Tokio 2020. Euskal kirolariak

HIRU DOMINA, EZUSTE BAT ETA LAN ONA

29 euskal kirolari aritu dira onenen artean lehian Tokioko Olinpiar Jokoetan. Batzuek domina bat daramate etxera, eta beste batzuek, diploma bat. Baina, batez ere, bost urteotan egin duten lanari amaiera eman diote. Estreinakoz aritu direnek Joko batzuetan egotearen bizipenak izan dituzte, eta etorkizuna badela berretsi.

Maialen Chourraut, zilarrezko dominari musu ematen. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Itzali da zuzi olinpikoa, eta amaitu dira Tokioko Jokoak. Euskal kirolariek bildu dute bost urteetan ereindako uzta. Egindakoa barneratu, atseden hartu, eta hurrengo ziklo olinpikora begira jarriko dira. Inoizko laburrena izango da. Hiru urtera daude Parisko Jokoak.

PIRAGUISMOA

MAIALEN CHOURRAUT
Olinpiar jokoetan onena

Beste behin, behar zuenean agertu, eta zilarra lortu zuen. Jokoetan inoiz izan den euskal kirolaririk onena da, hiru dominarekin: aurretik brontzea kolkoratu zuen Londresen (2012), eta urrea Rion (2016). Finalean jo zuen kolpea. Behar zuen pazientzia izan zuen hasieran, hutsik egin gabe jardun zuen erdialdean, eta ikusgarri gainditu zituen azken ateak. Zailtasunez betetako bost urte egineta gero, ametsa zirudiena bete egin zuen: «Agian, ez nintzen bizkorrena izango, baina bai eskarmentu handiena zuena».

ANDER ELOSEGI
Berriz ere diploma


Laugarren diploma eskuratu du. Koska bat falta izan zitzaion podiumean egoteko. Denborarikonenetan hirugarrenarekin iritsi zen finalera, baina seigarren amaitu zuen: «Zehaztasuna falta izan zait, huts txikiak egin ditut».

IÑIGO PEÑA
Ezin dominarekin biribildu


Seigarren lekuan amaitu zuen K2-1.000ko proba, Paco Cubelosekin. Bikoak ezin izan zion ginga jarri aro olinpiko onari. Finalerdietan, nahiago izan zuten indarrak apur bat gordetzea, eta, finalean, zortzigarren kaletik arraun egin behar izan zuten. Haizeak kalte egin zien, etaezin izan zuten hasieran galdutako denbora berreskuratu. Amaieran, «penatuta» zegoen, baina kontzientzia lasai zuen: «Estropada oso ona egin dugu, eta dena eman dugu».

FUTBOLA

MIKEL MERINO,JON MONCAYOLA, MIKEL OIARTZABAL, UNAI SIMONETA MARTIN ZUBIMENDI
Sufritutako zilarra


Zilarrezko domina zintzilikatuta itzuli dira. Ondo kostatako zilarra izan da. Ligaxkan, bi berdinketa eta garaipen bat erdietsi zituzten, eta, luzapenean, azpiratu zituzten Boli Kosta (5-2), eta Japonia (1-0). Luzapenean galdu zuten Brasilen kontra: 2-1. Oiartzabal nabarmendu zen: erabakigarria izan zen hainbat partidatan, eta hiru gol sartu zituen. Merinok eta Zubimendik zelai erdiko agintea izan zuten; Simonek gorabeheratsu jardun zuen; eta Moncayolak gutxi jokatu zuen. «Sari handi bat da», adierazi zuen Oiartzabalek.

ESKUBALOIA

JULEN AGINAGALDE ETA EDUARDO GURBINDO
Merezitako brontzea


Balio bereziko brontzea lortu dute. Aginagaldek agur esan die selekzioen arteko txapelketei, eta irabazi gabe zeukan domina lortu du. Gurbindorentzat, berriz, erronka zen Tokion egotea. Jokoak iaz izan balira, ez zen bertan egongo, lesio larri baten erruz. Biak «oso pozik» ziren Egiptoriirabazi eta brontzea ziurtatu berritan. «Urte asko izan dira. Horrela amaitzea izugarria izan da», nabarmendu zuen Aginagaldek. Orkatila minduta amaitu zuen. Hunkituta zegoen Gurbindo. Defentsako lana eta txandakatzeak izan ziren haren ekarpena.

