Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Elefanteen hilerria

2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
ETB1eko Ahoz aho (16:00) saioak ez du jarraituko. Hala adierazi zuen aurkezleetako batek astelehenean, haren sare sozialak erabilita. Proiektu berri bat prestatzen ari dira arratsaldeetarako, Gure kasa (ETB1) ekoizten duten lagunekin batera. Tarte berria elkarrizketa saio bat izango da, Ilaski Serranok aurkeztuta. Ez dakigu zein maiztasunekin egingo den, ezta non eta zenbat baliabiderekin ekoiztuko duten ere, baina estreinaldia datorren astelehenean izango da. Hilaren 18an, hain zuzen ere.

Martxoaren 20an eman zuten Ahoz aho-ren azken atala. Koronabirusaren krisialdian «ezin izan dute» euskarazko saioarekin «jarraitu». Arrazoia, ordea, ezezaguna da. Bestela, euskal audientziak ez luke galdetu beharrik izango zergatik, ia ordu berean eta gaztelerazko katean, bai jarraitu ahal izan duen ETBk gaurkotasunari lotutako Qué me estás contando (17:15-19:30) magazinarekin.

Ahoz aho saioari dagokionez, erakunde publikoaren aurpegia garbitzeko programa merkea baino ez zen. Beste saio batzuen aldean, ia sosik ere kostatzen ez zitzaiena: 5.700 euro atal bakoitzeko. Ordutegiz aldatzeko ere ez zuten inolako erreparorik izan, ezta audientziarekiko begirunerik ere. ETB2ko arratsaldeetan, berriz, inbertsio ekonomikoa bestelakoa da. Egunotan etengabe ikusi ditugu zuzeneko konexioak, eta kalean mila gauza egiten zituzten konfinamenduaren aurretik. Ahoz aho-n, bitartean, eduki ia gehiena platotik egiten zuten —kolaboratzaileen zerrenda luze eta dotorearen laguntzarekin, bidenabar—. Saioaren jarraitzaileek ez dute ahaztuko Hondarribiko arraunlari batekin konexioa egiteko telefonoz egin behar izan zutela behin, haren argazki batekin, Himalaian balego bezala. Krisialdi honek zerbait erakutsi badu, telebistan Skypez solasaldi txukunak egin daitezkeela da. Atera kontuak.

ETB1 abandonatuta dago—ikusle kuotaren minimo historikoa horren isla da— eta, panorama hori ikusita, zaila egiten zait ulertzea etxe barneko inork ezer ez esatea. Zuzendaritzak, administrazio kontseiluak, bertako langile egonkorrek... Konfinamenduaren ostekoan itxaropena zuenak, saio berriak sorpresarik eman ezean, esango nuke jai daukala. ETB1ekiko axolagabekeria agerikoa da. Eta barkatu ene espresioa, baina elefanteen hilerri bihurtu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.