AEB. Kongresurako hauteskundeak

Erresistentziaren porrota

Demokratak espero baino hobeto aritu dira, baina zail dute Kongresuaren kontrolari eustea. Errepublikanoek gertu dute Ordezkarien Ganberako gehiengoa; Senatukoa erabakitzeko dago

Erresistentziaren porrota.
ander perez zala
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Aurtengo agintaldi erdiko hauteskundeek aspaldidaniko garrantzirik handiena dute AEB Ameriketako Estatu Batuetan, herrialdea erabat polarizatuta dagoen honetan bi errealitate neurtzekotan baitira: batetik, Joe Biden presidentearen eta haren neurrien ospea, eta, bestetik, Donald Trump estatuburu ohiaren eta haren aldekoen indarra. Hori kontuan harturik, bozek balioko dute Bidenen agintaldiaren bigarren zatia zailtzeko eta Trumpen itzuleraren oinarriak finkatzeko, eta, behin-behineko emaitzen arabera, badirudi bi gertakari horiek baieztatu egingo direla, hein batean bada ere.

Ikusi gehiago:Analisia: Trumpismoa galtzaile

Hala ere, hauteskunde gaua ez da errepublikanoek espero bezala iragan, ez baitirudi aurreikusitako garaipen lasai eta handia lortuko dutenik, lehen zantzuen eta analisien arabera. Ordezkarien Ganberan aurretik doaz, eta dena aldeko dute gehiengo osoa lortzeko, nahiz eta ziurtzat zeuzkaten lehiatako batzuk ez dituzten irabazi, eta, beraz, aurreikusi baino alde txikiagoa aterako dieten demokratei; Senatuan, berriz, Alderdi Demokrata espero baino hobeto ari da, eta eserlekuen gehiengo osoa biltzea ez zaio ezinezko bilakatu, nahiz eta oraindik goizegi den behin betiko emaitza ziurtatzeko.

Joe Biden AEBetako presidenteak ontzat jo zituen Alderdi Demokratak lortu zituen emaitzak, nahiz eta zenbait «galera garrantzitsu» izan zituela aitortu. «Herritarrek mezu argia eman dute: frustratuta daude. Ulertu dut», adierazi zuen, bere gobernua egoera ekonomikoa hobetzeko hartzen ari den neurriak zerrendatu aurretik. «Hasi besterik ez gara egin». Agindu zuen 2023aren hasieran nabarituko direla politika horien emaitzak.

Kevin McCarthy errepublikanoen Ordezkarien Ganberako buruzagia ez zen mintzatu goi ganberako emaitzez, baina behe ganberakoez esan zuen «gehiengoan» izango direla, eta «demokratak eta Nancy Pelosi [ganbera horretako presidentea] gutxiengoan» geratuko direla. Alderdi Errepublikanoak gehiengoa lortzen badu, Pelosiren tokia hartzeko hautagai izango dela iragarri zuen McCarthyk.

Donald Trump AEBetako presidente ohiak sare sozialen bidez zabaldu duen mezuan adierazi du errepublikanoen emaitzak «etsigarriak» izan direla «neurri batean», ez dituztelako hasierako espektatibak bete, baina segidan gehitu du, bere «ikuspuntu pertsonalaren» arabera, arrakasta izan direla.

Herritarrak Ordezkarien Ganberako 435 aulkiak eta Senatuaren herena berritzeko joan dira botoa ematera, eta, inkesten arabera, ekonomiaren egoera izan dute kezka nagusi; inflazioa batez ere, azken 40 urteetako handiena baita —%8,2—. Hori bai, 2020ko presidentetzarako bozen esperientzia kontuan harturik, horietako askok esan dute demokraziaren egoera ere badela beren lehentasunetako bat, AEBetako presidenteak ohartarazi bezala; badirudi mezu horrek zenbait boto emaile erakarri dituela.

