Julen Perez. Laboraria

«Gu bezalako laborarientzat ez da lerro bat idatzia izan»

Hegazti gripea aurki itzuliko dela ziurtzat jotzen dute, eta, lehen aldiz, Frantziako Estatuko zerbitzuek ahate gizenak txertatzera behartuko dituzte laborariak, urrian hasirik. Perezen gisako hazle ttipientzat ez da protokolorik egokiena.

GUILLAUME FAUVEAU.
Joanes Etxebarria.
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gaitza aurki itzuliko delakoan, ahate gizenak hazten dituzten laborariei hegazti gripearen kontrako txertoa inposatuko die Frantziako Estatuak urri hastapenean, eta, hala egin ezean, zigorrak iragarriko ditu. Lohitzüne-Oihergiko Xemiateian kriaxera arrazako ahate hazle ttipia da Julen Perez (Ostankoa, 1989), eta berriki jakin ditu txerto kanpainaz xehetasun gehiago.

Azkenean, txertoa ahateentzat.

Estatuak plantan ezarria du erantzun orokor bat gripearentzat, hazkuntza mantenduz txertoarekin. Txertoa plantan ezartzeko marexalak dira lehen lerroan, haiek izanen baitira protokolo horren oinarri. Marexal bat gomitatu genuen jakiteko nola izanen den: urriaren lehenetik goiti ontsalaz hasiko dira txertatzen etxaldeetan. Bi manera badira: marexalak egiten du txertoaren praktika hori, eta gurea bezalako etxaldeetan galdegina genuen guhaurrek egiteko manera, eta hori kausitua dugu.

Beraz, laborari bakoitzak txerta litzake bere ahateak?

Marexalek ikasketak eginak baitituzte, haiek eskubidea dute txertatzea; guk eskubidea ukanen dugu. Haatik, beharko dugu egun bateko formakuntza egin txertatzen ikasteko, segurtasun nozioak gureganatzeko, eta produktua baliatzeko behar den maneran. Txertatuak izanen dira bakarrik hazkuntza eta ekoizpenari dedikatuak diren kabalak; preseski, ahateak lehenik. Genetika egiten duten xitotegiek edo hazleek, adibidez, esportatzen badute, eskubidea dute ez txertatzea. Zeren eta kanpoko estatuek beren legedian ez dituzte eritasuna duten kabalak inportatzen ahal, arindua bada ere, txertoarekin gertatzen den bezala.

Ahateak esportaziorako badira, zer gertatzen da?

Ahateak ezin du bizirik partitu. Ahatea hiltzen da, eta txitxia saltzen ahal da. Frantziako lumadunen ekonomian, haatik, ahate gizenen saila %5 edo %10 da; beste guztia arroltzeen saila, oilaskoena eta ugaltzaileena da. Beste estatuek genetika asko erosten dute Frantzian, erruteko oiloetan edo oilaskoetan.

Orduan, zergatik dira ahateak lehenak txertatzen?

Sail industriala eta gurea egituratuak diren bezala, eritasuna izateko arriskurik handiena ahate populazio horietan da. Baina, adibidez, Bidaxuneko kriaxera [ahate arrazako] xitategiak eskubidea luke ez txertatzea. Handik ateratzen ahal dituzte ahate ttipiak ez txertaturik. Haatik, gure etxaldera arribatu orduko gu behartuak izanen gara txertatzera; hori derrigorrezkoa izanen da.

Txertatze kanpainari arazorik ikusten diozu?

Bada txertoa eta txertoaren berriztatzea: ahate ttipia behar da bi aldiz ziztatu. Lehen txertoa egiten da ahateak hamar egun dituelarik, eta berriztatzea, hamar egun berantago. Guhaurrek egiten badugu, guhaurrek manatu behar ditugu dosiak, eta lana egin. Marexal batek egiten badu, berriz ere kanpotik norbaitek jin behar du txertoa jartzera; horrekin dugu problematika: orain arte, marexala urtean behin jiten zen ikusteko hazkuntza nola joaten zen, eta paperak egiteko. Txertoa marexalak egiten badu, suposatzen du sartzen ditugun ahate saldo guztiz marexala bietan jinen dela ahateak txertatzeko. Gure etxaldean hamar ahate banda sartzen ditugu; beraz, nahi luke erran pasatuko ginatekeela marexalaren bisita bakarretik gutxienez hogei bisitara. Gainera, behar da segitu analisiak egiten ikusteko gripearen birusa dutenetz. Aitzineko hogei bisitak gehi beste hamar, analisiak egiteko: 30 bisita urtean. Gure sistema autarkikoetan, non joan-jinik ez den batere denak egiten baititugu, ez da lotura epidemiologikorik. Hor pasatuko gara 30 aldiz ikusi behar izatera, marexala eta etxaldea kutsatzeko xantzak handituko dira, etxaldez etxalde ibiliko baita. Txertoak erantzun on bat ekar lezake ahate gizenarendako orokorki, baina, egituratua den bezala, etxaldeen arteko konexioa ekarriko du.

Txertoa fidagarria da, zure ustez? Luzera begirako lan zientifikoa egin da txerto horrekin?

Urteak dira hegazti gripearen kontrako txertoa sortu zela. Gripea H5N1 da; N hori urtearen araberako serotipoa da; H5a badute, eta serotipoa egokitzen dute. Joan den larrazkenean esperimentazioa egin zuten bost edo sei hilabetez; ziklo oso bat iraun zuen. Ez dute sekula txertatu nahi izan aitzineko urteetan, arrazoi ekonomikoengatik. Orain txertoa egitea ez da oposizioan legediarekin.

Txerto kanpainak badu gastu bat ere.

Txertoa derrigorrezkoa da; egiten ez duenak zigorrak ukanen dituela jakinarazi dute. Estatuak erran du txertoak sortzen duen protokolo sanitarioaren %85 bere gain hartuko duela. Txertoa eta analisiak euro bat kostatzen badira ahate bakoitzeko, estatuak 85 zentimo hartzen ditu bere gain, eta besteak guretzat izanen dira. Abiatzeko ez da ideia txarra; jasangarria ikusten dugu. Haatik, ondoko urtean dena laborarien gain izanen da; aitzinatu dutenaren arabera, kostu orokorra 5 eta 7 euroren artekoa izanen da ahate bakoitzeko. Gure etxaldean, ahate bakoitzeko 8 edo 10 euro ateratzen ditugu garbi; txertoaren gastuak aurreikusiak bezala badira, 2 euro baizik ez zaigu geldituko, eta ez da jasangarria izanen.

Beti erran duzue eritasun gehien barreiatzen zutenak hazkuntza industrialak direla.

Arrisku sanitarioa agroindustriak sortzen du. Egun, estatuak erantzun bat ekarri du, segur aski ona dena txertoarekilan, baina horiagroindustrian ari direnendako egina da. Gu bezalako laborariendako ez da lerro bat idatzia izan, ez baitakite nola lan egiten dugun. Horretan dugu segitu beharko oihuka, erranez ez dela posible guretako. Ez badugu erraten hor gaudela, deus ez dugu kausituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.