Zilarrezko ahizpatasunak

Silver Sisters mugimenduak milaka jarraitzaile lortu ditu sare sozialetan. Emakumez osatutako komunitate bat da, ilea zuritzen uztea aldarrikatzen duena, edertasun ereduak borrokatzen dituena, eta sororitatea, autoestimua eta ahalduntzea sustatzen dituena. Hautu hori egin dutenek berretsi egin dituzte onurak.

TXAKUR GORRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Uzteak izaten du jasotze bat. Eta sustraiak ere bai loratze bat.Urdina, zuria eta grisa, ez dira koloreak bakarrik. Eta zilarra ere ez metala bakarrik. Izan litezke aldarte mototsak, ausardia matazak eta harreman txirikordak. Ahaldundu dezake ileak ere. Hori da Silver Sisters (Zilarrezko Ahizpak) mugimenduaren funtsa.

Ilea tindatzeari buruzko lehen erreferentziak Egipto, Grezia eta Erroma garaikoak dira, eta ilea tindatzen uzteari buruzko azkenak Instagram eta Facebook garaikoak. Tartean joan dira —eta badatoz— modak eta «edertasun arau inposatuak», eta «hegemonikoak». Horiek dira Cristina Rodriguezek euren jardunaren berri ematean darabiltzan hitzak. Silver Sisters MX mugimenduaren sortzailea da Rodriguez —200.000 jarraitzaile dituzte Facebooken, eta 10.000 Instagramen—. «2020ko otsailean sortu zen Silver Sisters MX. Ahalduntzeko espazio seguru bat da, aurreiritzirik gabea, komunitatea sortu nahi duena, emakumezkoek euren ile zuria onartzeko prozesuan lagungarria dena, eta Latinoamerikan horren presente dauden edertasun estereotipoen, adinaren tabuaren eta 'zer esango dute' horren kontra borrokatzen dena», aldarrikatu du Rodriguezek.

AEBetan du mugimenduak sorburua: Going Gray, Looking Great! liburuaren egile Diana Lewis Jewellek antolatutako Cafe Gray izeneko juntadizoetan. 20 urte geroago, sare sozialetara egin zuen mugimenduak jauzi #silversistershashtag-aren bidez, eta Silver Sisters International kontua sortuta (gaur egun etenda dago kontu hori). «2019an hasi nuen nik nire trantsizioa, eta orduan deskubritu nituen kontu horiek. Ulertu nuen nik ere egin beharra neukala publiko, ahalik eta jende gehienarengana iristeko, eta Silver Sisters Mexiko sortu nuen». Argentinara, Brasilera... ere hedatu da handik. Kanadan, Indian, Israelen, Frantzian, Belgikan, Herbehereetan, Luxemburgon, Txekiar Errepublikan... ere hartu du indarra mugimenduak.

«Komunitatearen eta sororitatearen garrantzia» nabarmendu du Rodriguezek: «Ile zuria uztea ez da bakarrik bere kolore naturala har dezan uztea. Bada ikasketa prozesu bat, eta norbera onartze bat ere. Ile zuri bakoitza, autoestimu garaipen bat da».

Garbi utzi nahi du Rodriguezek, hori bai, haiek ez daudela tindatzearen «kontra», ile zuridun emakumeari «aukera berri bat» ematearen «alde» baizik: «Ez ditugu ilea tindatzen duten emakumeak ez epaitzen, ez zigortzen».

Pandemiaren «bultzada»

Lehendik zetorren mugimendua indarrez, baina pandemiak eta itxialdiek are gehiago indartu dutela uste du Rodriguezek. «Bultzada eta onarpena eman diote. Jendea bakartuta egon da, itxita, ile apaindegira joan ezinda, eta euren ile naturalarekin egin dute topo, eta ikusi dute ederra dela. Itxialditik irtendakoan, jada Silver Sisters komunitateko kide ziren horietatik asko, eta euren trantsizioarekin jarraitu dute».

Ilea, eta harekin norberak duen harremana. Askorako ematen duen gaia da. Miriam del Pinok badaki. Antropologo feminista eta ikerlaria baita, eta estetizista izandakoa ere bai. Genero ikuspegitik ikertzen du ilearen gaia, eta ondorioak argiak dira: «Gure gizartean eraikitako presio soziala eta edertasun estandarrak emakumeen gorputzarekin eta gorputzean bizi ditugu. Aspalditik esaten du Mari Luz Esteban antropologoak arlo soziala gorputzean txertatzen dela. Ilearen kasuan, besteak beste, identitateak (ber)eraikitzen ditu».

Eta identitatearen arlo horretan kokatu du Del Pinok Silver Sisters mugimendua, baina harago doa: «Gure estatusaz, klase sozialaz eta ekonomikoaz ere hitz egiten digu ileak. Ilea zaintzeko denbora eta dirua behar ditugu. Denbora: tindagaia botatzeko, edo ilea mozteko edo orrazteko. Dirua: ile apaindegira joateko edo gure etxeetan kosmetika produktuekin moldatzeko».

Baina badira aldagai gehiago: «Ileak, genero rolekin lotura estua izateaz gain, esanahi sinboliko ugari ditu bizi garen kulturan. Ilea eramateko moduak —naturala, tindatua, moztua, zaindua edo orraztua— esanahiak eraikitzen ditu, eta ezberdintzen gaituzten adierazpideak sortu; kasu zehatz honetan, ile urdindua duten emakumeen eta ile tindatua duten emakumeen artean».

Borrokak daude, eta testuinguruak ere bai. Del Pinok dio Silver Sisters mugimenduarena Mendebaldeko emakumezko zurien borroka dela. «Kolonbian eta AEBetan, aldiz, emakume beltzen artean, ile txarra (ile afro naturala) edo ile ona (ilea kimikoekin edo leuntzeko produktu naturalekin nahastuta) izateaz eztabaidatzen dute. Emakume horiek guztiek beren ileak edertzat eta urratzailetzat hartzen saiatzen dira. Testuinguru patriarkal, arrazista eta kolonial batean jaio eta gizarteratu gara, eta gure gorputzak gure inguruneak moldatzen ditu».

Mahai gainera ekarri dituenengatik aitortzen dio bere balioa Del Pinok Silver Sisters mugimenduari. Horrelako mugimendu eta kolektiboek «elkarrekin borrokatzearen alde» egiten dutelako, «beste edertasun estandar batzuk» lortzeko: «Horri esker, gero eta gehiago jabetzen gara bizi ditugun genero kortseez. Funtsezkoa da gorputz femenino edo ez-bitar gisa jasaten ditugun zapalkuntzak identifikatzea, edertasunaren idealak eta horien ondorioak birformulatzeko eta berreraikitzeko».

«Adi» egoteko deia

Dena dela, mugimendu horren inguruan sortutako merkatu eta gomendioen sareez ere ohartarazi du Del Pinok: «Beldur naiz ilerik grisarena ere ez ote den moda bat bihurtu. Adi egon behar dugu, ez ditzan zapaldu bertan sartu nahi ez dutenak. Hau da, ile urdindua eramatea ez dadin bihurtu aurretik egon diren edertasun ereduak bezain zapaltzailea». Del Pinok dio «kontuz» ibili behar dela horrekin: «Interneten sartu eta ile grisaren inguruan kosmetika merkatu berri bat sortu delako, eta mugimenduko kide asko babesa eta aholkuak merkaturatzen ari direlako, enpresen bidez, edo influencer gisa».

Eta merkatu bat egon badago. Ile zuriarentzako xanpuak, maskarak eta aparrak daude. Ilea zuritzen uztea baita bata, eta hura zaintzea, bestea. Aroa Arriet Andoaingo (Gipuzkoa) Adats ile apaindegiko arduraduna da: «Ile zuria polit eramateko zaindu egin behar da. Eguzkiarekin oxidatu egiten da, izerdi edo PH jakin batzuekin horitu egiten da, igerilekuetan-eta hondatu egiten da... Ile zuriaren ardatza da xanpu berezi bat erabiltzea, eta maskara berezi bat. Bi horiek mantenduz, oso ondo gelditzen da ilea».

