Komunikazioaren guruak. Agintari politikoen itzalpean lan egiten duten konfiantzazko pertsonak. Estratega komunikatibo petoak. Komunikabideei agendak ezartzen dizkiete, lider politikoaren eta alderdiaren diskurtsoak idazten dituzte, eta iritzi publikoan eragiteko abilezia dute. Sostengua, aterpea eta zentzua ematen diote agintari politikoari. Spin doctors ere esaten zaie, figura horrek anglosaxoi munduan duelako jatorria: ingelesezko to spin aditzean du erroa, eta manipulatzea, bira egitea edo esku hartzea adierazi nahi du. Azken hamarkadan modan jarri da termino hori intriga politikoa lantzen duten telesail askok arrakasta handia lortu dutelako (Borgen, House of Cards, The West Wing...). Orain, fikzioak aupatu du spin doctors-en etiketa, baina izatez, aspalditik existitu dira. «Agintari politikoak boterearen kudeaketa komunikatibo eta estrategikoaren garrantziaz jabetu ziren momentutik», Txema Ramirez de la Piscina Komunikazio Zientzietan doktore eta HGH ikertaldeko kideak gogora ekarri duenez.
Eta zer dira spin doctors-ak? Funtsean, komunikazioaz eta estrategia politikoez ulertzen duten profesionalak dira. Eremu oso zabala hartzen dute, agintari politikoen proiekzio publiko guztia planifikatu eta aztertzen dutelako. Agintari politikoaren «mezua kokatzea» da aholkularien helbururik behinena, Jonatan Garcia politologoak nabarmendu duenez. «Gizarte likido honetan politikariek euren mezua zabaldu nahi badute, badakite beharrezkoa dutela merkatuan dauden tresna guztiak erabiltzea, eta, horretan, ezinbesteko elementuak dira komunikazio aholkulariak».
Izan ere, ongi komunikatzeak berebiziko garrantzia izan du beti; bereziki, politikagintzan. Historiak hamaika adibide utzi ditu. Ramirez de la Piscinak bat ekarri du gogora: 1960an, John Fitzgerald Kennedyren eta Richard Nixonen artean telebistan izandako eztabaida entzutetsua. «Kennedyk komunikazio aholkulari onak zituen. Nixonek ez zituen kontuan hartu. Horregatik, Kennedyk irabazi zuen eztabaida mitiko hura, eta baita hauteskundeak ere». Eta, gaur egun, komunikazio munduan desinformazioa, fake news-ak eta sare sozialak inoiz baino presenteago daudenean, are eta beharrezkoagoak dira «mezu argiak» eta «estrategia garbiak» dituzten politikari eta gizarte eragileak, Ramirezek azpimarratu duenez.
Eskutik doan binomioa
Komunikazioak eta aholkulariek elkar elikatzen dute. Politikan ongi komunikatzeak gero eta protagonismo handiagoa lortu, orduan eta ezinbestekoagoak dira spin doctors-ak. Idoia Camacho EHUko kazetaritza irakasleakfuntsezkotzat jo du haien lana: «Gutxirako balio du zerbait ongi egiten jakiteak, gero jendeari komunikatzen ez badakizu. Politikan, transmititzen den irudiak mesfidantza sortzen badu, ezinezkoa da jendearengana heltzea».
Aholkularien garrantzia «garapen natural bat» dela zehaztu du Toni Airak, Pompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Politiko eta Instituzionaleko masterreko zuzendariak eta komunikazio aholkularien lanari buruzko hainbat libururen egileak. Airak argi du komunikazio aholkularien «profesionalizazioari» esker, agenda politikoak komunikabideen eta iritzi publikoaren agenda baldintzatzea lortu duela. «Hamarkadak dira instituzioak eta alderdiak agenda politikoa perfekzionatzen ari direla hedabideengan eta iritzi publikoarengan eragin handiagoa izateko».
AEBetan eta Erresuma Batuan bereziki, joan den mendearen hasieran sortu ziren spin doctors-ak. Futboleko eta zinemako izarren harreman publikoak kudeatzen zituzten profesionalak ziren, eta «euren produktua saltzen» saiatzen ziren, Airak azaldu duenez. Politikara egin zuen salto gero figura horrek, eta hala izendatzen hasi ziren agintari politikoekin eskuz esku aritzen diren aholkulariak.
Gaur egun, komunikazioaren beharra handitu da, eta, sare sozialak hedatu direnetik, politikariak «kanpaina etengabean» bizi dira. Komunikazio behar horri erantzuteko, profesionalizatu egin da komunikazio aholkularien lana, Camachok nabarmendu duenez. Haien funtzioak zehaztu ditu: «Liderraren irudia hobetu, bere indarguneak landu, ahulguneak txikitu, komunikatzeko ahalmena handitu, mezuak prestatu eta noiz, nola eta nori transmititu behar dituen esan».
Krisi egoerak kudeatzea izan ohi da komunikazio aholkularien lanik zailenetakoa. Haizea alde dagoenean edo egoera kontrolpean denean, komunikatzea samurra izaten delako, baina gauzak katramilatzen direnean, agintari politikoen benetako dohainak agerian geratzen direlako. Halako egoerek aukera ematen dute komunikazio politika epaitzeko edo agintari politikoen lana lupaz begiratzeko. Halako zerbait gertatu da Espainian azken asteotan. Gobernua eratzeko saiakerak kale itsu batera zihoazen bitartean, analista eta iritzi sortzaile ugarik hainbat komunikazio aholkulariri leporatu diete porrota. Spin doctors-ak jomugan jarri dituzte, estrategia politiko okerrak eramateagatik.
