Eneko Etxeberria, Garbiñe Biurrun eta Miguel Izu legelariek uste dute Espainiako Kongresuak onartuko duela gaur alarma egoeraren beste bi asteko luzapena, baina Etxeberria EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak eta Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak iragarri dute gaurkoa izango dela azkeneko onarpena. Izu legelari eta idazlearen iritziz, Kongresuak gehiengo sinplearekin eta kritiken artean emango dio balekoa hurrengo luzapenari, «COVID-19aren krisian ezinbestekoa baita alarma egoerak segitzea; gaur-gaurkoz, hori da lanabes bakarra». Aldiz, gaur luzapena ez balitz onartuko, datorren astelehenean «neurri denak bertan behera» geratuko liratekeela ohartarazi du Izuk: «eta orduan, zer?». Etxeberriak dio erkidegoek badaukatela ahalmenik neurriak garatzeko, eta Biurrunek gaineratu du badaudela legezko bideak pandemia borrokatzeko «antzekoa egiten segitzeko».
Alarma egoeraren luzapena ez onartzeak «kaos normatibo bat» ekarriko luke, Etxeberriaren esanetan. «Izan ere, sortu dituzten tresna juridiko guztiak horra lotuta daude». Beraz, azaldu duenez, alarma egoera luzatu ezean, Espainiako Gobernuak araudi osagarri bat taxutu beharko du, «azkeneko asteetan hartutako neurri juridiko denak egokitzeko eta gauzatzen joateko». Izu ados agertu da Pedro Sanchez gobernuburuak joan den larunbatean B planik ez duela esatearekin, «datozen asteetako erabaki gogorrak ere alarma egoeran oinarritu beharko direlako». Izuren arabera, uztailetik edo abuztutik aitzina, «egoera samurrago batean», neurri arinagoak hartu beharko lirateke, eta horretarako nahikoa litzateke legedi arrunta. Biurrunen arabera, hartu diren neurriak hartzeko ez zen beharrezkoa alarma egoera aldarrikatzea, «baina jendeak onartu eta ulertu zuen erantzun bateratu bat eman behar zitzaiola osasun krisiari, eta Kongresuan ere luzapena onartuz joan dira». Baina hurrengo luzapena ez onartzeak ez luke egoera larririk sortuko, epailearen iritziz, «estatuan lehendik badaudelako lege batzuk pandemiari aurre egiteko: osasun publikoko bi lege (1986koa eta 2011koa), babes zibilaren sistemarena edota, neuk gustukoa ez dudan arren, segurtasun nazionalaren legea». Horrez gain, gobernuak dekretuak ere onar ditzakeela azaldu du Biurrunek; «dekretu bidez nahi duena egin lezake neurriei eusteko».
Gaurko errealitatea
Etxeberriak dio pandemia batean ezinbestean ezarri behar dela araudi bat, eta Espainiako Gobernuak, konstituzioak ahalbidetuta, alarma egoerari heldu ziola, baina nabarmendu du orain dela berrogei urteko testuinguruan onartutako lege bat dela hori (1981ekoa da), «eta oso teorikoa da, gainera». Ondorioz, haren aburuz, «Madrilek gaur egungo errealitatera egokitzeko borondate handiagoa» izan beharko luke. Izuk gogoratu du erkidegoek eskatu dutela beste lege organiko bat halako larrialdi bati erantzuteko, «baina ez da hau horretarako garairik aproposena, eta lege organiko bat, gainera, ez da inprobisatzen. Gerorako lan bat litzateke, eta balioko du, jakina, gaur egungo esperientziak». Biurrunek jarri dio erreparo bat legeari egindako interpretazioari. «1981eko lege horrek ez du esaten aginte bakarra ezarri behar denik alarma egoeran. Esaten du eskumena duen autoritate batbehar dela, eta hori Espainiako Gobernua izango dela, baina honek aginte bakarra ezarri du».
Izuren hitzetan, COVID-19aren krisian arazorik handiena ez da izan juridikoa, baizik prestakuntza falta, baina onartu du alor juridikoan badela gabezia bat, azalpen jakin bat duena: «Azken berrogei urteetan ez dugu izan epidemiarik edo antzekorik, eta inolako gobernurik ez da arduratu araudi egoki bat atontzeaz. Eskaera sozialik ere ez da egon, logikoki».
Lan egiteko modua
Alarma egoeran Sanchezek aginte bakarra ezarri izana «zentzuzkoa» izan dela deritzo Izuk, baina erreparoak jarri dizkio haren gobernuaren lan egiteko manerari. «Erabakiak hartu eta jendaurrean iragarri ondoren jakinarazi dizkie Sanchezek erkidegoetako presidenteei, eta bazuen gauzak beste era batera egitea. Beraz, erkidegoen kritikek ere badute zentzua». Bat egin dute horretan Biurrunek eta Etxeberriak. Epaileak esan du «zalantzan» jarri behar dela aginte bakarra erabiltzea, «ikusi baita gobernuak harreman eskasa duela erkidegoekin eta oposizioko taldeekin».
Azken batean, Sanchezen gobernuak alarma egoeran zehar «boterea zentralizatu» izana deitoratu du Etxeberriak, eta, hala, konfinamenduaren arintze planerako ere aintzat ez hartzea tokiko instituzioek badituztela eskumenak, araudiak eta baliabideak; gogorarazi du EAEk baduela Babes Zibilerako Plana, eta hor oinarrituta ezarri zuela Eusko Jaurlaritzak Osasun Larrialdia duela bi hilabete. Biurrunek EAEko Larrialdi Legea ere aipatu du. Etxeberria: «Madril egiten ari denarekin, ematen du eredurik eraginkorrena agintearena dela, arma- da ere plazan jarriz. Eredu auzi bat ere badago krisiaren kudeaketan. Espainiako Gobernua ez da elkarlana bilatzen ari». Izuk esan du «lankidetza handiagoaren kultura» falta zaiola Madrili. EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak nabarmendu du «askoz eraginkorragoa» dela «koordinatzea eta adostea», eta, modu horretara, herritarrek «sinesgarritasun handiagoa» ematen dietela hartzen diren neurriei.
Koronabirusa
Eskua eman, besoa hartu
Alarma egoera beste bi aste luzatu ala ez bozkatuko dute gaur Espainiako Kongresuan. Izu legelariak uste du ezinbesteko neurria dela; Etxeberriak eta Biurrunek diote badagoela beste biderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu