Zornotzan izandako bi eraso homofobo eta eraso matxista bat salatu dituzte

Elkarretaratzea egin dute jazotakoa gaitzesteko. Pintaketa homofobo eta transfoboak egin dituzte Gasteizko Umandi ikastolan

Zornotzan atzo egindako elkarretaratzea, erasoak salatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Zornotzako (Bizkaia) Akelarre aniztasunaren aldeko plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, herrian asteburuan egindako bi eraso homofobo eta eta eraso matxista bat salatzeko. Plazan elkartu zirenek babesa helarazi zieten erasotuei, eta heteropatriarkatuaren aurrean «autodefentsa transmaribibolloa» aldarrikatu zuten.

Akelarre plataformak jakinarazi zuenez, erasoak larunbat gauean gertatu ziren, tabernak itxi ostean. «Tabernak itxi eta gero, mutil batek eraso homofobo fisiko eta ahozkoa jasan zuen kuadrilla baten eskutik. Horrez gain, beste pertsona batek, erasotua defendatzeagatik, beste eraso homofobo bat jasan zuen. Bestetik, neska gazte bati egindako eraso matxista bat salatu nahi dugu», adierazi zuten.

Elkarretaratzean azpimarratu zuten larunbatean jazotakoa ez zela kasu bakan bat izan: «Sufritzen dugun egiturazko indarkeriaren erakusle da».

Pintaketak Gasteizen

Bestalde, Gasteizko Umandi ikastolako eskola komunitateak atzo salatu zuenez, margoketa homofoboak eta transfoboak egin dituzte ikastolako jolastokiaren horma irudiaren gainean. Zehazki, Esto con Franco no pasaba [Hau Francorekin ez zen gertatzen], Transformers no eta Marikas mezuak agertu dira idatzita.

Ikastolaren arabera, joan den maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ bandera margotu zuten horma irudi batean, eta atzo irudiaren gainean agertu ziren margoketa homofobo eta transfoboak. Ikastolak ohar bat argitaratu zuen, erasoa gaitzesteko: «Umandi ikastolako eskola komunitateak erabat arbuiatzen ditu egindako pintaketa homofobo eta transfoboak. Gure eskola komunitatean umeak aniztasunean, errespetuan eta bizikidetzan hezten jarraituko dugu».

Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak ere gaitzetsi egin zituen pintaketak, eta kalean «gorroto diskurtsoak hartzen ari diren norabideaz» ohartarazi zuen. «Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, LGTBI+ pertsonen eskubideen erabilerak behera egin du, eta horrek agerian uzten du mezu horien atzetik eraso fisikoak datozela». Horrez gainera, Ikusgunek jakinarazi zuen hilabete batean «hamar bat gertakari LGTBI+fobiko» bildu dituztela, «ia iaz adina». Eta azpimarratu zuten: «Jendarte osoak sentitu behar du horrelako gertakarien aurrean interpelatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.