Pastor
DARWIN ETA GU

Gazte dira gazte

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bi neska autobusean doaz, unibertsitatetik bueltan. Musukoek aurpegiak estaltzen dizkiete; haserrea, ordea, ez. COVID-19arekin nazkatuta dagoela adierazi du batek, gaztaroa lapurtzen ari zaiela. Emakume bat entzun du irratian, gazteek maitasunari uko egin behar diotela esaten. «Niri ez didate bizitzeko gogoa kenduko».

Antzeko kexak zabaltzen ari dira munduan. Indiako hedabideek gazteen depresioa aipatu dute. Japonian, gazteek noiz arte eutsi beharko dioten galdetu du neska batek Nikkei Asia egunkarian. AEB eta Kanadan antzera dabiltza. Italian hitz hauekin deskribatu du egoera La Repubblica egunkariak: lagunik gabe, kirolik gabe eta lehen musurik gabe. Birusak moztutako nerabezaroa. Hedabideak Gianluca Daffi psikologoaren hitzak nabarmendu ditu web orrian: «Lehen musua lapurtzen ari gatzaizkie. Edo ez diegu esan musu hori azken musua zenik, batek jakin noiz arte».

Koronabirusak bete-betean jo gaitu. Gazteak ere bai, hildakoen artean apenas badaude ere. Krisiak ikuspegi desberdinak azaleratu ditu gazteen eta ez hain gazteen artean. Ika-mikak. Adin gerra piztu dela esan dute zenbait adituk —noiz ez da adin gerrarik izan?—. Pascal Chabot filosofo belgikarrak gatazka hori aipatu zuen udaberrian, birusa hedatzen hasia zela, La Libre Belgique egunkarian. Haren iritziz, zaharrek «mundu itoa» utzi diete gazteei, «kutsatua, nahiko gogorra». Orain gazteak kargu hartzen ari zaizkie helduei. Gazte dira gazte, eta ez daude konforme.

Bada belaunaldien arteko ituna eskatu duenik, ia ezinezkoa dena, nire ustez. Gehienez, belaunaldien arteko su-etenaren alde egingo nuke nik. Itun zibikoa edo. Baina hori ere... Sakrifikatzeko eskatzen diegu gazteei, baina nola egin pedagogia pontifikatu gabe? Bitartean, haiek kexu dira. Bizi egin nahi dute. Truman filmeko eszena batek gaztetako frenesi hori agertzen du. Ricardo Darín Amsterdamera joan da semea bisitatzera. Gaixo dago eta mutila agurtu nahi du hil aurretik. Semea ibaian, ontzi batean bizi dela ikusi du. Gazteak egun osoan «edaten eta larrutan egiten» ari direla esan du gizonak, irribarre nostalgikoz.

Gehiago nahi dute gazteek. Gehiago egin, gehiagorekin, gehiagotan —eta ez soilik euskararen arloan—. Oso egoista da amodioari muzin egiteko eskatzea 50, 60 edo 70 urte dituzunean, zeurea egin duzunean, etxean erretiratuta zaudenean, pantuflak jantzita. «Nik egin beharreko guztiak egin nituen; orain, izorra zaitezte!». Oso erraza da—eta ezjakina zaren seinale— gazteei pazientzia eskatzea. Noiz egon dira gaztaroa eta pazientzia lotuta? Oso inozoa da —edo maltzurra— garai hobeak etorriko direla eta bizitzeko aukerak izango dituztela esatea, nahiz ez dakizun garai horiek noiz etorriko diren. 16, 18 edo 20 urte behin baino ez dituzte izango, eta sasoi hori berehala joango zaie, ohartu gabe. Denbora hori ez da itzuliko. Horregatik, bizitza maite dute. Renaud-ek halaxe azaldu zion alaba txikiari Mistral gagnant kantan: «Bizitza maite behar da, nahiz denbora hiltzailea den etaumeen barreak eramaten dituen».

1977. urtean Euskal Hiztegi Modernoa kaleratu zuten Xabier Kintanak eta Joseba Tobarrek, garai haietan erreferentzia izan zena. Haiekin batera, Jon Aurre, Rikardo Badiola, Sabin Egileor, Juan Luis Goikoetxea, Juanjo Zearreta eta Koldo Zuazok jardun zuten lanean. Irudiak Antton Olariagak sortu zituen. Txotxoketan hitzari esanahi hau eman zioten: jodiendo, follando. Adibide bat jarri zuten ondoan: «Guk ere, gazteagoak ginenean, neguko gau luzeak txotxoketan ematen genituen; orain, berriz, zahartzaroan...».Neguko gau luzeak... eta udako gau laburrak. Horixe.

Neska mutilaren zain dago espaloian. Elkartu direnean musukoak erantzi dituzte une batez eta musu eman diote elkarri. Gero, berriz estali dute ahoa eta elkarrekin sartu dira autobusean. Goizeko zortziak dira, baina maitasunak ez du erlojurik. Bizitzaz gozatu nahi dute gazteek. Edonoiz. Edonon. Denborak haien barreak eraman baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.