Agintari politiko nagusien itzalpean dauden estratega politikoen artean, Pedro Sanchez jarduneko Espainiako gobernuburuaren aholkularia da denen ahotan dagoena. Ivan Redondo donostiarra da Sanchezen kabinete burua, haren spin doctor partikularra. Askoren ustez, Sanchez Moncloara eraman zuen operazio politikoaren ideologo eta estratega da, eta PSOEko militantea ez bada ere, berak finkatzen ei ditu alderdiaren estrategia nagusiak.
Ramirez de la Piscinak uste du Redondok «aura berezi» bat bereganatu duela, «estratega politiko eta komunikatibo perfektuaren» etiketa bat, baina PSOEren barruan denek ez dutela gogoko. «Sanchezen oso apustu pertsonal eta arriskutsu gisa ikusten dute, eta uste dute botere handiegia bereganatu duela», azaldu du. «Paradigmatikoa da Redondorekin gertatzen ari dena», gehitu du Airak. Ospea duen agintari politiko bat higatu nahi denean, haren aholkularia jomugan jarri ohi baita: «Aholkularia Rasputinekin edo Makiavelorekin alderatzea askotan egiten den zerbait da. Hor dugu Dominic Cummings Boris Johnsonen aholkulariaren aurkako kanpaina, adibidez».
Kontakizun propioa
Lider politikoa babesteaz gainera,hedabideen «kontakizuna» indargabetzen ere saiatzen dira spin doctors-ak. Askotan «errealitate paraleloak» eraikitzen dituzte, kontakizun propioa ezarrita, Airak dioenez. Errealitatea irakurtzeko modu bat ezartzen dute. «Markoa edo frame-a ezartzen dute, errealitatea interpretatzeko ikuspegi bat, euren erakunde, agintari edo nagusiei mesede egiten dien begirada bat», erantsi du Ramirez de la Piscinak.
EHUko ikerlariak gertuko adibide esanguratsu batekin azaldu du ideia hori. Uda honetan Iñigo Urkullu lehendakaria NBEra joan zen, autogobernuaz hitz egitera eta Vatikanora, Pietro Parolin kardinalarekin elkarrizketatzera eta Frantzisko aita santuari Share programaren berri ematera. Bi bisitek oihartzun handia izan zuten Euskal Herriko eta Madrilgo komunikabideetan. «Urkulluren komunikazio politikaz eta estrategiaz arduratzen diren aholkulariak primeran baliatu dira udako lehorte informatiboaz beren mezuak tartekatzeko», hausnartu du Ramirez de la Piscinak. Ez du zalantzan jarri ekintzon garrantzia, baina bai lehen mailako albistetzat jotzea.
Vatikanora egindako bisitarekin gertatutakoari erreparatu dio bereziki. Urkulluk aita santuari bostekoa eman eta hamar segundoz hitz egin zuen Done Petri plazan, baina bisitak titulu ugari bete zituen hedabideetan. Gainera, Ramirez de la Piszinak gogoratu du Share programan ageri diren irizpideak Europako Batasuna bera duela lau urte saiatu zela indarrean jartzen, baina artean inor gutxik errespetatu dituela. Orain Urkulluk antzeko proposamena egin eta hedabide askok laudatu dute. EHUko ikerlariarentzat, Ajuriaeneko spin doctor-ak «euskal diplomazia bere gorenera» eramateko abilezia izan du. «Abuztuan geundelako bakarrik ala Urkulluren eredua Quim Torra, Puigdemont eta Oriol Junquerasen eredu basatiarekin alderatu nahi delako akaso?».
Ezkutuko lana
Egia da azkenaldian gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari direla aholkulariak: batetik, komunikabideek ere duten baino garrantzi handiagoa ematen dietelako, eta bestetik, haiek maiz«harrokeriaz» jokatzen dutelako, ez dagokien protagonismoa bilatuta. Hala uste du Airak: «Komunikazio aholkulari on baten eskua nabaritu behar da, baina ez da ikusi behar». Kontrakoa gertatzen denean, kaltegarria izaten da lider politikoarentzat: «Txotxongilo batekin identifikatzen da, irizpide propiorik ez duelako eta erabakiak aholkulariaren esku uzten dituelako». Airaren ustez, spin doctors-en lana komunikazio eta estrategia eremura mugatu behar da, eta erabaki politikoak agintari politikoaren esku utzi. Ideia horrekin bat dator Camacho: «Bere lana beti ezkutuan egin behar du, protagonista politikoa delako, ez aholkularia».
Adituek zalantzan jartzen dute komunikazio aholkulari horiek beren funtzioak beti profesionaltasunez eta gardentasunez betetzen dituzten. Izan ere, sarritan, «azpijokoak» eta «presioak» erabiltzen dituzte. Arriskuez ohartarazi du Ramirez de la Piscinak: «Komunikazioa gero eta gehiago laburtzen ari da, eta sarritan, mezua gehiegi sinplifikatuz gero, egiaren zati bat alboan uzten da, eta horrek demokrazia bera arriskuan jar lezake».
Itzalpeko ahalguztidunak
Agintari politikoen komunikazio aholkulariak edo 'spin doctors '-ak modan daude azkenaldian. Politikarien estrategiak diseinatzeaz gain, errealitatea ikusteko modu bat ere ezartzen dute .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu