Buru osasuna pandemian. Iraide Fontaneda. Haur eta nerabeen psikologoa

«Haurrei eragin egingo die, baina baliabideak bilatu behar ditugu»

Haurren beharrizanak ez dira kontuan hartu segurtasun neurriak ezartzean, Fontanedaren ustez; nabarmendu du, besteak beste, umeek kirola behar dutela pandemiak eragindako urduritasunari aurre egiteko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Haur eta nerabeen psikologian aditua da Iraide Fontaneda (Gasteiz, 1983), eta horrexegatik deritzo garrantzitsu pandemiak ekarritako neurri murriztaileek haiengan duten eraginaz hitz egiteari. Baina «alarmismoan» erori gabe. Izan ere, haren ustez, «izenburu beldurgarrien» garaian, hobe da orainean pentsatzea eta norbere sentimenduak lantzeko «espazio seguruak» sortzea, oraindik ikusteko dauden ondorioak aztertzea baino. Horregatik, eta gizartearen antolakuntzan eta erresilientzian konfiantza duelako, gizartea egoerari aurre egiteko gai izango dela uste du.

Konfinamenduak eta segurtasun neurriek asko murriztu dutebizitza soziala. Nola eragin die horrek haurrei?

Nire ustez, oso agerikoa den kontu bat da kirol jarduerena. Argi dago helduontzat espazio bat egon behar dela kirola egiteko, eta kiroldegiak irekita daude horregatik; gauzak itsusi jarri direnean, ordea, ehen neurrietako bat izan da eskola kirola kentzea. Eta horrek zuzeneko eragina du umeengan. Txorakeria bat balitz bezala kendu dute, baina ume gehienentzat oso garrantzitsua da astero kirola egitea. Nik uste dut gaur egun atentzio handia jartzen diogula, edo lehen baino gehiago gutxienez, umeen ongizateari. Neurriak, ordea, ez dira bat etorri. Bizi garen gizartean, helduak gara zentroa, eta neurriak hartzean argi ikusi da umeen ongizatea ez dutela kontuan hartu.

Zergatik diozu haurrak ez dituztela kontuan hartu?

Umeek ez dute manifestazio bat egingo; neurriak ezartzen dizkiete, eta kito. Garrantzitsua dela neurriak hartzea eta kirola kontrolatzea? Ados, egin dezagun hori. Baina guztiz debekatzea eta ezer ez egiten uztea gehiegi da. Kontsultan, izan ditugu haur batzuk lo hartzeko arazoekin, antsietatearekin —ez helduona bezalakoa, baina antsietatea azken finean—, larritasun edo tentsio gehiagorekin. Umeek kirola behar dute; normalizatuek, asko, baina behar bereziak dituzten edo arrisku egoeran daudenek ere bai: kirola oso espazio onuragarria zen haientzat, eta pentsatu gabe kendu diete.

Hasieran, gainera, handia izan zen aldaketa: parkeak itxi zituzten, haurrak kalera ateratzen azkenak izan ziren. Irailean bidaltzen zizkieten mezuak ziren «heroiak zarete», «zuek duzue ardura hau ondo atera dadin» eta antzekoak; umeak zentroan zeuden denbora guztian, baina txarrerako. Bazirudien haurrak zirela gaizkiaren eroaleak. Uste dut asko hitz egin izan dela umeez eta haien ongizateaz, baina neurriak hartzean kontuan hartu gabe.

Beren garapenean kaltea izan dezakete neurrion ondorioz?

Tira, ez dut mezu alarmistarik zabaldu nahi, nahiko nekatuta nabil-eta beldurra pizten duten goiburuekin. Oraindik ez dakigu. Gurasoek umeak eskolara bidali behar dituzte, baina gero gaizki sentitu behar dute honek ondorio oso larriak izango dituela uste dutelako? Nik uste dut familia bakoitzaren araberakoa dela. Esango nuke ume batzuek ez dituztela sekulako arazoak izango garapenean, baldin eta familian gaia ondo landu badute. Umeek segurtasuna behar dute, beren ongizate psikologikorako seguru eta babestuta sentitzea. Bizi dugun egoerak ezjakintasun handia dakar, helduok ere ez dakigu zer gertatuko den hemendik bi astera, eta, hori umeei transmititzen badiegu, karga emozional handia izango dute; eta gerta daiteke horrek haurraren garapenean eragina izatea.

