Egunean bost fruta eta barazki ale, eta bi litro ur. Hiru ordu laurdeneko ibilaldia. Meditazioa. Ardo basokada bat, txokolate ontza bat, gutxienez hiru orgasmo astean, zainetako presioa hobetzeko. Arnasa diafragmatik. Ez elikatu zure haserrea eta ez jan atzazalak. Kaka egunero. Hilerokoak 28 egunetik behin, lau egunetan zehar. Puzkerrik ez publikoki, errespetua eta bizikidetza. Lasai zaitez, zergatik ez zara lasaitzen? Hitzak neurtu, gonaren luzera neurtu, jakin momentuak irakurtzen. Aurreztu. Estresa zure errua da. Azal osoan zehar hedatu zaizun dermatitisa ere bai. Irakurri liburu hau. Txia, ASMR, YouTuben bilatu «13 ordu itsas-soinu erlaxatzeko».
Baina aldi berean, zortzi ordu edo gehiagoko lanaldiak, eta ganorazko otorduetarako astirik eza. Janari prozesatua da kaltegarriena eta kutsakorrena; merkeena ere bai, ez kasualitatez. Aisialdia gutxi batzuen eskura, kirolerako nekatuegi. Arazo emozionalak kudeatzeko gaitasun falta. Zortea norbere lan gogorrak erakartzen omen du, baina apustu etxeak hazi dira kale kantoi guztietan; loteria, Black Friday, mugak jarri, baina ez kontsumoari! Geroz eta supermerkatu handiagoak bertan gal zaitezen karrotxo bati bultzaka, E.T eta Elliotten bizikletaren eszena berritua. Hilekoa joan egin zaizu estresagatik, edo jateari utzi diozulako 34 neurriko praketan kabitzearren. Gona luzearekin ere bortxatu zaitzakete. Alkohola txarra da, baina trago hori behar duzu gaur. Erruduntasuna.
Txakurren liluratzaileak bikote baten golden retriever bat bezatu behar zuen; txakur formala eta alaia berez, baina goizetan kaiolan uzten zutenean uluka hasten zen eta bizilagunak aztoratzen zituen. Liluratzaileak txakurra barrotedun eremura ohitzea lortu zuen, muturrean kolpe lehorrak emanda handik irteten saiatzen zen aldiro. Txakurrak, kolpe bakoitzeko, begiak ixten zituen, harriduraz eta umiliazioz. Pauso bat atzera eman zuen azkenean, eta etzan egin zen kaiola barruan. Niri tragedia bat iruditu zitzaidan momentu hura, eta ziur naiz txakurraren jabeari ere baietz, negarrez hasi baitzen animalia gorri eta eder haren bat-bateko sumisioari begira. Oroitu balu bezala, bat-batean, goiz oso bat kaiolan pasatu beharra dela arazoa, ez kaiola barruko negarra.
Noiz etzan zinen zu kaiolan? Sudurrean jasotako kolpeak minberak dira oso, eta burdin zaporea dute. Moderazioa eskatzen zaigu, bizi eredu ideal bat marrazten digute goizero ortzemugan, gerturatu ahala lurruntzen dena. Bizi neurrian, baina milaka tranpa ipiniko dizkizugu bidean sekula orekarik lor ez dezazun. «Tristuraren industriak» aterako dio gero etekina zure frustrazio horri, Anarik kantatu lez.
Egon lasai, murtxikatu 40 aldiz ahokoa. Bozkatu moderatuki; badute zerbait alderdi moderatuek, ezta? Eskuin zein ezker, egonkortasunerako promesa bat, aldaketa mingarririk bakoa; onarpen tonu bat dauka izendapenak kazetarien ahotan ere. Arriskurik ez zure etxeek, zure herentziek. Egin dena moderazioz, zure ardura da. Zeresanik ez emakumea bazara eta gehiegi hitz egiten baduzu, gehiegi edan, gehiegi jan, edo gutxiegi. Barkamena eskatzeko behar hori sentitzen duzu zuk ere edozergatik, edonori? Ahalik eta bozkatzaile gehien bilatzen dituen zentroko alderdi moderatua ez al zara zu ere sarritan, denei ondo erortzeko behar larria duena? Ez dezala zure egonezinak gizarteko ordena aztoratu.
Baina moderazioa ez dago denen esku, eta eskatu ere, gorputz batzuei eskatzen zaie bereziki. Ekintza moderatuagoa dirudi lege injustu baten onarpenak manifestazio zaratatsu batek baino.
Ludovico Einaudi entzun genuen Kursaalean. Akorde disonanterik bako musika orekatua, fondoko irudi geldoak, natura iradokitzen zutenak natura izan barik. Windowseko pantailetan soilik existitzen diren paisaia horietako bakea eta bakardadea. Akorde bat gora, beste bat behera, inoiz ez goregi edo beheregi. Beiratedun egongelan konposatutako pieza gozoak, igerileku termalean hartutako bainuek inspiratuak. Astelehen gaua zen, eta ia lo hartu genuen lanetik irten berriak ginen lagunak eta biok. Ederra izan zen, noski, edertasunik ezin baitzaio ukatu orekari. Baina iruditu zitzaidan lasaitasun hura ez zegoela gure hizkuntzan, eta askok ez dugula ezer hain orekatua sortzeko baldintzarik, ez interesik.
BI TARTE
Moderazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu