Karguekin aske utzi dituzte Lekeition atxilotutako bi gazteak

Ondasun materialen aurkako «delitu terrorista bat» egitea egotzi diete. Santiago Pedraz epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, telematikoki

Gazteak aska zitzatela eskatzeko manifestazioa egin zuten asteazkenean Lekeition (Bizkaia). GEDAR LANGILE KAZETA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean telematikoki deklaratu ondotik, atzo eguerdian karguekin aske utzi zituzten Lekeition (Bizkaia) asteazkenean atxilotutako bi gazteak. Ertzaintzak asteazken goizean atxilotu zituen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Bosgarren Instrukzio Epaitegiaren aginduz, «ondasun materialen aurkako delitu terrorista bat» egitea egotzita. Ertzaintzaren Deustuko (Bilbo) polizia etxean igaro zuten gaua.

Atzo goizean deklaratu zuten bi gazteek Santiago Pedraz epailearen aitzinean, eta karguekin aske utzi zituen hark. 2020ko maiatzaren 13an Ean (Bizkaia) kutxa automatiko bat erretzea egotzi zien Pedrazek.

Koldo Tellitu gazteen abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, «azkar» eta «sinple» joan zen bi auzipetuen deklarazioa. Gainera, abokatuak nabarmendu zuen ez dagoela akusatuen kontrako «froga sendorik», bideorik, erraterako.

Harriduraz mintzatu zen Tellitu, akusatuen atxiloketak urtebete geroago iritsi direlako: «Atzoko [asteazkeneko] erakustaldia ez dator bat inondik inora gero leporatu dizkieten karguekin. Ziur aski motibazio politikoak egon dira atzean; bestela, ezin da ulertu», nabarmendu zuen Tellituk.

Asteazken egunsentian hasi ziren miaketak, 07:00ak aldera. Ertzaintzaren hainbat patruilak bi gazteen etxeak miatu zituzten Lekeition. Gedar kazetaren arabera, hiru orduz egon ziren haien etxeak miatzen, eta 10:30ak aldera eraman zuten atxilo bietako bat. Hedabideak zehaztu zuenez, bigarrena 11:15ean eraman zuten atxilo, Deustuko polizia etxera. Egun berean, manifestazio jendetsua egin zuten Lekeition, atxilotutako gazteei babesa adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.