Margaret Roundtree. Lointek Gernikako jokalaria

«Beltzok oraindik borrokan segitu behar dugu gure eskubideak izateko»

Badaki zertaz ari den: «AEBetako Hegoaldeko estatu batekoa naiz, eta arrazakeria handia da». Hamar urte dira Europan jokatzen hasi zela; gehienak Euskal Herrian.

JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ipar Carolinako emakumezko beltz bat Euskal Herrian. Durhametik (AEB) Gernikara orain. Saskibaloiko baloiaren atzetik. Horrela erabaki zuelako Margaret Roundtreek (Durham, AEB, 1988) unibertsitateen ligan jokatu eta gero. Etxetik kanpo dabil duela hamar urtetik, eta badu barruko borroka bat: etxekoak ikusi nahi ditu, pandemiak luzatu egin dituelako herriminaren distantziak, baina Euskal Herrian geratu nahi du. Aurreneko nahia bete egingo du. Bigarrenaz: «Hau hemen egongo da, itzuli nahi badut ere».

Durhamen dago Dukeko Unibertsitatea...

Nire faboritoa.

Hortaz, aukera asko zenituen saskibaloi jokalari izateko.

Ez dakit. Partidak ikustera bakarrik joaten nintzen. Denbora asko pasatzen nuen bertan.

Familiatik datorkizu saskibaloi zaletasuna?

Ahizpak jokatzen zuen, eta hura bezalakoa izan nahi nuen. Urte eta erdi zaharragoa da. Hari segika-segika sartu zitzaidan saskibaloiarena.

Kalean asko jokatzen da zuen hirian ere?

Bai. Parkeetan saskiak daude leku guztietan. Hemen futbolarekin gertatzen den bezala, han saskibaloian aritzen gara jokatzen denbora osoan. Ondo pasatzeko egiten dugu.

Zu ere kalean hasiko zinen...

Bai, baina oso txarra nintzen.

Txarra?

Bai, bai. Duela 17 urte arte ez nintzen hasi serio hartzen saskibaloia. Aurrekoa denbora-pasa zen. Neska eta mutil ibiltzen ginen, baina mutilekin gehiago.

Haur eta gaztetxo haietako bat izar bihurtu da gerora?

Ospetsua? Profesionalak bagara haietako asko, baina ezagun-ezagunak, ez.

Zergatik erabaki zenuen serio hartzea saskibaloia?

Eskolan [High School] ari nintzen jokatzen, eta unibertsitateak neuzkan atzetik, maila onean nenbilelako. Esan zidaten aukera izan nezakeela unibertsitatean jokatzeko, eta, hala eginez gero, ikasketak ordainduko zizkidatela. Horregatik heldu nion serioago. Oso garestia da hango unibertsitateetan ikastea, eta gainera, jokatzeko aukera izanda, ezin nuen ezetzik esan. Ahizpa ere joan zen.

Zuen etxeko egoera ekonomikoa ez zen ona?

Ona zen, sekula ez dugu arazorik izan.

Ahizpak jarraitzen dujokatzen?

Ez, utzi egin zuen. Unibertsitatean belauna puskatu zuen, eta kito.

Lau denboraldiz jokatu zenuen Gardner-Webb taldearekin unibertsitatean. Nolakoa da NCAA?

Talde asko daude, eta maila onean aritzen bazara, ia profesionala zara. Gainera, ona bazara, aurrera jarrai dezakezu zure ibilbidean. Lau denboraldi onak izan ziren.

WNBAn jokatzeko aukerarik izan zenuen?

Trial batzuk egiteko aukera izan nuen Araskin nengoenean, baina orpazurda hautsi nuen denboraldiko azkeneko partidan, eta aukerarik gabe geratu nintzen.

Pena, ezta?

Ez pentsa, ondo nago hemen. Orduan 28 urte neuzkan, eta egia da gustatuko litzaidake esperientzia bizitzea, baina ez zen atera, eta ez dizkiot buelta asko ematen.

NCAAkoa eta gero, Europara; nora eta Finlandiara.

Nire ordezkaria hangoa zen. Lehen urtea nuen profesional bezala, eta han aurkitu zidan lana. Ez nuen ezer ezagutzen Finlandiaz. Gehiago jokatu nahi nuen, eta han joan nintzen.

Jokatu bai, baina gozatu, gutxi.

Bai. Hotz handia egiten zuen, jatekoa oso ezberdina zen. Ez dut esan nahi ez zitzaidanik gustatu, baina hemen hobeto nago.

Handik etorri zinen Euskal Herrira, eta gaur arte, Galizian egin zenuen denboraldia kenduta.

Oso pozik nago. Ordezkariz aldatu nuen Finlandiakoaren ondoren, eta espainiar batekin hasi nintzen lanean. Eskaintzak erakutsi zizkidan, eta nik aukeratu nuen onena: hemengoa zen onena. Umetatik nahi nuen Espainiara joan saskibaloian jokatzera, oso herrialde polita da.

Ibaizabalen eta Gernikan osatu zenituen lau denboraldi, eta Bigarren Mailan izan ziren batzuk.

Pozik nengoen hemen jendearekin, eta zaila ez zen Finlandian egon eta gero. Oporretan egotea bezalakoa zen hemengoa [barrezka]. Izan nituen eskaintza hobeak, diruz ere egokiagoak zirenak, baita lehia aldetik ere erakargarriagoak, eta erakutsi nahi nuen maila goreneko taldeen aurka jokatu nahi nuela, baina gustura nengoen hemen.

Araskira joan zinen gero.

Bi denboraldi izan ziren. Asko gustatzen zitzaidan talde hori. Txarrena da hor izan nuela lesio larria.