AINHOA HERNANDEZ ETA NEREA PENA
Ez dute helburua bete


Final-laurdenetarako sailkatu, eta, ahal izanez gero, dominen borrokan egoteko ilusioa zuten. Baina ez zuten multzoen fasea gainditu. Une erabakigarrian, Hungariaren aurkako partidan, huts egin zuten: 29-25. Gero, ezin izan zioten Errusiari irabazi: 31-34. «Hungariaren aurka ez genuen gure maila eman», onartu zuen Penak. Ez zegoen gustura bere lanarekin: «Hustuta amaitu ditut Jokoak». «Gehiago eman genezakeen», azpimarratu zuen Hernandezek.

ATLETISMOA

ASIER MARTINEZ
Jokoetako ezustea


Estreinako Olinpiar Jokoetan handia egin zuen 110 metroko hesidunetan. Korritutako hiru lasterketetan ezarri zuen mugarriren bat: lehenengoan, sailkatze proba irabazi zuen, eta finalerdietara pasatu; bigarrengoan, finalerako sailkatu zen, eta bere markarik onena hobetu zuen; eta finalean, seigarren izan zen. Diploma olinpikoa irabazi zuen, eta beste bost ehunen jan zizkion bere markari: 13,22. Pistan zein handik kanpo erakutsitako gertutasuna eta naturaltasuna nabarmendu behar dira. «Ezin sinetsita nago».

ELENA LOYO
Guzatuta bueltatu da


Maratoiak berezkoa du sufrimendua. Baina gozatu egin zuen Elena Loyok: «Ederra izan da esperientzia». Lasterketa oso ona egin zuen. Hasieratik erritmo egoki bat ezarriz, eta azken hamabi kilometroetan erritmoa handituz. 29.a izan zen. Haren marka: 2.34.38.

TERESA ERRANDONEA
Arantzarekin bueltatu da


Ez zen finalerdietarako sailkatu 110 metroko hesidunetan. Seigarren izan zen sailkatze lasterketan. 13,15eko denbora egin zuen,bere marka onena baino 11 ehunen gehiago. «Triste eta minduta nago neure buruarekin, nire marka onenarekin [13,04] finalerdietarako sailkatu delako atleta bat». Onartu zuen ez zela ondo aritu.

ODEI JAINAGA
Lesioak baldintzatuta


73,11 metrora jaurti zuen xabalina, eta finaletik urrun geratu zen. Eskuineko sorbalda mindua zuela iritsi zen Tokiora. Anestesia jarri zioten, eta infiltratu, baina ez zuen funtzionatu. «Espero baino dezente okerrago atera zaizkit gauzak». Hala ere, gustura zegoen olinpiar esperientziarekin.

SERGIO FERNANDEZ
Gurutze bideak ez du etenik


Azken bi urteetan lesioekin izandako gurutze bidearen beste kapitulu bat izan dira Jokoak Sergio Fernandezentzat. Ekainean sailkatu arren, iskion-tibietako lesioak ez zioten entrenatzen utzi, ezta 400 metroko hesidunean sailkatze proba gainditzen ere.

BADMINTONA

CLARA AZURMENDI
Azken orduko ametsa


Hasi baino hilabete lehenago jaso zuen Jokoetan egoteko deia. Gozatzeko eta bere ohiko jokoa egiteko asmoz joan zen. Helburua beteta itzuli zen. An Se Young (Hego Korea) multzoburuaren kontra galdu egin zuen; baina Dorcas Ajoke Adesokanen (Nigeria) kontra gailendu egin zen. «Onenak ez daudela horren urruti ikusi dut. Niretzat ametsa izan da hau bizitzea».

ARRAUNA

VIRGINIA DIAZ
Ahaleginak zamatuta


Aina Cidekin batera, lemazainik gabeko binakako finalerako sailkatu zen, eta seigarren amaitu zuten; hots, diploma olinpikoa lortu zuten. «Finalerdietan egindako ahalegina ordaindu dugu, eta alboko haizeak kalte egin izana».

