'Oum'
Konpainia: Massala. Koreografia: Fouad Boussouf. Dramaturgia: Mona El Yafi. Musika-konposizioa eta interpretazioa: Mohamed Aljaramani, Lucien Zerrad. Dantzariak: Nadim Bashoun, Sami Blond, Mathieu Bord, Loic Elice, Filipa Correia Lescuyer, Mwenwa Marchand. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 15..Oum Kalsoum egiptoar abeslariak 200 milioi disko saldu zituen mundu arabiarrean XX. mendearen erdialdean. Horrela izanik, Fouad Boussouf marokoarrak emakume haren doinuetan murgilduta eman zuen haurtzaroa, eta haren abestietan aurkitu zituen Omar Kayyam olerkari persiarraren lauko nagusiak. Kayyam orain dela mila urte aritu zen bizitzari kantuka, lirismo paregabea lagun, eta haren bertsoetan inspiratu da koreografoa Oum izeneko lan zoragarri hau eratzeko.
Argiontzi kulunkari bakar batek argitu du hasierako eszena korda zuri bertikalez egindako gortina handiaren atzetik, eta haren kontrargian ikusi dugu lehendabiziko dantzariaren figura. Agertokiaren kontrako muturrean gainontzeko dantzariak agertu dira lau gizon eta bi emakume izan dira guztira, zutik, multzo trinko batean eta indar eszeniko handiz Kayyamen bertsoak errezitatzen.
Hasierako multzo horretan bi musikari zeuden, eta beren partitura aberatsarekin dantzarien eboluzio miresgarriak gidatu eta norabide transzendental egokitik bideratu dute artelan eszenikoa. After estiloko konpas dotoreekin hasi ostean, askoz konplexuagoa bihurtu dute konposizioa, oinarri grabatuari zuzenean jotako ouda (laute arabiarra), perkusioa eta gitarra elektrikoa gehituz eta ukitu orientalista eta afrikanistekin edertuz.
Hasiera batean, dantzari denak azaldu dira gris eta beltz gamako prakak eta jakak jantzita eta efektu nabaria sortu dute haietariko bakoitzaren orrazkerek baten adats luzeak, beste baten rastek, gizonen bizarrek, besteren baten mototsak..., lan osoaren estetika neurtu baina ongi landuaren seinale. Denak ibili dira oinutsik, eta jakak erantzi ostean kamisetetan ugaritu da koloreen paleta leuna. Hasierako uneetan buruen mugimendu soila izan da nagusi, eta gero, behin oinak lurretik askatuta, hegaka hasi nahiari ekin diote, baina ez hegaztien imitazioaren bidetik izpirituaren barne-indarraz baizik.
Dantzaren bidezko mistizismoaren bilaketa horretan rol nabarmena jokatu du gorputzen diziplina fisikoak, eta bide horretatik izan dira posible eskuak elkarri emanda eraiki dituzten multzo eskultoriko aldakorrak, non tontorrean zegoen emakumea estasi egoeran aurkitzen zen, eta non jauzi akrobatiko izugarriak erritmo-eztandekin, hip-hop eta afrikar estiloaren aztarna batzuekin eta derbitxeen moduko bira hipnotikoen artean baitzetozen. Amaiera aldera, zuhaitz zuri bat sortu du dantzari batek atzeko gortinaren hariekin, eta beste guztiak argi soil haren azpian elkartu dira, ilunak inguratuta, pausatuki eta isiltasun osoz, azken abestiaren konpasak agortzen ziren bitartean. Ikusleek, nola ez, zutik eta denbora luzez txalotu dute lanaren bikaintasuna eta artista guztiak gorputz eta arima aritu izana.