Zurezko bizikletak dira Zeraingo Axalko enpresaren (Gipuzkoa) izarrak; baina zurez eginiko bizikletak izateaz harago, badute beste berezitasun bat: neurrira eginda daude. Bizikleta bakoitza mundu zabal bat da, bezeroaren tamainara eginiko mundu bat. Bereizgarri hori nabarmendu du Aitzol Fernandez koordinatzaile orokorrak: «Neurrira eginiko produktua denez, lehenengo pausoa erabiltzailearen datuak biltzea da: ezaugarri fisikoak, neurriak eta bizikletari emango dion erabilera zehatza». Azken ezaugarri hori garrantzitsua da lan prozesuan; izan ere, erabilera horren arabera, «guztiz aldatuko da ekoizpen prozesua».
2010. urtean sortu zuten enpresa. Lehen, gehiago lan egiten zuten eskuz; orain, ordea, ahal bezainbeste automatizatu dute lana. Une honetan, Axalko enpresak ez ditu zurezko bizikletak egiten: egurra erabilita neurrira eginiko bizikletak egiten dituzte. «Gure filosofia aldatu egin da: orain ez ditugu egiten egurrez egindako bizikleta horiek; neurrira eginiko bizikletak egiten ditugu», esan du Fernandezek. Merkatu horren egoerari egin dio aipamena: «Merkatu hori handia da, eta zenbaki itzelak mugitzen ditu, baina oso barreiatuta dago; batez ere, Europan». Adierazi duenez, interesa ere handiagoa da Euskal Herritik kanpo: «Euskal Herrian ezagunagoak gara, baina eskaera eta interesa askoz ere handiagoak dira atzerrian».
Produktuaren balio erantsia azpimarratu du Fernandezek: «Ez dira inoiz egongo bi Axalko bizikleta berdin; neurrira eginiko pieza bakarrak dira». Lan egiteko modua apur bat aldatu arren, produktu «berezi eta bakarra» egiten jarraitzen dute, eta bide horretatik segitu nahi dute. Hori egiteko, erronka zehatza jarri dute: «Etorkizunean, salmenta eta produkzioa handitu nahiko genituzke, marka zabaltzeko».
Bederatzi urte igaro dira zurez eginiko bizikletak sortzeko proiektua abiatu zenetik. Aitzol Telleriari bururatu zitzaion horrelako egitasmo bat martxan jartzea. Baso teknikaria, arotza, ingeniaria eta zikloturista da, eta pasio horiek uztartzeko asmoz sortu zuen Axalko marka. Ordutik, baina, makina bat gauza aldatu dira. Merkatuarekiko ikuspegia eta salmenta estrategia, adibidez. Marka sortu zenetik, egitasmoari enpresa itxura eman nahi izan diote, ibilbidearen eta izan duten bilakaeraren ispilu. Fernandezen aburuz, «ikasketa jarraitua eta oso interesgarria» izan da azken urteon laburpena.
Eten bat, aurrera egiteko
Iban Lizarralderekin batera batu zen Fernandez proiektura, 2017. urtean, Axalko enpresaren arlo estrategikoa eta komertziala indartzeko asmotan: «Aldaketa nabarmenena izan zen pertsona berriak taldera batu ginenean; arlo berriak ere lantzeko sartu ginen; adibidez, arlo komertziala. Bigarren fase bat jarri genuen martxan, eta, orain, fase hori amaitzen ari gara». Fase horren helburu nagusia «produktua merkatura orientatzea izan da». Horretarako, erabaki «bitxi» bat hartu behar izan zuten: salmenta lanak etetea, eta ekoizpena eta garapena minimizatzea. «Horrek nahiko harridura sor dezake, baina etetea erabaki zen; izan ere, gauza bat da saltzea, eta beste gauza bat salmenta prozesu estrategiko baten oinarri bilakatzea; guztiz desberdina da».
Duela hiru urte ekin zioten fase horri: «Gu proiektura iristean, proiektu oso aberatsa zen berez; izan ere, sekulako produktua eta istorio bat ditu atzetik. Gonbidatu gintuztenean, maitemindu egin ginen». Hala ere, hutsune denak identifikatu zituzten, eta haiek zuzentzeko lanean hasi ziren: «Helburuak merkatura iristea behar zuen izan, bezeroengana, baina modu azkar eta eraginkor batean, hots: salmenta prozesu egokia oinarri hartuta». Horregatik hartu zuten pausa bat hartzeko erabakia, «orain arteko guztia aztertu, eta horri buelta emateko».
Oraintxe bertan, hazkuntza eta merkaturatze prozesu batean murgilduta daude. Horretarako, lehenengo dirua eta baliabide ekonomikoak aurkitzeko xedea ezarri zuten: «Helburu nagusia izan da baliabide ekonomikoak lortzeko bidea garatzea eta horiek sustatzea; fase hori lortu dugu».
Ekoizpen eta salmenta prozesu guztiak zehazten eta definitzen jardun dute paraleloan, «gauza asko aztertzen eta probatzen». Helburu argiak finkatu dituzte: «Gutxi gorabehera, urterik urte %100 eta %200 arteko hazkunde kontrolatu batean ibili nahi dugu, urtean 999 egurrezko bizikleta ekoitzi ahal izan arte». Nahiak ezarri dituzte, eta horiek lortzeko epea ere bai: «Lau edo bost urtean iritsi nahiko genuke muga horretara». Horra iristean, «bestelako teknologia» batzuk erabiltzea gustatuko litzaieke, produktu berriak kaleratzeko.
Nolako zura, halako bizikleta
Zurez eginiko bizikleta «esklusiboak» merkatuan jarrita hasi zuen ibilbidea Axalko enpresak. Orain, neurrira eginiko bizikletak egiten dituzte. Europan dute arrakasta handiena, eta merkatuarekiko ikuspegia eraberritzen jardun dute azken urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu