Eremu berdeetatik egotziak

Azpiegitura berdeek etxebizitzen prezioa garestitu dezakete, eta, hala, goi klaseko bizilagunek ordezka ditzakete langile klasekoak. Prozesuari 'gentrifikazio berdea' deritzo, eta jada gertatu da munduko hiri batzuetan.

Herritar bat, Gasteizko Arriaga parkean. Barruko eraztun berdearen parte da eremu hori. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Turismoak eragin dezake, edo unibertsitateko ikasleen pilaketak, orobat. Baina gentrifikazioak oinarri paradoxikoagoak ere baditu: esaterako, gune berdeek, auzokideen ongizatea hobetzeko eraikitzen diren horiek, ekar dezakete hain justu auzokideak kanporatzea. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bcnuej Lab for Urban Environmental Justice and Sustainability zentroko zuzendari Isabelle Anguelovskiren arabera, gentrifikazioa «ordezkapen demografiko bat da, zeina gertatzen den langile klasekoek edota migratzaileek euren auzotik joan behar dutenean, eta goi klaseko zuriek ordezkatzen dituztenean». Eta, dioenez, azpiegitura berdeek fenomenoa akuilatu dezakete: izan ere, eremua erakargarriagoa bihurtzen dute, eta horrek bide eman diezaioke espekulazioari.

Gentrifikazio berdea deritzo, zehazki, eta gune zaurgarriagoei eragiten die batik bat, Anguelovskiren esanetan. «Azpiegitura berdeak sortzeko programetako asko historikoki grisagoak izan diren auzoetan garatu dira, autobideen parean daudenetan, edo industrialak izan direnetan, fabrika zaharrak kendu eta sortu baitituzte gune berdeak, bizikletentzako bideak, kiroldegiak...». Eremua biziberritu egiten da, baina, ondorioz, prezioak garestitzen dira: etxebizitzenak, inguruko saltoki eta zerbitzuenak, zergak... Azkenean, segregazioa gertatzen da. «Bizilagunek ezin badiote aurre egin prezioen igoera horri, alde egin beharko dute auzo kutsatuago eta grisagoetara».

Hala gertatu da Mendebaldeko hiri batzuetan, Bcnuej-ek egin eta Anguelovskik zuzendutako ikerketa batek agerian utzi duenez—Nature aldizkari zientifikoan argitaratu dute txostena—. AEBetako, Kanadako eta Europako 28 hiri aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute haietako hamazazpitan azpiegitura berdeek nolabaiteko eragina izan dutela gentrifikazioan: 1990eko eta 2000ko urteen artean garatutako prozesu berdetzaileek lotura izan dute 2000tik 2016ra bitartean emandako populazioaren ordezkapenarekin.

Gentrifikazioaren faktoreak

Nolanahi ere, gune berdeek ez dute eragin bera izan kasu guztietan: Kopenhagen, Atlantan (AEB), Naoneden (Bretainia) eta beste bost hiritan, faktore nagusia izan dira; Bartzelonan eta Edinburgon, esaterako, eragina eduki dute, baina ez dira izan aldagai bakarra; eta Washingtonen, adibidez, bigarren mailako rola izan dute, erabakigarriagoak izan baitira hirigintzako beste garapen prozesu batzuk, hala nola teknologian egindako inbertsioak. Eta 11 hiritan, azpiegitura berdeek ez dute eraginik izan: Valentzian, kasurako, gentrifikazioa abiadura handiko trenarekin dago lotuta, besteak beste, ikerlariek azpimarratu dutenez.

Horrez gain, politika sozialek ere zerikusia dute gentrifikazio prozesuan. Ikerlarien irudiko, horrek azaltzen du, hein batean, AEBetan kokatzea gentrifikazio berdea pairatu duten hirietako gehienak. Azaldu dutenez, herrialde hartan urriagoak direlako lekualdatzea eragozteko politikak, hala nola babes ofizialeko etxebizitzak.

Orobat, azpiegitura jakin batzuek hauspo handiagoa ematen diote fenomenoari. Berdearen estetizazio kontzeptua darabil Anguelovskik hori azaltzeko: hau da, estetikarekin lotutako esku hartze berdeek, hala nola arkitekto jakin batek propio diseinatutako azpiegiturek, ahalmen handiagoa dute eremuak erakargarriagoak bihurtzen. «Eragin bisual indartsua duten proiektuak badira gentrifikaziorako faktoreak». Proiektu txikiagoak, aldiz, ez. «Europan igarri dugu ortu komunitarioek edo parke txikiek efektu apalagoa dutela, ez baitute balio estetiko bat». AEBetan, ortuok badute izaera estetikoa, eta, hortaz, gentrifikazioa eragin dezakete.

Irudi kontua ere bada, Bcnuej zentroko kideek aurreko ikerketa batean antzeman zutenez. «Publizitate berdea duten hiriak garestiagoak izaten dira, oro har. Adibidez, Kopenhage eta Vancouver [Kanada] —zeintzuk beti agertzen diren hiri berdeenen eta bizigarrienen zerrendetan— garestienak dira», xehatu du Anguelovskik. Haren iritziz, hiria bera kapitala pilatzeko tresna bilakatu da, eta horrek hirien arteko «lehia globala» sortu du: lehen, akzioetan eta bestelako finantza produktuetan inbertitzen zuten, eta orain eremu berdeetako luxuzko etxeak ere bereganatzen dituzte. «Etekinak lortzen dituzte maizterrik gabe».

Gasteizen, arriskua

Baina Euskal Herrian, gertatu al da gentrifikazio berdea? Ez dago hori frogatzen duen ikerketarik, nahiz eta toki batzuetan arriskua antzeman duten. Gasteizen, esaterako. Itziar Aguado EHUko irakaslea da Giza Geografia esparruan, eta nabarmendu du egun eskura dauden datuekin ezin dela frogatu gentrifikazio berdea gertatu den edo ez. «Etxebizitzen prezioaren datu tenporalak behar ditugu, eta ez dago datu ofizialik. Gasteizko eta Eusko Jaurlaritzako etxebizitza behatokiek argitaratu dituzte lehen aldiz alokairuen eta etxebizitzen prezioak, baina oraintsukoak dira». Gainera, irakasleak azaldu duenez, auzoen arabera daude bereizita, kontutan hartu gabe eremu berdeetatik zer distantziatara dauden. «Gasteizen, gainera, ez dago alokairuan bizi den jende askorik, eta gentrifikazioaren eraginak alokairuetan antzematen dira nagusiki. Babes ofizialeko etxebizitza asko ere badago, eta horrek prezioen igoera apaltzen du».

Potentziala badago, ordea. Izan ere, azken hamarkadetan, birgaitu eta ugaritu egin dira gune berdeak hirian. 1986ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, eraztun berde bat sortzea adostu zuten; alegia, lotzea periferiako berdeguneak, eta korridore berdeak sortzea, lotailu gisa: 1990eko urteetan gauzatu zuten egitasmoa, eta, hala, gaur egun sare bat osatzen dute Salburuko hezeguneak, Olarizu landak, Armentiako basoak, Zabalgana parkeak eta Zadorra ibaiaren aldameneko parkeak.

Alabaina, Aguadok uste du kanpoko eraztun berde horrek ez duela gentrifikaziorik eragin. Gasteiz hiri «nahiko konpaktua» izan da betidanik, baina 2001eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorretik aurrera, hiria asko hedatu zen, hala nola Salburura eta Zabalganara. Hau da, eraztunaren gertuko auzoak berriak dira, eta beste horrenbeste hango populazioa. «Goi klaseko jendeak ez ditu ordezkatu behe klasekoak oraindik; gainera, babes ofizialeko etxebizitza asko daude». Eta ez du uste ordezkapena gertatuko denik etorkizunean. «2003tik, legeak dio babes ofizialeko etxebizitzek kalifikazio hori dutela betiko, eta ezin direla libreki saldu». Lakuan, babestutako etxebizitzak 2003 baino lehenagokoak dira; liberalizatu egin dira, eta garestiago saldu. «Prezioak igo dira, baina ez du eman denborarik ordezkapena gertatzeko», irakaslearen irudiko.

Bestelakoa da barruko eraztun berdearen egoera. 2012an abiatu zen proiektua, eta helburu du beste eraztun bat sortzea hiriaren barnealdean —etorbidea, bulebarra, Herrandarren kalea eta Trenbidearen korridorea saretuko lituzkeena—, bide berdeen bitartez lotuko dena kanpoaldeko eraztunarekin. «Birgaitzen ari dira auzo batzuk biztanlez hustu direnak, zahartuz joan direnak, populazio migratzailea jaso dutenak, eta ez dutenak babes ofizialeko etxebizitza askorik», azaldu du Aguadok.

Koronazio auzoan, gainera, jende asko bizi da alokairuan, eta hainbat esku hartze egingo dira efizientzia energetikoa eta espazioa hobetzeko. Ezaugarriok pizgarriak izan daitezke. «Ez bada kontrolatzen, aldi berean, horrek etxebizitzaren prezioan eta alokairuan izan dezakeen eragina, baliteke gentrifikazio berdea gertatzea». Haren ustez, litekeena da obren ondoren Etorbidean prezioak gora egitea, eta iruditzen zaio aztertu beharko litzatekeela, baina ez dago daturik. «Uste dut, kanpoko eraztun berdeak bainoago, barrukoak akuilatu dezakeela gentrifikazioa etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.