Hain justu, 345 hautagai Bidenen duela bi urteko garaipena onartzen ez dituzten trumpzaleak dira, eta horietatik 200 baino gehiago erabakiguneetan egongo dira. Horren inguruan bada kezka bat ere: lehia estuko barrutietan galtzaile errepublikanoek ez dituztela emaitzak onartuko, are gehiago kontuan harturik zenbait estatutan egunak edo asteak beharko dituztela behin betiko datuak emateko.

Lau estaturen zain

Batez ere Senatuaren kasua da hori. Arizonan eta Nevadan, esaterako, egunak beharko dituzte —botoen %66 eta %77 zenbatu dituzte, hurrenez hurren—, eta itxaropena horietan jarria dute demokratek —batez ere posta bidezko botoetan—, nahiz eta Nevadan duten hautagaia euskal jatorriko Adam Laxalt errepublikanoaren atzetik doan.

Georgiaren kasuan, bigarren itzulian erabakiko dute; bi alderdi nagusietako hautagaietako batek ere ez baitu lortu botoen %50 biltzea, 2020an gertatu bezala. Hortaz, baliteke asteak behar izatea argitzeko nork duen kontrola behe ganberan. Abenduaren 6an egingo dute bigarren bozketa estatu horretan.

Alaskakoa da Senaturako erabakitzeke dagoen beste ordezkaria, eta soilik botoen %74 zenbatu dituzten arren, argia da errepublikanoen nagusitasuna, alderdi horretako bi hautagairen artean baitago lehia.

Historikoki, agintaldi erdiko hauteskundeak txarrak izaten dira presidente karguan dagoen alderdiarentzat, Kongresuko bi ganberetako baten kontrola galtzen baitu gutxienez. Badirudi joera hori bere horretan mantenduko dela aurten ere, baina, aldi berean, badirudi Alderdi Demokratak agintaldi erdiko bozik baikorrenak izango dituela babesen ikuspuntutik —2002tik hona izan den emaitzarik hoberena agintean dagoen alderdiarentzat—.

Besteak beste, behin-behineko emaitzek iradokitzen dute Bidenen alderdiak espero baino boto emaile gehiago erakarri dituela, eta gehiengo kontserbadorea duen Auzitegi Gorenak uda hasieran abortatzeko eskubideari emandako kolpeak —abortatzeko eskubide konstituzionalean atzera egin zuen milaka herritar mobilizatzeko balio izan duela.

Gainera, hautagai errepublikanoen soslaiek —ohi baino muturrekoagoak eta ez hain sendoak— ere kalte egin diete arrakastarako aukerei, batez ere Senaturako hauteskundetan baitute garrantzi handia aurkezten direnen profilek. Horietako asko esperientzia politiko gutxikoak dira, eta badirudi hori guztia ere erabakigarria izan dela milaka herritarrentzat.

Horri lotuta, Trumpek hauteskunde kanpainan izandako protagonismoak —iradoki du datorren asteartean iragarriko duela 2024ko presidentetzarako bozetarako hautagaitza— ez dio mesede egin Alderdi Errepublikanoari, presidente ohiak babestu dituen hautagaietako askok ez baitute irabazi, edo galtzear baitira; besteak beste, Trumpek hilabeteotan izan dituen eskandaluengatik eta haren aurkako ikerketengatik.

DeSantisen erronka

Gainera, Ron DeSantis errepublikanoak Florida estatuko gobernadore izateko hauteskundeak berriz ere irabazi izana albiste txarra da Trumpentzat eta haren aldekoentzat, lehiakide bat izan baitaiteke Alderdi Errepublikanoaren 2024ko bozetarako presidentegaia hautatzean. DeSantis aukera horretaz aritu zen atzo, zeharka bada ere: «Mapa politikoa berriz idatzi dut. Borrokan hasi baino ez naiz egin».

Demokraten kasuan, baliteke aurreikusi baino emaitza hobeak lortu izanak Biden konbentzitzea bi urte barru berriz aurkezteko estatuburutzarako hauteskundeetara. Haren adina ere kontuan hartzeko aldagaia izango da: 82 urte betetzear egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.