Uztailean aurreratutako datua berretsi eta bere horretan utzi du Nastat Nafarroako estatistika erakundeak: bigarren hiruhilekoan, ekonomia %2,6 handitu zen lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta %18,5 iazko epe bereko datuarekin alderatuz gero. Datuok baieztatzen dute ekonomia indarrez suspertzen ari dela, batik bat industriak eta barne eskariak—gehienbat familien kontsumoak— bultzatuta.
Hain zuzen ere, iragan astean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekonomiak joera bera duela azpimarratu zuen Jaurlaritzak. Apur bat apalago bada ere, %2,2 handitu zen bertako ekonomia bigarren hiruhilekoan.
Eskaintzari erreparatuta, industria ari da hazten sektore ekonomikoen artean indartsuen. Iazko epearekin alderatuta, %26 handitu da industriaren jarduera martxotik ekainera. Dena den, oraintxe mehatxu batek baldintzatzen du sektorea. Iragan urtearen amaieratik, lehengaien eta energiaren garestitzeak bete-betean eragin die industriako azpisektore batzuei, eta hornidura arazoak izaten ari dira enpresak—tartean, VW bera, erdieroaleen krisia dela eta—.
Nastaten datuetan ez da islatu egoera hori, baina urtarriletik uztailera arteko industria produkzioaren jarduera indizeak jaso du eragin hori. Iazko uztailetik, Nafarroako industria jardueraren indizea %9,6 handitu zen urtebetean. Garraio osagaiek (%60), papergintzak eta zurgintzak (%23), eta metalgintzak (%21) joera hobea izan bazuten ere, energia sektoreak %20 egin zuen atzera, eta manufaktura eta elikagai industriek %3,8 eta %1,9 baino ez zuten egin gora, hurrenez hurren.
Beste sektoreei begira, lehen hiruhilekoarekin alderatuta, murrizketak arintzeak eta alarma egoera kentzeak mesede egin zien zerbitzuei —%21,4 handitu zen—; batik bat ostalaritzari, merkataritzari eta garraioari.
Nastatek hotelen abuztuko datua eman zuen atzo, eta joera hori udan ere izan dela baieztatu zuen: Nafarroako hoteletaneta ostatuetan 278.101 egonaldi erregistratu ziren iragan hilean, iaz baino %79 gehiago. Bidaiari kopurua ere%67,9 handitu zen abuztuan, eta, batez beste, 2,1 egun egin zuten Nafarroan. Iragan urtearekin alderatuta turismoaren datuek hobera egin badute ere, 2019ko datuetatik nahiko urrun jarraitzen dute, bidaiari kopurua %45 apalagoa izan baita.
Estatistika erakundeak duela gutxi egindako azterketa batek adierazten duenez, enpresen herenak —zehazki, %34,9— pandemia aurreko salmenta kopuruetara itzuli dira, eta beste laurden batek (%24,4k) urtea amaitu bitartean negozio bolumena berreskuratzea espero du. Haatik, oraindik orain %31,1ek uste dute 2022an itzuliko direla aurreko egoerara, eta %9,7k, 2023tik aurrera.
Suspertze ekonomikoa barne eskariak hauspotu du. Oro har %13,8 handitu zen kontsumoa bigarren hiruhilekoan, batik bat familienerosketek (%16,8) eta enpresen inbertsioek (%24,2) gidatuta. Atzo kaleratutako beste inkesta batek aditzera eman duenez, Nafarroako enpresen %29,4k inbertsioren bat egin zuten bigarren hiruhilekoan, iaz epe berean egindakoa baino gehiago —orduan %27,1ek inbertitu zuten—.
Kanpo merkataritzari dagokionez, Nafarroako enpresek iaz epe berean baino %31,4 gehiago esportatu zuten martxotik ekainera bitartean. Halaber, inportazioak %27,9 handitu ziren; Nastaten arabera, esportazioen eta inportazioen arteko alde horrek barne kontsumoaren «dinamismo handiagoa» adierazten du.
Suspertzeak eragina izan du enpleguan. Bigarren hiruhilekoan %15,7 handitu da lanpostu kopurua, iazko epe berarekin alderatuta. Industrian %16,5 handitu da; merkatuen zerbitzuetan, %22,8; eta eraikuntzan, %18.
Hornidura arazoak Europan
Lehengaien garestitzeak eta erdieroaleen krisiak ez du eragin handirik izan bigarren hiruhilekoko datuetan, baina urte amaiera artekoa bai, galgatu dezake. Europan, adibidez, iraileko lehen datuek hori adierazten dute: Alemaniako eta Frantziako industriaren jarduera baldintzatzen ari da, eta suspertzea moteltzen. Bi herrialde horietan, industria produkzioa uste baino motelago handitzen ari da. Alemanian lau punturena da aldea.
Nafarroako BPGa azkar hazten ari da, eskariari eta industriari esker
Bigarren hiruhilekoan %2,6 handitu da jarduera ekonomikoa. Enpresen herenek pandemia aurreko fakturazioa adinakoa dute berriz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu