Maiatzaren Lehena. Mundua

Gorri, hori eta beltz

Poliziak 300dik gora lagun atxilotu ditu Parisen, liskar handiak izan dituen Maiatzaren Lehenean. Brasilen sindikatuek elkar hartu dute ekainaren 14rako grebari begira

Brasil. Herrialdeko hamar sindikatu nagusiek deialdi bateratua egin dute Maiatzaren Lehenean eta Bolsonaroren pentsio erreforma salatu. Argazkian, Sao Pauloko manifestazioa. SEBASTIÃO MOREIRA / EFE.
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun

Munduko herrialde gehienetan ospatzen da Maiatzaren Lehena, eta, tokian-tokian, langileen aldeko aldarriek oihartzun desberdina, doinu desberdina hartu ohi dute. Ukitu nostalgikoagoa batzuetan, edo jostagarriagoa, edo tonu zakarragoa zenbaitetan, herrialde jakin horrek bizi duen egoeraren baten erakusgarri. Hori jazo da, adibidez, Frantzian, non Jaka Horien krisiak sei hilabete bete dituen. Liskar gogorrak izan dira manifestarien eta poliziaren artean.

Egia esan, Pariskoa kasik iragarrita zegoen. Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak bezperan dagoeneko aipatu zuen «1.000-2.000 erradikal» espero zituztela Maiatzaren Leheneko manifestazioan, horien artean zenbaitzuk «atzerritik etorritakoak», eta baita «erradikalizatutako Jaka Horiak ere». Hori argudiatuta, Castanerrek 7.400 jendarme barreiatu zituen Parisko kale nagusietan, eta, goizean, adibidez, jada 88 hartu zituzten atxiki «liskarrak eragozteko».

Tentsioa areagotuz joan zen, eta istiluak oso azkar hasi ziren Frantziako hiriburuan. Maiatzaren Leheneko hiriburuko ekitaldi nagusia bera—CGT, FSU, Solidaires, UNEF eta MNL sindikatuek deitutako manifestazioa— abiatu baino bi ordu lehenago hasi ere. Montparnasse zen manifestazioaren abiapuntua, eta han jazo ziren Black Bloceko kideen eta Poliziaren arteko lehen liskarrak.

Bloke beltzeko kideak kapitalismoaren eta globalizazioaren kontrako mobilizazioetara Poliziari aurre egiteko prestatuta joan ohi dira, besteak bestek beltzez jantzita, buruak eta beste babestuta eta aurpegia estalita, identifikazioa zailtzeko asmoz, baita euren burua Poliziaren negar gasetatik eta kolpeetatik babesteko eta irudi bateratua emateko ere.

Montparnassen, sindikatuen martxa abiatzeko unean zen prentsarekin hitz egitekoa Philippe Martinez, CGT sindikatuko idazkari nagusia. Baina bere burua bloke beltzeko kideen eta Poliziaren negar gasaren erdian ikusi zuen. Martinezek manifestazioa utzi egin behar izan zuen momentu horretan, eta, geroago, ibilbidean aurrerago itzuli zen segiziora.

Gero, CGTko idazkariak Poliziaren « bereizketarik gabeko eta aurrekaririk gabeko jarrera» gaitzetsi zuen, eta larria iritzi zion Poliziak «CGTren kontra, garbi identifikatutako CGTren aurka» kargatzeari.

Hainbatetan, liskarrek manifestazioak aurrera egitea eragotzi zuten, batez ere Italia enparantzan, Black Bloceko kideak atzera formazioan jarri zirenean eta Poliziak jendea barreiatzeko granadak eta negar gasa erabili zituenean. Gerora, sindikatuen segizioak ibilbidean aurrera egiteko aukera izan zuen, baina gero eta manifestari gutxiagorekin. Liskarren ondorioz, adibidez, FSU sindikatuko buruzagiek manifestazioa uztea erabaki zuten.

Arratsaldean, Emmanuel Macronen eta haren erabakien kontrako hainbat aldarri entzun ziren. Jaka horiak jantzita zeuden hainbat manifestari. Aipagarri gogoan izan zutela Alexandre Benalla—Macronen bizkartzain ohia—. Joan den urteko Maiatzaren Leheneko manifestazioan Benalla, polizia balitz bezala, bi laguni oldartu zitzaien. Gerora, uztailean ezagutu zen eskandalua. Edonola ere, liskarrek lausotu egin zituzten aberastasunaren gaineko zergaren edo CGSa kentzearen aldeko manifestarien eskakizunak.