Alarmak pizteko asmorik gabe, baina psikikoki eta fisikoki eragin diezaieke egoera honek?

Ondorioak egon daitezkeela? Noski. Eta haurrentzat hobea dela korrika egitea kalean eta beste ume batzuekin egotea parkeetan? Ziur. Baina pandemia betean gaude. Nahiz eta jakin eragina izango duela, nik nahiago dut pentsatu zer baliabide bilatu behar ditugun zoramen honetan, haiek sentitzeko ez daudela bakartuta, eta espazioa izateko, euren beharrez hitz egiteko.

Nire ustez, pandemia honek agerian utzi du buruko osasunaren garrantzia, baita zein baliabide publiko gutxi dauden ere. Eta hori aldatu egin behar da: ez krisialdi honengatik, baina krisialdi honen harira are gehiago. Dauden baliabide eskasak gainezka daude, itxaron zerrenda luzeekin, eta ez dago beste aukerarik. Ez badira itxaron zerrendetan sartzen, askok ez dute beste baliabiderik eskura. Gainera, gizarte osoaren ongizaterako izango da: umeentzat, helduentzat eta guztiontzat.

Gizartean baliabideak egon badaudela aipatu duzu. Zer baliabide?

Familia askok galdetuko dute ea nola transmitituko duten segurtasuna beraiek ere izututa badaude. Baina, alde batetik, nik uste dut hori dela baliabideetako bat: segurtasuna helaraztea eta saiatzea egoera baikor hartzen umeei begira. Eta ezin badute, oso izututa daudelako edo egoera txarrean daudelako, laguntza eska dezatela; psikologiaren arloan edo beste nonbait. Ez dezatela pentsa aurrera egin behar dutela bai ala bai: laguntza eska dezatela, horretarako daude-eta baliabideak.

Eta, aldi berean, oso garrantzitsua da erakundeek espazioak sortzea, jendeak aukera izan dezan gauza hauei buruz hitz egiteko eta sentitzen duena adierazteko. Guraso taldeak sor daitezke beren kezkez eta zalantzez hitz egiteko. Konturatzea da kontua: gertatzen ari denak sortzen duen tentsio guztiari espazio bat eman behar zaio. Eta instituzioek ere espazioak sortu behar dituzte.

Eta hirugarren baliabidea, nire ustez, eskolak izan behar du. Arlo akademikoa hirugarren planora pasatu behar da, eta eskolak koltxoi bat izan behar du, umeek gertatzen ari denaz hitz egin dezaten. Nire ustez, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen ari gara eskoletan, baina neurri zorrotzak ezarriz. Ordea, gertatzen ari da zerbait: hitz egin dezagun horretaz.

Hain zuzen ere, zenbait guraso bildu egin dira ikastetxeetan haurrek ahalik eta denbora gehien aire zabalean pasa dezaten eskatzeko. Eskaera horiek eraginkorrak direla iruditzen zaizu?

Bai, zalantzarik gabe. Hori da umeak babestea, eta gurasoak elkartzea eta gauzak aldarrikatzea. Presioa egiten badute, lor dezakete, presio sozialak beti baitauka eragina. Halere, nik uste dut eskaerak egin behar direla, baina izuaren menpe izan gabe: gauza garrantzitsuak azpimarratu eta eskatu, lasaitasunez eta segurtasunez. Izan ere, estatuak biktimizatuta nahi gaitu, eta gu batzuetan biktimizazio horretan erortzen gara. Atera gaitezen hortik, pentsa dezagun zer baliabide ditugun komunitatean, gizartean, honi aurre egiteko. Baldin baditugu aukerak, bizirik iraungo dugu, fisikoki eta psikologikoki. Izan dezagun konfiantza pixka bat erresilientzia kolektiboan, ez baikara txotxongiloak; espazioak bilatu behar ditugu, eraiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.