EAEko Hezkuntza Legea. Hezkuntza akordioa (X). Agustin Eizagirre (Kristau Eskola)

«Publifikazioarena ez dago gure helburuen artean»

Eizagirrek esan du Kristau Eskolak legeak zehaztutako baldintzak beteko dituela finantzaketa publikoa jasotzeko, baina oinarrian dituen «balio humanistei» uko egin gabe.

IÑIGO URIZ / FOKU.
edurne begiristain
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ostegunean onartu zuen hezkuntza ituna «positiboa» eta «aurrerapausoa» dela uste du Kristau Eskolako zuzendariorde Agustin Eizagirrek (Donostia, 1960). Iritzi dio akordioak jasotzen duen laikotasun printzipioa uztargarria dela ikastetxe erlijiosoak mantentzearekin.

Zer iruditzen zaizue hezkuntza itunaren inguruko akordioa?

Positiboa da. Lege berrirako arau esparrua prestatzeak prozesu konplexu bat ekarriko du, euskal gizartearentzat izaera estrategikoa izango duena. Garrantzi handiko gai baten aurrean gaude, eta, prozesu horretan, hezkuntza eragileek batuta egin beharko dute. Legebiltzarrean adostasun zabala duen akordioa lortu da, eta aurrerapauso gisa ikusten dugu. Bat gatoz dokumentuak lehenesten dituen helburuekin: hala nola ikasleak ahalduntzearekin eta euskal hezkuntza sistemaren ekitatea, bikaintasuna eta gardentasuna bermatzearekin.

Itunpeko ikastetxeei baldintza batzuk jarriko dizkizuete finantzaketa publikoa jasotzeko. Bat zatozte?

Itunpeko sarea euskal hezkuntza sistemaren parte garrantzitsu bat da: ikasleen %47k itunpeko zerbitzu publikoaren aldeko hautua egiten dute. Familia askok gure ikastetxeen aldeko apustua egiten dute urtero-urtero, euren seme-alabak matrikulatzeko duten eskubidea baliatuta. Akordioak esaten du diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek baldintza batzuk bete beharko dituztela ekitatea, bikaintasuna eta gardentasuna bermatzeko. Gu horrekin bat gatoz, eta, beraz, ez da ezuste bat izan itunak hori jasotzea. Itunpeko ikastetxeek urteak daramatzate baldintza batzuk betetzen, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarraituko du. Ulertzen dugu administrazioak kontrol eta ebaluazio neurri berriak jarri beharko dituela abian, etaneurtu beharko duela helburuak betetzen ote diren, bai ikastetxe publikoetan zein itunpekoetan. Ezin da bestela izan. Hala ere, baldintza horiek oso modu orokorrean daude jasota, zehaztasuna falta dute.

Segregazioari aurre egiteko neurriek garrantzi handia dute akordioan, batez ere itunpekoari begira.

Segregazioaren arazoari gizarte bezala heldu behar diogu. Izan ere, tasa demografikoa behera doa, eta etorkinak edo kanpotik datorren jendea beharko dugu hemengo ongizate gizartea mantentzeko. Gizarte osoaren erronka behar du izan.

Kristau Eskolarena ere bai?

Hezkuntza alorrean, sistema inklusibo eta plural baten aldeko apustu garbia egin izan dugu beti; horren aldeko konpromiso irmoa dugu. Jabetzen gara gizartean desoreka eta desberdintasun ugari daudela, eta hezkuntza sistemak horiei aurre egin behar diela, baina baita beste esparru batzuetatikere. Guk urteak daramatzagu giza balioetan hezten. Hainbat ikastetxetan ikasle zaurgarri asko ditugu, eta horien behar akademiko eta pertsonalei egunero erantzuten diegu. Kristau Eskolaren konpromisoa eta esfortzua erabatekoa da, beraz.

Eragile batzuek itunpeko sarearen publifikazio prozesu baten alde egin dute. Kristau Eskolak halako gogoetarik egin du? Sarearen parte bat publifikatzeko prest zaudete?

