutil gazteen oldarraldia ekarri du.

Irakasle dabiltzan lagunek formakuntzaren beharra azpimarratzen dute, beste behin. Ez dakite maskulinitatea nola landu; nola esku hartu mutil gazteekin. Lagunen bizipenak egoera orokorraren lagintzat har daitezke, gainera. Izan ere, Hiruki Larroxakoei irakurri berri diet martxoaren azkenetan Euskal Herrian esku-hartze feministan dabiltzan hainbat kooperatiba, elkarte eta norbanako elkartu zirela, Gizon Gazteekin Feminismotik Esku Hartzen prozesuari ekiteko. Diskurtsoak, jarrerak eta metodologiak birpentsatzea, autokritika egitea eta etorkizunean elkar babeserako sarea sortzea dituzte helburu.

Gaur egungo mutil gazteek badakite jakin zer den politikoki zuzena. Ondo baino hobeto mamurtua dute diskurtsoa. Inork galdetuz gero, txor-txor errepikatuko dute errepikatu beharrekoa. Bitartean, baina, futbolean eskasa denari «marikoia» hots egingo diote, edo lasterka hasi eta «azkena gay-a» oihukatuko dute lagunei erronka jotzean.

Diskurtsoak diskurtso, mutil gazte talde bat ez da gizon heldu kuadrilla bat besterik, eskala txikiagoan. Antzeko erresistentziak dituzte bi-biek. Gizon heldu erreferente gutxi dituzte, apenas entzun dituzten feminismoaren onurei buruzko matraka ematen.

Jolasgaraia da. Institutuko hezkidetza arduraduna belarrietatik sua dariola sartu da irakasle gelara. «Ez gara gauzak ondo egiten ari», bota du etsi-etsian. Lankide batek kafe kikara hurreratu dio: «Edo bai, akaso hau guztia ez da gauzak ondo egitearen ondorioa baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.