Atzo, hiriburuko hedabide talde batek egindako zenbaketaren arabera, 40.000 lagunek hartu zuten parte Parisko manifestazioan —80.000 CGTren arabera—. Prefeturaren arratsaldeko seietako informazioaren arabera, Poliziak 330 lagun atxilotu zituen eta 17.706 «prebentziozko identifikazio» egin.


Paris. Manifestazioa hasi baino lehen hasi ziren liskarrak Black Blocen eta Poliziaren artean. IAN LANGSDON, EFE

Espainian, jakina, CCOO eta UGT sindikatu nagusiek gobernu berria izan zuten hizpide hauteskundeen ondorenean. Bi sindikatuek berriz ere deialdi bateratua egin zuten Maiatzaren Lehenerako, eta Madrilgo manifestazioan izan ziren idazkari nagusiak. Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak «ezkerreko gobernua» osatzeko eskatu zion PSOEri, «jada ez duelako aitzakiarik» sindikatuei hitzemandako aldaketak egiteko. Sordoren arabera, «gehiengorik ez izatea zen aldaketa horiek ez egiteko erabiltzen zuen aitzakia». Pepe Alvarez UGTko idazkariak ere argi utzi zion Pedro Sanchezi: «Riverarekin ez, Pablo Casadorekin ez, eta Voxekin ezta garagardo bat hartzera ere». Bai Sordok eta bai Alvarezek Espainiako langile askok pairatzen duten prekaritatea salatu zuten, eta soldatak handitzeko beharra azpimarratu.

Katalunian, Bartzelonan egindako manifestazioan, UGTko langile talde batek gogoan izan zuen Gironan sindikatuko idazkari nagusi izandako Dolors Bassa. Preso dago Bassa, Kataluniako Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilari kargugabetua, eta UGTko kideek hura askatzeko eskatu zuten.


Errusia. Komunisten manifestazioa Moskun. JURI KOTXETKOV, EFE

Italian, berriz, sindikatu nagusiek —CGIL, CISL eta UIL— Europa sozialago bat eskatu zuten Bolognan 30.000 lagun bildu zituen manifestazioan.Gobernuaren kontrako aldarriak izan ziren —batez ere immigrazio politikaren kontrakoak—, baita Europaren aldekoak ere. Hori bai, sindikatuek ez dute «soilik koefiziente eta protokolo izango den Europa bat nahi, haragizkoa baizik, europar herritarren arima izango duena».

Mediterraneoaren beste aldean, Aljerian, Maiatzaren Leheneko aldarrikapenak erabat lotuta joan ziren herrialdeko azken aldaketei. Hilabete bete da kaleko protesten presioari aurre egin ezinik Abdelaziz Bouteflikak presidentetza utzi zuela, baina sindikatuek «egiazko trantsizio politikoa» eskatzen jarraitzen dute. Haien ustez, gobernuko talde guztiak egin behar du alde, Ahmed Gaed Salah armadako burua barne, «sistema egiaz berrituko bada».


Aljeria. Jendetzak sistema egiaz berritzeko beharra aldarrikatu du Maiatzaren Lehenean. MOHAMED MESSARA, EFE

Bolsonaroren kontra

Atlantikoaren beste aldean, Kuban, Miguel Diaz-Canel presidentearen eta Raul Castro Kubako Alderdi Komunistaren buruaren gidaritzapean egin zuten Habanako ohiko Maiatzaren Leheneko desfilea, zeinetan lehen aldiz parte hartu baitzuen LGTB taldeen ordezkaritza batek. Desfilearen lehen lerroan ziren, gainera, Brasildik Kubara itzuli behar izan duten osasun arlo langileak.


Brasil. Herrialdeko hamar sindikatu nagusiek deialdi bateratua egin dute Maiatzaren Lehenean eta Bolsonaroren pentsio erreforma salatu. Irudian, Sao Pauloko manifestazioa. SEBASTIAO MOREIRA, EFE

Hain zuzen, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen eta haren pentsioen erreformaren aurka mobilizazio bateratuak egin dituzte Brasilgo hamar sindikatu nagusiek atzoko egunez. Neurri handi batean, datorren ekainaren 14rako iragarria duten greba orokorrerako prestakuntza izan dute Maiatzaren Lehena.

Maiatzaren Lehena Euskal Herrian: bizitza lehenik, eta ezkerretik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.