Koronabirusa

Hilaren 15etik, Iparraldean, itxialdia izan ordez, etxeratze ordua izango da

Nafarroak konfinamendu perimetrala arinduko du abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra. Joan-etorriak saihesteko eskatu dute Sagarduik eta Zupiriak. Hegoaldean, beste 533 positibo

Karrikak ia hutsik, Maulen, urrian egindako argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Edurne Begiristain - Ekhi Erremundegi Beloki
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Konfinamenduaren ordez, etxeratze agindua izanen da Ipar Euskal Herrian abenduaren 15etik aitzina. Hala jakinarazi zuen Jean Castex Frantziako lehen ministroak atzo arratsean. 20:00etatik 06:00etara izanen da etxeratze aginduaren muga, eta, beraz, ziurtagiririk gabe ateratzen ahalko dira herritarrak karrikara. Baina etxeratze agindu garaian Poliziari kontrolak areagotzeko eskatu diola iragarri du Castexek. Ordu horietan «inolako arrazoi eta ziurtagiririk gabe» kontrolatua denak 135 euroko isuna jaso tzera arriskatuko da. Abenduaren 24 izanen da salbuespena, ordutegia libre uztea erabaki baitu Frantziako Gobernuak. Urri bukaeran, abenduaren 31ko gaua ere libre uzteko asmoa agertu zuen Frantziako presidenteak, baina osasun egoerak gibel egitera behartu du.

Azken zazpi egunetan batez beste 11.368 COVID-19 kasu detektatu ditu egunean Frantziako osasun sistemak. Konfinamendutik ateratzeko 5.000 kasura jaistea jarri zuen baldintza gisa Macronek. Neurriak arintzea erabaki badu ere, publikoari harrera egiten dioten leku publikoak —zinemak, antzokiak, museoak, kiroldegiak...— itxiak egon beharko dira, gutxienez beste hiru astez. Osasun egoeraren bilakaeraren arabera erabakiko dute urtarrilaren 7tik aitzina ireki ala ez.

Nafarroan, berriz, neurriak arinduko dituzte Eguberrietan, Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo jakinarazi zuenez. Konfinamendu perimetrala kenduko dute abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra, eta, beraz, nafarrak Euskal Herri osoan zehar mugitu ahalko dira epe horietan.

Gainera, Gabon eta Urtezahar gauetan 01:30era atzeratu dute etxeratze agindua, eta gomendatu dute ez elkartzea hamar pertsona baino gehiago edo bi bizikidetza unitate baino gehiago. Indurainek herritarrei eskatu die Gabonetan «ahalik eta zuhurtzia handienarekin» jokatzeko: «Oreka bilatu behar da kontserbadoreak izatearen eta malgutzearen artean».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bihartik aurrera sartuko dira indarrean Labiren aholku kontseiluak hartutako neurriak. Funtsean, Eguberriei begira arindu egingo dira duela hilabete inguru indarrean daudenak; batez ere, joan-etorriekin eta ostalaritzarekin zerikusia dutenak. Neurri berriak iragarri eta biharamunean, Eusko Jaurlaritzako arduradunek eskaera argia bidali dieteherritarrei: «zuhurtziaz» eta «arduraz» jokatzeko deia egin diete, gogora ekarriz neurri murriztaileak arindu izana ez dela «gonbidapen edo dei bat» jarduera guztiak egiteko.

Udalerrietatik irteteko debekua kendu, eta ostalaritzari ateak irekitzeko baimena eman die Jaurlaritzak, baina «erantzukizunez» aritzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute Jaurlaritzako arduradunek, bai joan-etorrietaneta ostalaritzaren irekieraren inguruan, bai Eguberrietako ospakizunetan. Atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ideia batean jarri zuen indarra:«Neurri hauek ez dira mugikortasunerako gonbidapen bat. Aro berezi baterako neurriak dira, eta aro horretan ere pandemian gaude».

Ostalaritza irekita eta herri batetik besterako joan-etorriak baimenduta, kutsatze kopuruak berriro handituko ote diren ikusteko dago, eta, hori dela eta, Gabonetan «ahalik eta gutxiena» mugitzea gomendatu zuen Osasun saiburuak. Herritarrei eskatu zien kontuan hartzeko aurtengo ospakizunak «ezberdinak» izango direla, eta hori aintzat hartzeko joan-etorriak egiteko orduan ere.

Ideia bera azpimarratu zuen Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak, ohartarazita baimenduta egonda ere, hobe dela udalerrien arteko joan-etorriak saihestea. «Bakoitzak jakingo du pote bat hartzera joateko Oiondik Gasteizera joateko beharra duen ala ez».

EH Bilduk, berriz, kezkazjaso ditu Labiak hartutako neurriak eta Iñigo Urkullu lehendakariak zabaldutako mezua. Koalizioak ohar batean salatu du «arduragabekeria» dela egoera honetan horrelako erabakiak hartzea: «Pandemiari aurre egiteko, epe motz, ertain eta luzerako neurriak hartu behar dira, eta Labiak epe motzekoan egoten jarraitzen du».

Trasmisio altua oraindik

Jaurlaritzak neurriak arindu dituen arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa oso motel ari da hobetzen. Egia da azken hamalau egunetako intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen duela, baina oraindik ere transmisio handiko eremua da Euskal Autonomia Erkidegoa: 317 kasu daude oraintxe100.000 biztanleko.

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, berriz, azken zenbaketaren arabera, beste 533 kasu erregistratu ziren asteazkenean, bezperan baino hiru gutxiago. Hala ere, PCR eta antigeno proba gehiago egin ziren , eta, beraz, positiboen ehunekoak gora egin du. Zehazki, 8.437 test egin ziren herenegun Hegoaldean eta %6,3k eman zuten positibo. Bezperan, berriz,proben %5,7 izan ziren positibo.Lurraldeka, Araban egin dute gora positiboek, 99 kasu erregistratuta, eta behera Bizkaian (210) eta Gipuzkoan (135).Nafarroan beste 87 kasu zenbatu dituzte: bezperan atzemandako positibo kopuru bertsua da, baina test gehiago eginda. Erietxeen gaineko presioa handia da oraindik: azken orduetan, beste 57 lagun ospitaleratu dituzte, eta orain 657 gaixo daude erietxeetan. ZIUetan 140 lagun daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.