Koronabirusa

Etxeko langileentzako itun kolektiboa sortzeko eskatu du LABek

xabier martin
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
COVID-19aren osasun krisiak «modu berezian» jo ditu sektorerik prekarioenak, LABek dioenez, «eta nagusiki emakumeek osatutakoak»; horien artean daude etxeko langileak. Bada, etxeko langileentzako «hitzarmen baten beharra» dagoela nabarmendu du, LABek berak eta Ipar Hegoa ikasketa sindikalen fundazioak langile horien egoeraren inguruko azterketa bat egin ondoren. Itun horrek oinarri batzuk beharko lituzkeela jakinarazi dute: «Araudiak erregulatzen ez dituen gaiak erregulatzea; Langileen Estatutuan etxeko langileen erregimen berezian eta ezartzen den bestelako araudian jasotzen diren oinarrizko eskubideak hobetzea; eta hitzarmenean jasotzen dena betetzen dela bermatzea».

Etxeko langileen %30 inguruk ezkutuko ekonomian lan egiten dute Euskal Herrian. Langile zaurgarriagoak dira, «eta legea ez betetzeko arriskuak zabaltzen dira kasu horietan», LABen arabera. «Bizitza sostengatzen duen oinarrizko lan bati buruz ari gara: etxeko lanez eta zaintza lanez. Elkar zaintzeko beharra dugula eta izango dugula onartzen dugunean, lan horiei dagokien balioa eta lekua ematea ezinbestekoa da. Baina, oraingoz, etxeko langileak ikusezin, zapaldurik eta eskubiderik gabe daude».

Sindikatuetatik kanpo

Antolaketarako zailtasunak dituen sektore bat da etxeko langileena, bakarrik lan egiten dutelako, bakoitzak etxe batean, eta nork bere enplegatzailearentzat. «Baina etxeko langileak historikoki antolaturik egon dira, nahiz eta ez sindikatuetan», LABek dioenez. «Sindikatuak ez gara izan etxeko langileak antolatzeko tresna orain arte, eta orain zor historiko hori gainditzeko helburua daukagu». Hala, LAB lanean ari da «eredu sindikal tradizionala gainditzeko» eta etxeko langileek sindikalismoa beren tresna gisa ulertzeko. «Sindikatuaren egitura aldatzen ari gara etxeko langileak bertan txertatzeko, helburu argi batekin: beren lan eta bizi baldintzak hobetzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.