Zenbat denbora egon zinen jokatu ezinda?

Zortzi hilabete gutxi gorabehera.

Jokalari batzuk ez dira gai izan berriz jokatzeko lesio hori izan eta gero, orpazurdakoa. Zu bai.

Lau urte pasatu dira, eta ondo nabil.

Beldurrarekin jokatu izan duzu harrezkero?

Aurreneko urtean bai. Baina gero, behartu egin behar nuen neure burua, eta kito. Saiatu egin behar nuen, buru aldetik zaila zen arren. Neure buruari esaten nion «benga, jokatu egin behar duzu», eta aurrera egiten nuen.

Araskitik Lugora (Galizia), Ensinora.

Iparraldean segitu nuen [barrezka]. Oso ondo egon nintzen, eta,oker ez banago, maila nagusira igo ginen.

Askotan igo zara mailaz zu.

Bai, hala da [barrezka].

Bigarren Mailan jokalari onenaren saria irabazitakoa zara.

Polita da horrelako sariak lortzea. Baina nahiago nuen beste maila batean lehiatu, aurkari zailagoen aurka.

Eta, horregatik, Gernikara itzuli zinen aurreko denboraldian.

Taldea hazten ari da, eta pozik nago hemen, lehia aldetik Europan ere jokatzeko aukera dudalako. Asko gustatzen zait beste herrialdeetara jokatzera joatea, eta hemen badut horretarako aukera. Hori dena bizitzea asko gustatzen zait: abioian bidaiatu, herrialdeak ezagutu, jokatu...

Eurocup-en, ez zarete hasi hasi oraindik, eta Espainiako ligan, 13 partida jokatu ondoren, bosgarren zaudete. Uste baino apalago?

Zaila da COVID-19aren egoera honetara egokitzea. Ez dakizu jokatuko duzun edo ez partida jarrita dagoen egunean. Ni neu etxetik urrun egonda, buru aldetik ez da erraza egoera honi aurre egitea. Ezin dut etxekoekin egon, eta egoera txar honetan, deserosoa da. Baina beste alde batetik, pozik nago, jokatzeko aukera dugulako hemen. Beste herrialde batzuetan, horretarako aukerarik ere ez dute. Eskertuta egon behar dugu.

Familia urrun, pandemia...

Egunero hitz egiten dut haiekin. Kezkatuta nago, eta haiek ere bai nirekin. Kontua da gurasoak adinekoak ditudala, eta han egon banintz neuk lagunduko nien erosketak egiten, adibidez, eta, horrela, ez lituzkete egin beharko egitea komeni ez diren gauzak. Ea ahalik eta azkarren hobetzen den egoera. Azkar batean joango naiz etxera, etxekoak ikustera.

Etxea han duzu, baina esan izan duzu estatubatuarra baino euskalduna zarela.

Egia da. Ez dakit zergatik den, baina ez dut Euskal Herritik joan nahi. Dena gustatzen zait.

Gehien zerbait?

Jendeaz gain, natura asko gustatzen zait. Hemengo bizimodua ere bai.

Inguruak ezagutzera joaten zara?

Bai. Jaieguna dugun bakoitzean, ospa. Orain ezin da, baina lehen, bai. Autoa hartzen dugu taldeko batzuek, eta hor joaten gara atzerritarrak.

Nola aukeratzen dituzue bisitatzeko lekuak?

Googlen. Oso urrun ez badago, han goaz. Leku asko daude hemen turismoa egiteko oso onak.

Saskibaloian jokatzeari uzten diozunean, zer?

Pentsatu izan dut hemen geratzea, baina etxekoak, lagunak eta bizimodua AEBetan dauzkat. Gustatuko litzaidake hemen geratzea, baina familia... Dena dela, hau hemen egongo da, itzuli nahi badut ere.

Zein da zure egunerokoa?

Jaiki eta gero, txakurra ateratzen dut. Gero, entrenamendua. Hortik, supermerkatura joaten naiz erosketak egitera, bazkaria egiteko bizikidearekin batera [taldekidea du]. Berriz ateratzen dut txakurra gero, eta ahal badut, siesta egiten dut. Ondoren, entrenatzera, tokatzen bada. Handik etxera, afaldu, eta atseden hartu. Saskibaloi asko, ikusten duzun bezala.

Telebistan partidak ikusten dituzu?

Ez. Ez daukat denborarik. Entrenamenduekin nahikoa [barrez].

Ikusiko zenituenak zure herrialdeko hauteskundeei buruzko albisteak izango ziren. Pozik emaitzarekin?

Bai. Trumpen lau urteetan sufritu egin du herrialdeak. Ez diru aldetik. Tentsio handia sortu da jendearen artean, haserreak, eta hori izan da txarrena. Hor sartu behar da arrazakeria, eta ezin da halakorik gertatu XXI. mendean.

Arrazista dira AEBak?

Leku batzuetan bai. Aspalditik datorren kontua da. Ari da hobetzen, baina denbora behar da.

Ipar Carolinan Trumpek irabazi du.

Bai [etsipenez esan du]. Baina nik ez diot bozkatu. Hegoaldekoa da gure estatua, eta hegoaldeko estatu askotan arrazakeria handia da oraindik.

Zer iruditu zitzaizun Black Lives Matter mugimendua?

Poliziaren eta haren jarreren aurkakoa da, eta niretzat oso garrantzitsua da. Gure familian denak gara beltzak, eta borrokatzen segitu behar dugu oraindik gure eskubideak izateko. Ez luke horrela izan behar, baina...

Zer pentsatu zenuen jokalariek NBA geratu zutenean?

Indar handiko egitasmoa izan zen. NBA zen! Oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.