'Brexit'-a. Trantsizio epea

Aldaketarik ez egunerokoan

Erresuma Batua Europako Batasunetik irten da, eta trantsizio fasea hasi da orain. Londresek Bruselako erakundeak utzi ditu, baina legediak bere horretan jarraituko du, gutxienez 2021 arte

Brexit-aren jarraitzaile bat Londresko parlamentuaren parean, atzo, Europako Batasunari «agur» esaten. ANDY RAIN / EFE.
Paulo Ostolaza - Iker Aranburu
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Erreferendum bidez EB Europako Batasuna uztea erabaki eta hiru urte eta erdira, atera da Erresuma Batua Europako instituzioetatik. Londresek 47 urte egin ditu batasunean, eta, hamar hilabete eta hiru luzapen tarteko—2019ko martxoaren 29an irtetekoa zen hasieran—, iritsi da brexit-a. Prozesua ez da bukatu, ordea; are gehiago, hasi besterik ez da egin. Fase berri bat hasi da gaur, baina ez herritarrek ez enpresek ez dute aldaketa nabarmenik nabarituko euren egunerokoan; trantsizio prozesua amaitzean helduko da hori. Hori bai: Erresuma Batuak jada utzi dio Europako Batasuneko erakundeetako kide izateari, eta hemendik aurrera ez du ahotsik izango Bruselan.

Printzipioz, 11 hilabete iraungo ditu trantsizio epeak, 2020ko abenduaren 31ra arte. Data hori, ordea, luzagarria da, baina hainbat baldintzarekin: behin soilik luza daiteke, gehienez 2022ko abendura arte, eta, hala egin nahi izanez gero, aurtengo uztailaren 1a baino lehen erabaki beharko dute bi aldeek. Hori gutxi balitz, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak legez oztopatu nahi du luzapena.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen ustez, ordea, ezinezkoa da 11 hilabetean akordio komertzial bat adostea. Atzo, Europako Batasuneko hiru erakunde nagusietako presidenteek —Europako Batzordea, parlamentua eta kontseilua— gutun bateratu bat argitaratu zuten Erresuma Batua agurtzeko. Azaldu zuten negoziatu beharko duten akordio komertziala «anbizio handikoa» izatea nahi dutela, baina abisua eman zioten Londresi: «Erabaki guztiek dituzte ondorioak, eta, europarrei mugimendu askatasuna bermatzen ez bazaie, Erresuma Batua ez da baliatuko merkatu bakarraren abantailez». Aurreikuspenen arabera, martxoaren 1etik aurrera hasiko da bi aldeen arteko negoziazioa.

Europako Batasunak lehen aldiz galduko du kide bat, eta oraindik kontu asko dago argitzeke brexit-ak benetako eragina izan aurretik.

ORAIN ZER GERTATUKO DEN

Praktikan, herritarrek ez dute aldaketarik sumatuko: trantsizio epeak irauten duen bitartean, Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremanak bere horretan jarraituko du. Trantsizio epea amaitzean igarriko dituzte benetako aldaketak; ikusteko dago itun komertzial batekin edo gabe.

EB-KO ATZERRITARRAK

Erresuma Batuan 27 estatu kideetako 3,2 milioi pertsona bizi dira. Aurrerantzean izango duten estatusa herrialdean daramatzaten urte kopuruak finkatuko du: Erresuma Batuan bizitzen bost urte baino gehiago daramatzatenek egoiliar estatusa izango dute, eta gutxiago daramatenek, berriz, aurre-egoiliar estatusa. EBko gainontzeko herrialdeetatik joandako 2,45 milioi lagunek jaso dute bi estatusetako bat dagoeneko. Trantsizio epea amaitzean, bi estatusetako bat duten pertsonek bizi diren lurraldean dituzten eskubideak mantenduko dituzte, hil bitartean.

AURRERANTZEAN

Erresuma Batura trantsizio epea amaitu baino lehen lekualdatzen direnek orain arteko baldintza berdinak izango dituzte. Londresek aurten zehaztuko ditu 2021etik aurrera bertan bizi nahi duten europarrei ezarriko dizkien baldintza berriak.

EUROPAKO BRITAINIARRAK

Erresuma Batuko 800.000 pertsona inguru bizi dira EBn. Horiek ere trantsizio epea amaitutakoan bermatuta izango dituzte egoiliarren eskubideak, eta EBko edozein herritar bezala mugitu ahalko dira 27 herrialdeetan.

IPAR IRLANDAKO AFERA

Bi aldeen artean gatazka gehien sortu duen gaia, ziurrenik, Ipar Irlandakoa izan da. Azkenean, tarteko konponbide bat adostu dute, eta egoera berezi bat izango du: trantsizio epea amaitu ondorengo lau urteetan EBko merkatu bakarra eta bertako legeak mantenduko dira han, muga fisiko bat saihesteko. Ondorioz, Ipar Irlandak EBren merkatu bakarreko arau batzuk errespetatu beharko ditu, eta Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean kontrolak egongo dira ondasunak pasatzeko orduan. Lau urteak igarotakoan, berriz, Ipar Irlandako Legebiltzarrak erabakiko du Europako arauak betetzen jarraitu ala mugak ezarri; mugak ezartzea, ordea, kaltegarria izan liteke bake prozesuarentzat eta Ostiral Santuko Akordioentzat, eta indarra hartzen ari da Irlanda bateratzeko eskaria. Sinn Feinek jada eskatu du erreferendum bat egiteko datozen urteetan.

MERKATARITZA ITUNA

Erresuma Batuak oraindik ez du erabaki zer-nolako harreman komertziala izan nahi duen etorkizunean EBrekin. Ekonomia funtsezko gaia da britainiarrarentzat, eta neurri txikiagoan EBrentzat ere bai, hura halako zazpi delako. Johnsonek datorren astean zehaztu nahi du zer helburu duen, eta espero da EBk Kanadarekin duen merkataritza itun baten antzekoa proposatzea. Haren bitartez, produktuen %98k ez dute muga zergarik ordaindu beharalde batetik bestera sartzean. Brusela prest legoke, bere esportatzaileei komeni zaielako gaur egungo harreman sakonari eustea. Baina Johnsonen asmoetan bada EBk gogoko ez duen zerbait: araudi eta estandar propioak garatu nahi ditu. Hau da, produktu batek zer baldintza bete behar dituen Erresuma Batuan sartzeko. Argi gorria piztu du horrek Bruselan, uste baitu Londresen asmoa dela arau bigunak jartzea —besteak beste, osasun, ingurumen, zerga eta langileen eskubideetan—, merkeago ekoitzi eta EBri lehia egiteko. EBk ohar bat egin dio: gero eta urrutiago badago haren arauak betetzetik, gero eta sarbide txikiagoa izango du merkatu bakarrera.

ARRANTZA

Bruselak berehala lotu nahi du arrantzaren gaia. EBko arrantzaleentzat premiazkoa da Ingalaterrako eta Eskoziako kala emankorretan arrantzatzen jarraitzea, eta Bruselak oraingo egoerari eusteko baldintza jarriko dio Johnsoni merkataritza ituna nahi badu. Baina bere uren gaineko kontrola berreskuratzea eta europarrei atea ixtea izan da brexit-aren aldekoek gehien errepikatu dituzten leloetako bat. Merkataritza eta arrantza lotuak badaude, nori egingo dio traizio Johnsonek? Ahalik eta muga txikienak nahi dituen industriari, ala muga handi bat nahi duten arrantzale brexitzaleei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.