Sumatu dute ilea zuritzen uzteko «joera hori» bezeroengan. Ile zuri portzentaje handia dutenak direla dio Arrietek, eta «geroz eta jende gazteagoak» hartzen duela erabakia: «Tindatzea ez da merkea, eta horrek ere badu zerikusia». Gomendioa? «Behin erabakia hartzen duzunean, oporretara zoazen garaian egitea trantsizioa. Moztea ilea motz-motz, eta joatea, nahi baduzu, inork ezagutzen ez zaituen tokira».

Norberaren erabakia izaten da, eta norberak egiten du bere modura. Halaxe egin zuten Mari Karmen Garmendiak eta Esther Larrañagak duela hemezortzi eta hamar urte, hurrenez hurren. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako sailburuak izandakoak dira biak. Kultura sailburua eta lehen emakumezko bozeramailea izan zen Garmendia (1985-2001), eta Ingurumen sailburua Larrañaga (2005-2009).

Mikroiraultzak

Zazpi anai-arreba dira garmendia-lasatarrak. «Eta horietatik sei oso ile beltzekoak. Ikusten nuen zer zetorkigun, amari eta aitari ilea zuritzen hasi zitzaienean. Pentsatu nuen: 'Bide beretik joango naiz, baina ni ez noa tindatzen-eta hastea». Hartzekotan zegoen erabakia —tindagaiarekin izandako alergia arazo batzuk tarteko—, eta bidaia bat egin zuen Parisera, alabarengana: «Hara non ikusten ditudan emakumezko paristarrak, dotore, erabat chic. Ilea zuritzen hasita batzuk, eta ile zuriarekin beste batzuk. Pentsatu nuen: 'Nik ere frantsesak bezala hasi behar dut. Zer nabil hiru astetik behin zuztarrak estaliz eta gainera beldurrez tindagai madarikatu horiek noiz okerra egingo?'. Zirt-zart. Erabakia hartu nuen».

Esther Larrañagak onartu du bere erabakia «praktikoa» izan zela, ez dituela ile apaindegiak maite, eta ez zela «gustura sentitzen» ile tindatuarekin: «Erabaki nuen motz-motza moztu eta bere kasa hazten uztea. Jendeak esaten zidan: 'Baina nola egingo duzu hori. Adina igarriko zaizu, urteak igarriko zaizkizu...'. Hori izaten da lehen erantzuna edo erreakzioa». Larrañagak dio berak ez zuela erabakia «ikuspuntu feminista batetik» edo «erreibindikazio gisa» hartu, baina: «Egia dena da ni feminista naizela, eta atzetik badagoela uste sendo bat dioena emakumeen edertasuna izango dela beraiek nahi dutena eta ez besteek esaten dutena. Erabaki horren atzetik badago hori, badago 'edertasun arauak ez dituzue zuek ezartzen' esate bat».

Gustura daude biak hautuarekin. «Ez naiz batere damutu eta, gainera, jende asko animatu dut erabaki berbera hartzera. Erabakia hartu nuenetik hona, ikaragarrizko aldaketa sumatu dut. Normaltasun baten barruan sartzen ari gara, eta nahiago nuke gehiago sartuko bagina. Estetikoki eta osasunez neure burua askoz ere hobeto ikusten dut horrela», azaldu du Garmendiak. Beste horrenbeste dio Larrañagak: «Gustura sentitzen naiz. Garbi daukat ez zarela feministagoa ile urdina uzten duzulako; ezta pentsatu ere. Horrelako hautuak ez dizut esango borroka feministaren erdigunean daudela, baina badira mikrokeinuak, mikroiraultzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.