Eztabaidarako momentua beti da, baina orain iritsi da behartuta askorentzat. Ustez, pandemiaren ondorengo egunetan, sakelako aplikazio baten beharra izango dugula esaten digute. Aplikazioen ezaugarri teknikoei buruz asko hitz egingo dugu, baina ez erabaki horren ondorioez.
Aplikazio bat erabili beharko omen dugula ia inork ez du eztabaidan jartzen. Gai teknikoez hitz egiten da, geoposizioa vs bluetootha, zentralizatua vs deszentralizatua, multinazional handiak vs software libreko soluzioak... Asko dira aukerak, baita bakoitzak dakartzan ondorioak ere. Irakurleari utziko diot Interneten nabiga dezan —apustu interesgarrienetako bat DP-3T protokolo irekia erabiltzen dutenak direla aurreratzen dut—.
Behingoagatik, halere, markotik atera nahiko nuke, eta, erabaki teknologikoa garrantzitsua dela esan ondoren, erabaki horren atzera-buelta ezintasunean jarri nahi dut azpimarra.
Lehenik: nork erabakitzen du hori baliagarria dela? Esperientzia desberdinak daude munduan eta aplikazio bat epidemien kontrolerako baliagarria izan badaiteke ere, lanketa handia behar du horrek. Datuekin gero zer egin, baina bereziki zer erantzun eman, delako garrantzitsua. Datuak izan eta neurri desegokiak hartu daitezke. Jendartearen %60 inguruko erabilpen zabal bat behar du aplikazioak, efizientzia maila batera iristeko, adibidez.
Aukerazkoa izan beharko luke, eta horra hor lehenengo paradoxatako bat. Aplikazio bat instalatu behar izateak, jendarteko kapa batzuetara bakarrik iritsiko litzatekeela kontutan hartuz. Aurrekari garrantzitsu bat ezartzen du. Beharrezkoa balitz, pribatutasuna ziurtatzen ez duten ereduak erabiltzen baditu bereziki, kontrolean oinarritutako etorkizunerako ateak irekiko lituzke parez pare. Horregatik, aplikazio horien erabilera ez behartua eta epe batean soilik erabiltzea bakarrik ahalbidetu beharko litzateke.
Kontrol horiek hasieratik ezinezko bihurtu eta aldi berean helburua eskuratzea posible da. Ezinezkoa, dikotomia faltsu bat da. Teknologia mailan bezala, legedi mailan ere beste ezertarako aplikazio horiek erabiltzea debekatu daiteke; ziurtasunez funtzionatzen dutenak testak dira.
Egoera okerrenean, erabaki gogorrak hartu behar izaten dira; ziurgabetasunaren aurrean, behintzat, atzera bueltarako aukera izan dezatela.
IRLEN SAREA
Asko dago jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu