Eser gaitezen parez pare eta hitz egin dezagun argi diruaz. Hitz egin dezagun munduaren zentro bilakatu diren paper puska inprimatu eta zilar nahiz kobre koloreko metal zatiez; ume ginela azukrez eta txokolatez egindakoek eragiten ziguten besteko antsia sorrarazten diguten billeteez eta txanponez.
«Udalak kultura ekitaldietarako eta jaietarako diru partida erabiliko du herriko familiei, merkatariei eta ostalariei laguntzeko». Horrela dio deigarri gertatu zaidan lerroburuak, eta sareetan irakurri dudan beste batekin lotu dut zuzenean: «Jaurlaritzak 15 milioi euro bideratuko ditu turismo, merkataritza eta ostalaritzara».
Mugikorrak dar-dar egin du mahaiaren gainean. «Donostiako hotel ospetsu batek Bihotzez esperientzia eskaini nahi die donostiar guztiei». Gela bikoitza itsasoari begira eta bi lagunentzako gosaria. 150 euroren truke, bihotzez.
Enpresa garrantzitsuenetako kate-lanak aspalditik daude martxan eta Abiadura Handiko Trena eraikitzeko obrak ere aurrera omen doaz, niri agenda zuloz betetzen ari zaidan bitartean. Orain guztia da zirriborro; guztia da bertan behera. Atzeratuak izan diren jendaurreko emanaldiak kolokan daude, eta amaitzear egon zitezkeen ia urtebeteko sormen prozesuak etenda, auskalo noiz arte. Estreinatzera iritsi ez direnez, aurretik inbertitutako lanordu guztiek ez omen dute inolako balio ekonomikorik.
Bitartean, bankuak temati dihardu posta bidezko bonbardaketan. «Ilusio kreditua: benetan behar baduzu, eskura duzu». Spam-a gainezka daukadala ohartu naiz. «Zugandik inoiz baino hurbilago gaude».
Bitartean, langile autonomoentzako diru laguntza bat atera dute Lanbiden, eta minutu gutxi batzuk aski izan dira sarea guztiz kolapsa dadin. Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi iragarri ditu kulturako profesionalei laguntzeko. Diru partida hori osasun krisiaren aurretik ere aurreikusita zegoela salatu dute. Eta dirua nork jasoko duen zozketa bidez erabakiko dela salatu dugu.
Tonbola bat sortu dute aurpegiak zuritu asmoz. Gerora jakin dugu tonbolaren joko-arauek parte hartzeko aukerarik gabe uzten gaituztela kulturgile asko eta asko, diru laguntza hau ez baita beste inolako prestaziorekin bateragarria.
Gure kasuan, Espainiako Estatutik 661,08 euroko diru laguntza jasotzen ari gara hilero, jardueren eteteagatik dagokiguna. Diru laguntza hori jasotzeko baldintza da ezin dugula fakturarik egin, eta, beraz, ezin dugula kontuan bestelako diru sarrerarik izan.
Autonomook gizarte segurantzari ordaindu beharreko kuota barkatu digutela dirudi. Baina aholkularitzakoei hileroko 60 euro ordaintzen jarraitzen dugu norbanako moduan. Kooperatiba gisa beste 217,79 euro ordaintzen ditugu.
Gehitu horri aurreko urteko errenta aitorpenaren kolpea. Etxearen alokairua (alokairua ordaintzeko diru laguntza eskatzeko ere langabezian egotea da baldintzetako bat), elektrizitatea, ura... Telelanerako nahitaezkoa den etxeko Internet sarea, eta, bide batez, hau dena hasi zenetik zapaldu ere egin ez dugun coworking gunekoa.
Eser gaitezen parez pare eta hitz egin dezagun argi diruaz. Gustu baduzu, gogorarazi zaidazu egoera honetan ere pribilegioduna izaten jarraitzen dudala. Eta arrazoia emango dizut. Zorionez, baditudala koltxoi biskoelastiko bat eta hasiera-hasieratik dirua uzteko prest agertu zaizkidan lagunak. Are gehiago, betitik izan dudala nigan estualdiren batean egonez gero gurasoek lagunduko diotela badakienaren lasaitasuna.
Gustu baduzu, kritikatu nazazu kultura eta artea merkatu kapitalistaren logikatik ulertzen ari naizela argudiatuz. Eta arrazoia emango dizut. Paradigma horren baitan funtzionatzen ari naizela, gaur goizean etxera galdarako jarioa konpontzera etorri den iturginaren moduan. Astero barazkiz betetako otarrea ekartzen digun baserritarrak edo etxe azpiko harakinak eta fruta dendako langileek funtzionatzen duten bezalaxe.
Eser gaitezen parez pare eta hitz egin dezagun argi eta garbi diruaz. Barkatu, baina oraindik ere hutsarte hau nire lehen eleberria zirriborratzeko edo udaberriari buruzko bertso-sorta bat idazteko momentu perfektua izan daitekeela iruditzen zaizu? Benetan?