Gaur egun ez dugu horrelakorik planteatzen. Gure asmoa da gure proiektu pedagogikoaren oinarriak mantentzen jarraitzea. Publifikazio prozesu hori ez dakit zein kasutan egin ahalko den, baina hori ez dago Kristau Eskolaren helburuen artean.

Jaiotze tasaren jaitsierarekin batera, ikasleen matrikulazioa ere behera doa. Zentroren bat ixtea aurreikusten duzue?

Guk ez dugu itxierarik aurreikusten. Aurrean daukagun erronka oso sakona da. Alde batetik, euskal gizarteak modu egokian aurre egin behar die hezkuntza sistemak dituen erronkei, eta baita aldakorra den mundu honi ere. Horri lotuta garatu behar da hezkuntza lege berri bat. Bestetik, testuingurua ere kontuan hartu behar dugu, egoera demografiko ahul bat dugulako. Aldagai horiek guztiak koktelera batean sartu eta bideratzea egokitzen zaigu.

Hezkuntza sistemaren laikotasuna aipatzen du akordioak. Laikotasuna bateragarria iruditzen zaizue ikastetxe erlijiosoak izatearekin?

Testuak argi dio lege organikoak ezarritako gutxienekoa izango dela ikastetxeek erlijio ikasgaiari eskaini diezaioketen gehienekoa. Hori da markoa, eta hor kokatzen da Kristau Eskola, inolako zalantzarik gabe. Hori hala izanda, gure gizarteak kultura eta erlijio asko ditu, eta Kristau Eskolak elkar ezagutza, solidaritatea, errespetua eta antzeko balio humanistak eskuratzeko hezkuntza eskaintzen du. Guk eskolaren baliohumanistak sendotzen jarraitu nahiko genuke.

Hizkuntzari dagokionez, akordioan helburu objektibo bat ezarri dute: derrigorrezko eskolak amaitzean ikasleek B2 maila eskuratzea euskaraz. Ados zaudete?

Dudarik gabe. Euskal hezkuntza sistema eraikitzeko eta integratzeko, euskalduntzea helburu gisa jarri beharra dago. Ahaztu gabe, noski, bi hizkuntza ofizialak ditugula, eta mundu global eta interkonektatu batean bizi garela. Hori horrela izanda, euskara ardatz duen eredu eleaniztun baten aldeko apustua egin izana oso egoki ikusten dugu. Hala ere, gure erkidegoan egoera soziolinguistiko ezberdinak daude, eta ezin dugu inor atzean utzi. Gakoaizango da nola txertatu egoera soziolinguistiko ezberdin horiek ikasleek B2 maila lortzearekin.

Hortaz, egoki ikusten duzue ikastetxe bakoitzak hizkuntza egitasmo propioa izatea.

Zalantzarik gabe. Erkidegoan daukagun errealitate soziolinguistikoa oso plurala da, eta saiatu behar dugu denei erantzun bat ematen jakinda helburua zein den. Eta helburua da bi hizkuntza ofizialetan maila lortzea.

Itun honek bultzatuko zaituzte Kristau Eskolako ikastetxeetan euskararen presentzia handiagoa izatera?

Kristau Eskolan B eredua da nagusi, baina tokien arabera aldatzen da ereduen hautua. Gure sarean 2.729 gela ditugu derrigorrezko hezkuntzan, eta gela guztien %2,5 dira A eredukoak. Gipuzkoan, adibidez, ez dago A ereduko gelarik derrigorrezko hezkuntzan. Hala ere, guk ezin dugu ulertu euskal hezkuntza sistema bat euskara eta euskal kultura ez baldin badaude bere muinean. Ikusi beharko dugu zer pauso eman helburu horretara iristeko.

Haurreskolak partzuergoa indartuko da. Horrek eraginik izango du Kristau Eskoletako 0-2 zikloan?

Haurreskolen etorkizuna nola gauzatuko den ez dago erabat zehaztuta akordioan.

Irakasleen kontratazioari dagokionez, prozesuak gardena eta demokratikoa izan behar duela dio itunak.

Gardena eta demokratikoa zer den zehaztu beharko da. Ikusi beharko dugu zer baldintza jartzen dizkiguten.

Asteartean: Lurdes Imaz (EHIGE).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.