BI TARTE

Munduari bira

Nerea Ibarzabal Salegi eta Mariñe Arbeo Astigarraga
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Filipinetaraino iritsi behar izan du. Europa zuriko zinema aretoak igaro, eta Filipinetara iristear dagoenean sortu da eztabaida. Eztabaidarik esanguratsuena behintzat, balitekeelako beste tokiren batean ere alarmak piztu izana Elkano, lehen mundu-bira filmak, baina zalaparta handirik ez da entzun. Argia astekariaren bitartez irakurri ditut sare sozialetan filipinarrek egindako boikoterako deiak. Txio batekin geratu naiz: «Benetan urteak bota dituzuela kolonizatzaileak heroitzat eta beraien herria babesten dutenak gaiztotzat irudikatzen dituen pelikula bat animatzen?».

Hori da galdera. Zelan da posible? Urteak. Elkano Fundazioari ideia bururatu zitzaionetik, zuzendarien eta gidoilarien koordinazio lanera; Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren diru laguntza eskaerak bete, onartu, ospatu eta gastatzeko beste denbora. EiTBren laguntzekin berdin, zenbat bilera egin behar ote diren halakoetan. Auskalo zenbat esku, buru eta ahots pelikula horren egikaritze bidean, zenbat galbahe mota, zenbat iritzi kritiko egoteko aukera. Eta inork ez du une batez burua altxatu edizio programatik, burua altxatu gidoitik, ipurdia altxatu aulkitik, errebelazio bat izan lo hartzear dagoen unean, eta esan: Ei, aizue, zer da egiten ari garen hau?

Pentsatu nahi dut norbaitek baietz, alferrik izan zela, baina esango zuela zerbait. Norbait ohartuko zela 500 urteren ondoren begirada kolonial, arrazista eta matxista berbera indartzen duen haurrentzako film bat ekoitzi dela, eta zer, eta Filipinetan proiektatzeko asmoa daukatela lasaitasun osoz, non, eta Elkanok eta Magallaesek Espainiako kolonialismoaren lehen urratsak egin zituzten lekuan, eta, gainera, bertako herrien askapenaren sinbolo den Lapu-Lapu filmeko gaiztoaren paperean jarriz.

Baina posible da jende talde zabal bat ados egotea horrekin, baita gure Euskal Herri hain «desberdin bozkatu zalean» ere. Kolonialismoa ez baitzen XV. mendean hasi eta kolonien independentziarekin bukatu, Jardunaldi Feministetako mahai antikolonialean ondo gogorarazi ziguten gisan. Ezer ez da bukatu, inor ez dago salbu, kolonialismoa munduari begiratzeko modu bat delako, besteen gainetik existitzeko modu bat. Horregatik ezabatu ditzakegu filmetatik Pigaffetak —Elkano eta Magallaesekin bidaiatu zuen kronistak— idatzitako testuen alderik gordinenak, esklabotzaz, bortxaketez eta erailketez mintzo direnak, eta ez da ezer gertatzen. Historia irabazleek idazten dute, eta irabazleen oinordekook berridazten dugu aroz aro, betirako iraun dezan.

Elkanori buruzko filmeko pertsonaiak El Doradorako bidea-n azaltzen direnen kopia hutsa direla ere zabaldu da, eta, egia esan, lotsatzekoa da antzekotasuna. Baina zertarako harritu, biek begirada inperialista berbera baldin badute, bata Filipinetan eta bestea Mexikon kokatu arren. Eta gu halakoak ikusiz hazi gara. El Dorado, Pocahontas, ETB2ko indioen eta bakeroen serieak, eta herri indigenen estereotipoak inauterietako mozorro bihurtu ditugu.

Duela urte batzuk Mexikora bidaiatzeko zortea izan genuen, iberoamerikar inprobisatzaileen topaketetara. Egitarauko protokolo-ekimenen artean zegoen eliza batean margotu berri zuten mural baten inaugurazioa. Bertaratu ziren alkate, abade eta bestelako hainbat jende elegante. Horma estaltzen zuen izara baztertu zutenean, izoztu egin ginen hiru neska euskaldunok. Mexikon kristautasuna «zabaldu» zutenen omenez eginiko murala zen, eta han ageri ziren abadeak, latigoak eskutan, indigenei irakurtzen erakusten, arropak ematen, soroan lan egitera behartzen. Hiru europarrok laster egin genuen urgentziazko bileratxoa, mural hari zer arraio kantatu erabakitzeko. Azkenean, bota genuen hura konkista bat izan zela, eta europarrak etorri aurretik ere bazeudela sinesmenak eta kulturak lurralde haietan. Gainerako inprobisatzaile gehienak kristautasunari gorazarre egitera mugatu ziren. Eta, gaur ere gauza bera kantatuko nukeen arren, badakit sentitu nuela halako aitakeriazko gupida bat beraiekiko, halako harrotasuntxo iraultzaile bat bertakoak baino deseraikiago egoteagatik. Beste behin, europar zuri bat besteak baino hobea sentitzen, oraingoan ez-europar ez-zuriei esaten zelan epaitu behar duten europar zuriek egin zietena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.