Berriz ere Espainiako Estatuko epaitegietan da Bateragune auzia. Oraingoan otzanago legoke Madril, Europaren kaskarrekoa hartuta. Auzitegi Nazionalak 2011n zigor epaia eman zuen; Gorenak 2012an berretsi egin zuen, kartzela urteak zerbait murriztuta —inhabilitazioak ez—, eta Konstituzionalak 2014an Gorenarena baleko jo zuen. Baina duela urtebete bat Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen auzipetuek ez zutela epaiketa justua eduki, epaimahaia partzialtzat jo baitzuen, eta defentsak, hala eskatuta, orain aste batzuk Gorenaren baimena jaso zuen 2012ko epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko. Aurkeztu du. Pilota Madrilen gainean dago. Europaren ebazpenak bete beharrekotzat jotzen direnez, benetako aukera ireki da epaia baliogabetzeko; horrela, Arnaldo Otegik baluke berriro hautagai izateko aukera —beste auzipetuek ez bezala, inhabilitazio zigorra du; 2021eko otsailera artekoa—. Asko dago jokoan; batik bat, politikoki, sinesgarritasun eta kontakizun aldetik.
Defentsak badu baikor egoteko motiborik —Iñigo Iruinek aurkeztu du helegitea—. Izan ere, batetik, Espainiako Estatuarentzat ez litzateke sobera ona Europaren ebazpenari jaramonik ez egitea; eta, bestetik, euskal gatazkari lotuta berriki izan da auzipetuen aldeko kasu bat: Atutxa auzia deiturikoan —Europaren ebazpen baten ostean, Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du 2008an ezarritako inhabilitazio zigorra—. Baina Espainia, Espainia da. Ikusiko.
Ezker abertzalean estrategiaren eztabaida ofizialki hastear zirela egin zuen Madrilek Bateraguneko operazio polizial, juridiko eta politikoa: 2009ko urriaren 13an. Baltasar Garzon epaileak agindu zuen, Espainiako Poliziak gauzatu, eta Alfredo Perez Rubalcaba zena, leiho ertzetik begira. Inplikatuak estatu aparatu zenbait: judikatura, Polizia, gobernua.
Oraindik ere egiten da galdera: zergatik egin zuten operazioa ezker abertzaleko ildo haren aurka, eta justu orduantxe? Madrilek bazekien Otegiren-eta ildoak estrategia politiko-militarra bukatzearen alde egiten zuela. Beraz, Rubalcabak zioen moduan hautua «bonbak ala botoak» baldin bazen, zergatik espetxeratu zituzten, kondena osorik betearazteraino, Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez?
Oraindik ezbaian jarri asmoz
Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententziak zekarren ETAren esanetara ari zirela, eta Mahai Nazionala berreraiki nahian. Baina ikusi zen argudioa juridikoki (ere) traketsa zela. Ebatzi zuen auzipetuek ez zutela frogatu ETArekin hausturarik; hau da, zuzenbidearen oinarrizko arauetako bat hankaz gora jarrita, epaimahaiarentzat auzipetuek frogatu behar zuten errugabetasuna —hots, ez zirela, epaiak egotzi zien bezala, ETAko buruzagi/etakide—, hori akusatzaileak frogatu beharrean. Denborak erakutsi du Otegiren-eta apustua atera dela aurrera: ETAren jardun armatuaren bukaera, 2011n —eta, gero, haren armagabetzea eta desegitea—.
Dena dela, oraindik estatu aparatuen aldetik ezbaian ipini nahi dute Otegiren-eta jokabidea, esplikazioetan nahas-mahas agertuta ere. Manuel Sanchez Corbi eta Manuela Simon guardia zibilek Historia de un desafío (Desafio baten kontakizuna) liburua argitaratu zuten duela bi urte, azaldu nahian Guardia Zibila biziki borrokatu zela —«lucha sin cuartel»— ETAren aurka bost hamarkadaz. Bi liburuki dira —1.344 orrialde denera—, eta operazio antiterroristetako informazioa darabilte. Bateragune auziaz ari dira kapitulu batean, eta idatzi ezker abertzaleko zuzendaritza organoetan «barne krisia» zegoela«desegin» zuela estatuak Bateragune, eta, horrek, «ETA-Ekinek» ezker abertzalearen zuzendaritza lana egiteko «tresna bakarra» galtzea ekarri zuela. Sanchez Corbi koronelaren eta Simon kaboaren hitzetan, Otegi-eta ezker abertzaleko ildo«moderatuaren» eta «erradikalaren» «erdibideko aterabide posibilista» jorratzen ari ziren, eta, 2009ko urriko atxiloketekin eta kartzelatzeekin gertatutako «aginte gabeziaren» ondorioz,«operazio judizialaren unean Bateragunen lantzen ari ziren bi dokumentu-zirriborroak banatu ziren ezker abertzalearen militantzian eta oinarri sozialean»: Argitzen, «Batasunak egina»; eta Mugarri, «ETA-Ekinek egina». Alegia, Bateragune delako gunean egin omen zituztela bi txostenak... Arkaitz Rodriguezek BERRIAn esana da 2015ean, libre geratzean: «Gu atxilotu baino ordu erdi bat-edo lehenago posta elektronikoz zabaldu genuen eztabaidarako txostena [Argitzen]».
Bi dokumentuen arteko aldea zera zen, funtsean: «prozesu demokratikorako» eta prozesu independentista bat abiatzeko indar metaketarako, Argitzen-ek ETAren jarduera armatua hastapenetik baztertu nahi zuen, eta Mugarri-k ez zuen hori hasieratik planteatzen, baizik eta zioen konponbide prozesu baten barruan sartu behar zela aukera hori.
Madrilek ezker abertzalearen estrategia aldaketaren prozesu hura zapuztu nahi izan zuen; edo, gutxienik, kolpatu, trabatu. Hipotesi bat da estatu aparatu batzuei ez zitzaiela interesatzen ETA paretik kentzea erabat. Beste hipotesi bat da estatuak, besterik gabe, urteetako jardunaren faktura pasatu ziela Otegiri eta besteei.
Orain, Bateragune auzian, ezker abertzalea bera dago estatuari faktura pasatzeko moduan.