Euskararen aurkako epaiak

Udalek EAEn euskara sustatzeko araudia berriz kimatu dute

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak beste epai bat eman du PPren eskeak aintzat hartuta, aurrez Voxenekin egin zuen eran. «Simetria» da argudioa

UEMAko ordezkariak oldarraldiaren aurkako agerraldi batean, uztailean, Usurbilen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Arantxa Iraola
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiak beste epai bat eman berri du udal administrazioek beren jardunean euskara lehenestearen kaltetan. PPk jarritako helegite bati erantzun dio, eta EAEko udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau baliogabetu ditu. Agiriak euskara hutsean sortzea ahalbidetzen zuten arau horiek, betiere euskaraz ez dakienari gaztelaniara itzulitako dokumentazioa emanez. Epaian azpimarratu dute, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela, eta biei toki bera eman behar zaiela: «Ezin da egon bat bestearen gainetik. Bi hizkuntzak ofizialki berdinak dira, eta ezin da bietako bat lehenetsi». Gainera, jartzen du Espainiako Konstituzioak ez duela «agintzen» gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat jakitea.

Ikusi gehiago:«Ez dugu ezer aldatuko»

Zehazki, 18.1, 18.2 eta 33. 5 dekretuaren artikuluetan eragiten du epai honek. 18.1 artikuluan jartzen du euskaraz idatzi ahal izango direla udalen deialdi, eguneko gai zerrenda, mozio, boto partikular, akordio proposamen, batzorde informatiboen irizpen, akordio, tokiko organoen akta eta gainerako udal dokumentazioak, udal bakoitzak onartua duen hizkuntza irizpidearen arabera. Artikuluak eransten du ezen, erabiltzen den hizkuntzak udal horretako kideren baten «eskubideari» kalte egiten badio, erabili den hizkuntza ez jakitea alegatu ahal izango duela, eta hizkuntza ofizialera itzuli beharko zaiola orduan dokumentazioa. Sententziak, ordea, arauaren zati hau ezabatu egin du orain: «Erabili den hizkuntza ez jakitea alegatu ahal izango luke».

Ikusi gehiago:Eudelek dio udal legearen epaia «toki autonomiaren aurkakoa» dela

Horrenbestez, herritarrak ez duenez propio eskatu beharko gaztelaniazko agiririk, dokumentuek elebidunak izan beharko dutela ondorioztatzen da. Udan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebazpen bat eman zuen udal legearen kontra. Euskara hutsean jarduteko era eragotzi zuen, irizpide berari segituta.

18.2 artikulua ere baliogabetu egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak. Horra zer den: «Udaleko barne dokumentazioa hizkuntza ofizialetako batean sortuko da, euskaraz edo gaztelaniaz, hargatik eragotzi gabe interesatuentzako komunikazio eta jakinarazpenei dagozkien irizpide linguistikoak aplikatzea». 33.5 artikulua da bertan behera utzi duen hirugarrena. Hauxe: «Komunikazio dibulgatiboetan edo informatiboetan erabiliko den hizkuntza erabakiko da aintzat hartuaz bi hizkuntza ofizialei buruz jasotzaileek duten ezagutza». EAEko Auzitegi Nagusiak uste du komunikazio horiek garrantzia dutela, herriko lan, kirol eta kultura jarduerek eta bestelako interes orokorreko jarduerek eragina dutelako herritarrengan. Horrenbestez, epaiaren mezua hara: «Elebidunak izan behar dute».

Epaiaren arabera, bi hizkuntza ofizial daudenean haien arteko «oreka» ez apurtzea da kontua. «Bat ezin da gailendu bestearen gainetik». Horren gaineko irizpide juridikoak jaso ditu, jurisprudentzia, eta, hori oinarri hartuta, adierazi du ezin dela inoiz egin «hizkuntza bakar bat» hitz egiten dutenak «baztertzera».

Ez da irmoa

Artikulu gehiago baliogabetzeko eskeak ere eginak zituen PPk, baina horiek ez dira aintzat hartu. Epaia ez da irmoa, eta 30 eguneko epea dago helegitea jartzeko. Euskalgintzak «oldarraldi judizial» deitu duenaren soka luzatu du epaiak. Iragan hilabeteetan ebazpen asko eman dira funtzio publikorako ezarritako hizkuntza eskakizunen eta administrazioan euskara lehenestea ekar dezaketen neurrien kontra. Hori salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, manifestazioa izango da azaroaren 4an, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.