Koronabirusa

Itxita, erditzea prestatzen

Haurdunak arrisku taldeetatik kanpo daude, baina konfinamendua zorrotz betetzea aholkatu diete. Erditzeetako protokoloak moldatu dituzte, baina andre guztiak ez dira informazioa jasotzen ari.

Haurdun bat, artxiboko irudi batean. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Eman dezake COVID-19ak mundua eten duela, baina pandemiaz harago ere bada bizia, eta tartean, badira sortzeak ere. Azken hamarkadetako osasun krisirik larrienak haurdun harrapatu ditu ehunka emakume, eta prozesuaren amaieran horietako asko, erditzear. Ezinbestean ari dira egokitzen itxialdira eta segurtasun neurrietara, baina ez da batere erraza suertatzen ari. «Ziurgabetasuna» aipatu du Ianire de la Calvak. Haurdunaldiaren 40. astean dago, eta informazio bateratu gutxi dagoela salatu du: «Alde handia dago osasun etxe batetik bestera: egokitzen zaizun talde medikoaren arabera jasoko duzu protokoloetako aldaketen berri. Eta halako egoera batean izua eragin dezake informazio hori ez edukitzeak».

Izan ere, mezu nahasiak jaso dituzte haurdunek zenbaitetan. Presaka aritu dira osasun arduradunak andreontzako gomendio bila, gaitz ezezaguna baita COVID-19a: ikertzeko astirik ez dute ia izan, eta ez dago informazio askorik haurdunengan eta fetuengan izan ditzakeen eraginaz. Hartara, bereziki zaintzeko aholkatu diete emakumeei, «prebentzio gisa, ebidentzia zientifikogatik baino gehiago», Clara Rosas Magale elkarteko emaginak azaldu duenez: «Oraingoz ez da antzeman gaixotasuna oldarkorragoa denik haurdunentzat. Kontua da umedun dauden emakumeen sistema immunologikoa ahulagoa dela, eta komeni dela ahalik eta gehien zaintzea».

Dena den, Elisa Ezenarro Bidasoko Ospitaleko ginekologoak zehaztu du haurdunak ez dituztela arrisku talde gisa hartu: «Printzipioz, ez daude arrisku taldeen barruan. Beste edozein pertsonak bezala bete behar dituzte higiene neurriak eta bakartze soziala: zorrotz». Haurdunaldiaren fase guztietan da hala, eta andre guztientzat, izan lehen zein hirugarren haurdunaldia. Lasaitasun mezua eman du osagileak: «Egia da haurdunak kalteberagoak direla infekzioen aurrean, adibidez gripearekin. Baina COVID-19arekin kutsatzen diren %80k sintoma arinak dituzte, eta gehienek parazetamola hartzen dute; eta justu hori oso botika segurua da haurdunaldian».

Antzeko gomendioak

Are, izan dira koronabirusak erasandako haurdunak jada. Prozesua berdina dela esplikatu du ginekologoak: «Medikuari deitu behar diote, eta sintomen berri eman. Ez bada larria, bakartu beharko dute, eta parazetamola hartu; haurdun ez daudenek bezala». Eta positibo eman duten andre batzuk ere erditu dira: «Arazorik gabe. Hori bai, muga batzuekin: bikotekidea edo laguntzailea ezin da sartu erditze gunera». Kasu horietan, halere, transmisio bertikalik ez dagoela ondorioztatu dute lehen ikerketek, hau da, haurdunek ez diotela fetuari gaitza kutsatzen. Ildo horretan, edoskitzea ere mantentzea gomendatzen ari dira: «Ez dago demostratuta gaitza esnearen bidez transmititzen denik. Edoskitzea aholkatzen da; hala nahi dutenei, noski».