TXIRRINDULARITZA

OMAR FRAILE,GORKA IZAGIRREETA ION IZAGIRRE
Jokoak, amesgaizto


Errepideko probaren bezperan, Espainiako selekzioko masaje emaileetako batek positibo eman zuen COVID-19an, eta itxialdian pasatu zuten eguna, proban parte hartuko zuten jakin gabe. Azkenean, lehiatzeko moduan izan ziren, baina gertatutakoak nahiz ibilbidearen zein eguraldiaren gogortasunak erabat baldintzatu zuen haien jarduna, lasterketa amaieran Gorka Izagirrek onartu bezala: «Sufrikarioa bizi izan genuen bezperan, eta bagenekien gaur oso zail jarriko zitzaizkigula». 28. postuan sailkatu zen; Ion anaia, 79.ean; eta Fraile, erretiratu egin zen. Ion Izagirrek erlojupekoan hartu zuen parte, baina ez zuen amaitu, arazo fisikoen erruz.

ANE SANTESTEBAN
Presiorik gabe, gustura


Presiorik gabe, eta goi mailan finkatuta iritsi zen Tokiora, eta horrek emandako lasaitasunarekin lehiatu zen. 27. amaitu zuen errepideko proba. «Taktikoki oso lasterketa gogorra izan da, baina asebeteta amaitu dut. Zerbait gehiago egiteko hankak nituen».

GOLFA

CARLOTA ZIGANDA
Onenengandik urrun


2016ko Rioko Jokoetan baino hamar postu gorago amaitu zuen bere jarduna: 29.ean, onenengandik aparte. Lehen egunean, oso lan ona egin zuen, laugarren; baina hurrengoetan, oker aritu zen. Gustura zegoen, hala ere.

HOCKEYA

JOSE MARIA BASTERRA
Ikasgaia, Parisera begira


Ez zuen espero Tokion egotea. Burua 2024ko Jokoetan zuen, Parisen. Saria eta ikasgaia izan dira Joko hauek harentzat: «Onenekin lehiatu, eta nire akats eta ahuluneak ikusteko balio izan dit».Multzo fase gorabeheratsu baten ostean, final-laurdenetan Belgikaren aurka galdu zuten (3-1), gerora urrea lortu zuen selekzioa.

SURFA

PAULINE ADO
Estreinakoa denentzat


Lehen aldiz izan da surfa olinpiar kirola, eta Ado izan zen euskal surflari bakarra Japonian. Aurreneko bi kanporaketak gainditu zituen, baina galdu egin zuen Sally Fitzgibbonsen aurka, eta ez zen sartu final-laurdenetan.

BELA

KEVIN PEPONNET
Espero baino makalago


470 espezialitatean aritu zen, Jeremie Bionekin batera. Domina bat lortzeko hautagaiak ziren. Azken bi estropadetara finalean sartzeko aukerarekin iritsi ziren, baina ez ziren fin aritu. «Nabigatzeko moduak ez digu emaitzarik eman». Lehen hamarrak sailkatzen ziren dominen estropadarako, eta 11. sailkatu ziren».

WATERPOLOA

ALBERTO MUNARRIZ
Azken bi lehietan, kale


Tokiotik domina batekin itzultzeko itxaropena zuen. Espainiak multzoen faseko partida guztiak irabazi zituen, baina finalerdietan kolpea jaso zuen, azken jokaldian Serbiaren aurka galduta. Gero, brontzezko domina lortzeko partida kaskarra egin zuten Hungariaren kontra: 9-5 galdu zuten. Munarriz taldeko zutarrietako bat izan zen: hamabost gol sartu zituen. «Azken bi partidetan errematatzea falta izan zaigu».

SASKIBALOIA

XABI LOPEZ AROSTEGI
Egote hutsa, sari


Azken unean, oporretara bidean zela, jaso zuen Tokion egoteko deia, «saria»: «Asko ari naiz ikasten. Gainera, Espainiako selekzioan belaunaldi aldaketa dator, eta hemen egotea garrantzitsua da etorkizunari begira». Bazekien ez zuela asko jokatuko. Azkenean, hiru minutu eta erdi izan ziren. Final-laurdenetan esan zuen agur, AEBen kontra galdu eta gero: 81-95.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.