BAKERAKO EUSKAL BIDEA

2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
EH Bilduk Bakerako Euskal Bidea proposamena lau arlotan banatu du. BERRIAk lau atalez egindako laburpen bat da hau.

BIKTIMAK ETA MEMORIA

«Gertatutako guztiaren memoria osoa jasotzeko, giza eskubideen urraketa guztiak biltzeko datu-base bat egingo da».

Egiaren Batzordea sortu, «elkarren zauriak ixtea helburu izanik».

Biktimen erreparaziorako eta dagozkien eskubide guztiak bereganatzeko bitartekoak.

«Memoria kolektiboa, plurala eta integratzailea sustatzearen aldekoak gara. Horretarako, alderdi politikoetan eta gobernu eremuetan iraganean indarkeriaren erabilerarekiko eta biktimekiko hartutako erabakiekiko hausnarketa praktikoak sustatuko dira; egindako min guztia onartzeko ariketa kritikoak egitea erraztuko da».

Giza Eskubideen babeserako zehar lerroko plana.

«Kontakizunak plurala izan behar du. Funtsezkoa da aniztasunaren errespetutik egitea».

ZIGOR ETA ESPETXE POLITIKA ETA IHESLARIEN ITZULERA

Legedia «errealitate politiko berrira egokitu», eta justizia trantsizionala.

Salbuespen neurriak bukatu: zigorrak, espetxe politika eta auzibide politikoak. Legedi arruntera itzuli.

Presoen urrunketa eta sakabanaketa bukatu behar da. Preso guztiak Iruñeko eta Zaballako (Araba) espetxeetara ekarri «ahalik eta azkarren».

Espetxe politikaren eskumena EAEko eta Nafarroako gobernuen esku utziko da.

«Etxeratze prozesua lege baliabideak erabiliz eta bakarkako aplikazioarekin egitea bultzatuko da, eta horretarako 'baldintzapeko askatasun aurreraturako' kaleratze programa bat abian jarriko da. Programa horrek jasoko luke euskal presoek Euskal Herrian irekitako agertoki politiko berriarekiko konpromisoa erakustea eta indarkeriazko bideei uko egitea, eta beren jardueraren ondorioz eragindako mina aitortzea».

Euskal iheslarien itzultze prozesua erraztu: auzirik ez dutenen egoera erregularizatu, eta, besteen kasuan, legedi espezifiko bat egitea bultzatu.

ARMAGABETZEA

«ETAren armategien zigilatze eta egiaztatze prozesua ahal bezain laster gauzatu behar da».

Armagabetze Batzorde Independente bat sortu behar da, nazioartearen «esku hartzearekin».

Batzordeari Euskal Herrian ere «ahalik eta babes eta zilegitasun politiko, instituzional eta sozial handiena eman behar zaio».

«Armagabetze Batzordeak ETAren armategien deuseztatzearekin bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatuko eta bururaino eramango luke, arrazoizko epe batean».

DESMILITARIZAZIOA

Estatuko Segurtasun Indarrak «era mailakatuan erretiratzeko» plan bat egin eta adostu.

Plana Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak egin, eta ondoren Espainiako Gobernuarekin adostu.

Estatuko Segurtasun Indarrek dituzten herritarren babes eta zerbitzu lanak Ertzaintzak eta Foruzaingoak bete pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.