Munduko ekonomia dardaraz daukan AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra gogortu egin da. Liu He Txinako lehen ministrordeak Washingtonera egindako bidaiak ez du balio izan negoziazioak bideratzeko, eta Donald Trump AEBetako presiden- teak bete egin du bere mehatxua: muga zergak %10etik %25era handitu dizkie Txinatik inportatutako hainbat gairi. Txinak «kontraneurriekin» erantzungo du.
Trumpek 200.000 milioi dolar balio duten salmentak zergapetuko ditu, Txinak urtean AEBetara egiten dituen esportazio guztien heren bat gutxi gorabehera. Ostiral gauerditik, muga zerga handiagoak dituzte ia 5.000 produktuk: adibidez, konputagailuetako zirkuituek, xurgagailuek, altzariek, ehunek, eraikuntza materialek eta produktu kimikoek.
Gainera, iragarri du prest dagoela oraingoz muga zergarik ordaintzen ez duten produktuei ere jartzeko —beste 325.000 milioiren inportazioak—. Kontsumo produktuak dira horiek —tresnaelektronikoak, jostailuak, jantziak...—, eta ez industriak darabiltzanak produkziorako, orain arteko moduan. Hau da, kontsumitzaileek berehala antzeman dezaketela produktu horien garestitzea, eta ez zeharka, orain bezala.
Bidean daudenei, ez
Liu Pekinera itzuli zen atzo iluntzean, baina horrek ez du esan nahi negoziazioak guztiz amaitu direnik. Izan ere, %25eko tarifen igoera ez zaie ezarriko orainAEBetarako bidean dauden salgaiei, atzodanik Txinako portuetatik ateratakoei baizik —merkataritza gehiena itsasoz egiten dute—. Horrek ados jartzeko oraindik hiruzpalau asteko tartea ematen die negoziatzaileei. Edonola ere, Trumpek ziurtatu du ez dagoela «presarik», eta tarifekin «txinatarrei» bildutako dirua nekazariei laguntzeko baliatuko duela. Muga zerga horiek, ordea, ez dituzte nagusiki txinatar esportatzaileek ordaintzen, AEBetako inportatzaileek baizik.
Merkataritza gerra gogortu dute Trumpen muga zerga berriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu