Baionako hiriguneko Chronoplus autobus sareko gidaria da Ekaitz Bergaretxe (Baiona, 1971). Joan den astean Philippe Monguillot lankidea hil zen, lanean zela jipoitu zutela eta. Horretaz eta langileen baldintzez mintzatu da Ipar Euskal Herriko Hitza-rekin.
Zer giro da gidarien artean?
Giro nahasia. Pena, haserrea; erasotzaileekin, zuzendaritzarekin. Eta batzuek diskurtso xenofobo eta arrazistak izan dituzte; bereziki, gertakari horren ondotik.
Lehenagotik ere sentitzen zen?
Beti izan dira. 350 langileko enpresa bat gizartearen lagin bat da. Edonon aurkitu ditzakegun jendeak aurkitzen ditugu. Erasoa gertatu baino bi aste lehenago, zuzendariari idatzi nion; bereziki, pertsona batek halako diskurtsoa izan zuela, eta zerbait egin zezala eskatzeko. Gutun bat idatzi zuen, errateko ez zela eskubiderik horrelako diskurtsoetarako, zigortua izan zitekeela. Ez da berria. Gertakarien ondotik areagotu da.
Nola jakin zenuten astelehenean bezperako erasoaren berri?
Goizean, etxean nintzela, SMS bat jaso nuen, erraten zuena lantokian zelula psikologiko bat ezarri zutela behar zutenentzat; besterik gabe. Deitu nuen zer zen galdetzeko. Erran zidaten lankide bati eraso ziotela eta garuneko heriotza zuela. Arratsalde hasieran lanera bildu nintzen, naturalki. Lankide bat gurutzatu, eta hala erran zidan: «Hilik dago». Artean, ordu horietan guzietan, zuzendariaren komunikazio bakar bat ere ez zen izan; lankidearen berririk ere ez. Jendeak jakin behar zuen zer gertatzen zen; informazioak nahi genituen; eta zuzendaritzatik ez genuen jasotzen.
Frantziako bi ministro etorri dira, eta Euskal Elkargoko buruak bildu dira zuekin. Nola pasatu da?
Harreman gehienak zuzendaritzarekin eta sindikatuetako ordezkariekin izan zituzten. Frantziako Garraio ministroa etorri zenean, ez nengoen, eta, Barne ministroa etorri zenean, ez nintzen harengana hurbildu. Niretzat, inportanteagoa da hemengo hautetsiek mezua ulertzea, egoeraz jabetzea eta, hortik, behar diren neurriak hartzea.
Konponbide gisa segurtasuna aipatu da. Baina ez ote dira langileen lan baldintzak erdigunean?
Ostiralean, sindikatuek akordioa izenpetu zutelarik, biltzar nagusi moduko bat egin genuen kanpoan. FOko ordezkari batek hitza hartu zuen, errateko urteak daramatzagula baliabide gehiago eskatzen. Eta errepikatzen zuen: langile batek lan baldintza txarrak dituenean, zerbait gertatzen bada, nekearengatik edo beste, izan dezakeela jarrera ez erabat egokia, egoeraren aurrean. Uste dut hori gauza inportantea dela. Orain arte, izan ditut talka txikiak erabiltzaile batzuekin; Philippek egin zuen bezala, nire bolantetik atera, eta jendearengana joan izan naiz. Orain arte ongi pasatu da; lortu izan dut gauzak lasaitasunez eramatea. Nekatuagoa izan banintz, beharbada ez nuen hain jarrera egokia izanen. Elementu inportantea da.
Kontratuak, ordutegiak... Zein dira gidarien lan baldintzak?
Aski gogorrak dira. Enpresan berriki sartuak, ia sistematikoki, Baionako joan-jinkarian ezartzen dituzte, baina hor ez dute beste gidarien kontratu bera. Soldata txikiagoa da, ez baitute dirurik kudeatu behar. Eta ordutegi aldetik, ofizialki 35 orenetan dira, bainaorduak pilatzen dituzte, gidari aski ez dagoelako. Gero eta jende gehiago geldialdian dago. Langileen egutegia eramaten duenak zailtasunak ditu jendeari oporrak emateko. Aspalditik hor gaudenek, kontratu finko eta mugagabearekin, protesta egiten dugu, baina sartu berria dena ez da ausartzen. Orduak metatzen dituzte, metatzen eta metatzen... Kopuru ikaragarriak.
Nire ustez, sindikatuek horretan ere denbora eman dute. Zuzendaritzari erran behar zioten ez dela normala. Eta erran badiote, erran besterik ez diote egin; ez da izan greba edo mugimendu mehatxurik. Zoritxarrez, bilkura batean erratearekin bakarrik gauzak ez dira mugitzen.
Populazioa anitz dentsifikatu da azken urteetan; botere publikoen nahi bat ere izan da autobus sarea handitzea. Nola ikusi duzu aldatzen zuen egunerokoa?
Zenbaki batzuk emanen dizkizut. 2010 inguruan, ni bezalako gidari batek, egun oso batean, batez bestean 110-120 kilometro egiten zituen hirian. Iaz, zerbitzu batzuetan, ordu kopuru berarekin 170 kilometro. Hori produktibitatea deitzen da. Ordu kopuru berean,kasik %50 gehiago. Asko da. Horretara iristeko, linea bukaeran pausa denbora txikiagoak ditugu, linean gaudelarik erritmo azkarragoa ezartzen digute, eta horrek ondorio asko ditu, gidariengan, baina baita erabiltzaileengan ere.
Zergatik?
Autobus bati erritmo bat eskatzen badiozu, baina, trafikoagatik edo beste, ezin badu atxiki, beranta hartzen du. Bi, hiru edo bost minutu bada, tira. Baina pixkanaka metatuz doa, eta gertatu izan da, bereziki uda partean, edo obra handiak izan direnean, ordu bateko edo gehiagoko beranta izatea. Zure lana ongi egin nahi duzu, baina ezin duzu. Eta hori zaila da eramateko.
Eta tentsioak sortzen ditu.
Lan berezia da. Gidari bakoitza bere autobusean da, bakarrik. Lankideak gurutzatzen ditugu lanera iristen garenean, baina oso denbora gutxian. Horrek eragiten du lan aski indibiduala dela, bakartuak gaude bakoitza gure autobusean. Tentsio egoerak sortzen direlarik, besteekin ezin aipatu izateak ere ondorioak ditu. Bakoitzak beretzat atxikitzen du. Eta tentsio horiek metatzen dira. Lankide batzuek depresioak eta beste pairatu dituzte.
Askok lotzen du 2011. urtean Veolia enpresaren iristea baldintzen okertzearekin.
Enpresa kudeatzailearen aldaketa izan zen. Sarea Euskal Elkargoarena da, baina duela urte batzuk erabaki zuten kudeaketa enpresa pribatuei ematea. Zazpi urteko merkatuak dira. Eta, lehia irabazteko, hautetsiei ahal bezain proposamen merkea egiten diete. Gero, baldintza horiek betetzeko, dirua aurrezteko, langileengan eragiten dute. Veolia iritsi zenean, baldintzak anitz okertu ziren; gainsariak kendu zizkiguten. Bat-batean, urtean, gidari bakoitzak 800 eta 1.000 euro artean galtzen zituen. Ordu gehiago, kilometro gehiago, autobusak gero eta okerrago, konpondu gabe... Orain Keolis sartu da, baina ez dute ezer aldatu.
Norena da ardura? Zuzendaritzarena? Euskal Elkargoarena?
Orekak partekatuak dira, erabat. Elkargoarena, bai; eta zuzendaritzarena, bereziki; sindikatuena ere bai. Nik erraten diet urteetan utzi dugula egoera ozpintzen, okertzen. Eta, finean, gidariena ere bai: ez baitugu jakin taldean funtzionatzen behar zen bezala. Ardura oso partekatua da.
Ekaitz Bergaretxe. Autobus gidaria
«Lana ongi egin nahi duzu, baina ezin duzu. Zaila da eramateko»
Philippe Monguillot autobus gidariaren heriotzak giro nahasia utzi du Chronoplus sareko lankideen artean, Ekaitz Bergaretxeren hitzetan. Azken urteetan izan duten lan baldintzen okertzea azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu