Aierdik azaldu du Davalorren egoera larriaren jakitun zirela

joxerra senar
Iruñea
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Sodena Nafarroako sozietate publikoak Davalor Salud enpresari milioi bat euro mailegatu zizkion 2015eko udazkenean. Gerora enpresak hartzekodunen konkurtsoan amaitu du, eta, operazio hori gaizki atera zenez, oposizioak Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordea estutu nahi izan zuen atzo, Sodenaren inbertsioei buruzko ikerketa batzordean. Aierdik defenditu zuen, «erabaki zaila» izan arren nahikoa informazioa bazutela. Harenustez, «hasieratik» zekiten Davalor egoera larrian zegoela, baina negozioaren potentzialitateari aukera eman nahi izan zioten.

Davalor 2011n sortu zen. Ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu zuen, eta optiken artean merkaturatzeko asmoa zeukan. Hala ere, negozioa aurrera ateratzeko hamabost milioi behar zituen. Teknologia hornitzaileen artean Tekniker eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa zeuden.

Goizean, UPNk bost orduko galdeketa egin zion Aierdiri; arratsaldean, PSNk operazio horren gaineko «susmoak» azaldu zituen, eta PP urrutirago joan zen, «irregulartasunak» aipatuz. Sodenak egindako txosten teknikoakontuan hartu gabe mailegua ematea egotzi zioten Aierdiri.

Salaketa ukatu zuen lehendakariordeak. Haren ustez, Sodenaren txostenak operazio horren «argi-ilunak» azpimarratu zituen. Davalorrek finantza egoera zaila izanagatik, inbertitzaileak bilatzea lortuz gero, Nafarroan lanpostu ugari sortzeko potentziala zuen, Aierdiren arabera. Haren ustez, arrisku kapitaleko sozietate gisa, estrategikoak diren sektoreetako enpresa hasiberriak eta egoera zailean direnak laguntzen ditu. Davalorren kasuan, ezohiko proiektua zelako babestu zuten. «Horrelako gutxi daude Nafarroan», azaldu zuen.

Haren hitzetan, Sodenak berezko du arriskua hartzea, eta, txostenaz gain, beste informazio osagarri batzuk aintzat hartu zituen administrazio kontseiluak: «Zailtasunak dituen enpresa batiaurre egiteko Sodenak zuhurtzia osoz jokatu nahi badu, eta dirua berreskuratzeko segurtasun osoa izan, sekula ez du euro bat ere jarriko». Haren irudiko, txostenek informazio baliagarria eman dezakete, baina ez dute erabateko bermea ematen; azken erabakia hartzea kontseiluari dagokio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.