Anbulatorioetan jarduna murriztu eta berrantolatu den arren, haurdunaldien gaineko kontrola «guztiz bermatuta» dagoela nabarmendu du Ezenarrok: «Presentzialki beharrezkoak diren kontsultak besteekin uztartu ditugu; adibidez, ekografia eta ginekologoarekiko kontsulta egun berean egiten ditugu, emakumeak ahalik eta gutxien atera daitezen etxetik». Gaineratu du osasun etxeetan espazioak bereizten ari direla, kutsatuta ez daudenentzat seguruak izan daitezen: «Anbulatorio batzuetan zentralizatu dituzte arnas aparatuko arazoak dituztenen eta koronabirusa izan dezaketenen arreta, eta haurdunak beste batzuetara bideratzen ditugu, anbulatorio garbi deiturikoetara».

Informazio gutxi

Dena den, informazio hori ez zaie beti haurdunei behar bezala helarazi, De la Calvak gaitzetsi duenez: «Haurdunaldiari jarraipena egiteko eta erditzea artatzeko protokoloak aldatzen ari dira, baina berrikuntza horiek jakinaraztea talde medikoen esku dago: batzuk ari dira telefonoz aldaketen berri ematen, baina nik ez dut informaziorik jaso». Zailagoa izaten ari da, era berean, erditzerako prestatzea. Ikastaroak bertan behera utzi zituzten osasun etxeek martxo hasieran. «Babesgabetasun handia dago: ez digute alternatibarik eman osasungintza publikoan, eta mundu guztiak ezin du halakorik ordaindu sare pribatuan. Emagin batzuk ari dira informazio hori telematikoki ematen, baina ez denak. Ez dago irizpide bateraturik, eta hau ezin da izan egokitzen zaizun talde medikoaren borondate onaren araberakoa».

Halako ikastaroak online eskaintzen ari da Magale elkartea. «Ez dira ikastaro presentzialen modukoak, baina orain ere beharrezkoa da erditzeari buruzko informazioa edukitzea, eta gure eskubideak zein diren jakitea», azaldu du Rosasek. Konfinamenduan haurdunaldiari aurre egiteko gakoak ere ematen ari dira: «Orain ere gomendatzen diegu emakumeei aktibo mantentzea, ahal duten neurrian behintzat: saia daitezela kirol pixka bat egiten, luzaketak, yoga... Egoera arraroa izan arren, norbere gorputza hobeto ezagutzeko balia dezakete». Halere, itxita egoteak ez du errazten, De la Calvaren hitzetan: «Beste haurrik baduzu, autozaintzarako astia oso mugatuta daukazu: eskola egunetan umeei jarraipen akademikoa egin behar diegu, eta horrek denbora asko eskatzen du».

Erditze plana, prest

Erditzeari begira, halere, lasai mantentzen saiatzen ari da Ianire de la Calva. Prest du erditze plana, eta bertan adierazia du zein esku hartze onartuko dituen eta zein ez. Plan horiek indarrean daude osasun larrialdia ezarri arren, baina protokolo aldaketek kolokan jar ditzakete jardun batzuk. Horregatik nabarmendu du desinformazioak «beldur gehigarria» eragin dezakeela: «Erditzea, berez, zaurgarritasun handiko prozesu bat da, eta horrelako egoeretan aukera gutxiago duzu erditzea kontrolatzeko».

Ziurgabetasun horren ondorioz, etxean erditzearen aldeko hautua egiten ari dira emakume asko. Gipuzkoan eta Bizkaian halako prozesuak kudeatzen ditu Magalek, eta Clara Rosasek onartu du eskaerak gora egin duela: «Batzuek ospitalera joatea saihestu nahi dutelako, eta beste batzuk ezin direlako joan logistika arazoengatik: beste seme-alabak ezin dituzte aitona-amonekin edo lagunekin utzi». Segurtasun neurriak egokituta, etxeko erditzeak artatzen segitzen dute arrisku baxuko haurdunaldietan. Eta, Rosasen arabera, etorkizunean gogoan izango dituzten une asko ematen ari zaizkie euren lana: «Polita izaten ari da egoera zail honetan biziak aurrera jarraitzen duela ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.