2037. urtea da. Lurraren tenperatura 1,55 gradu igo da, eta suteak, uholdeak, goseteak... mundu zabalean orokortu dira. Milaka hildako, dozenaka animalia espezie desagertuta, uraren gerra abian, eta aire kutsadura ia erabatekoa. «Jainkoaren zigorra al da hau?», galdetzen du neskato gazte deprimitu batek, hondoa jotzen ari den bizilekuari begiratzen dion bitartean.
Alarma giroan abiatzen da Extrapolations, Scott Z. Burns gidoigileak zuzendari gisa ondu duen lehen telesaila. Sortzaile estatubatuarra Steven Soderbergh Oscar saridunaren azken urteetako bazkide izan da The Laundromat, Side Effects eta The Informant filmetan, baita COVID-19aren pandemia tarteko milioika ikustaldi izan dituen Contagion fikzio profetikoan ere.
Burnsek osasuna, zientzia eta elite ekonomikoak jarri izan ditu bere gidoi gehientsuenetako erdigunean, eta oraingo honetan jatorrira egin du itzulera, ingurumen gaietara. Izan ere, 2006an An Inconvenient Truth dokumentala ekoitzi zuen, Al Gore AEBetako presidenteorde ohiak berotze globalaren inguruko kontzientzia pizteko sorturiko proiektua.
Meryl Streep, Edward Norton, Sienna Miller, Tobey Maguire, Marion Cotillard, Kit Harington, Cherry Jones, Forest Whitaker, Diane Lane, David Schwimmer... izugarri luzea da klima hondamendiaren inguruko telesail honetan parte hartu duten Hollywoodeko izarren zerrenda. Baina denak ez dira pantailan aldi berean ageri, denbora tarte ezberdinetan baizik. Fikzio futurista honek 2037 eta 2070 urteen arteko epea jorratu du, eta egungo munduaren gainbehera erretratatu, atsekabez eta saminez beteriko zortzi ataletan.
Argazki lana nabarmentzeko modukoa da: kamerariek natur ingurune higatua izan dute ardatz, eta gizakiak urte luzez bertan utzi duen arrastoari arreta handiz erreparatu diote, estilo dokumentala baliatuta. Alde horretatik, telesailak agintari eta korporazio boteretsuenak seinalatu ditu: mundua pikutara doan bitartean, eurek kapitalismoan jolasten jarraitzen dute. Burnsen gizarte erradiografia, ordea, hankamotz geratu da. Iruditan hamaika herrialdetako parajeak erakutsi arren, AEBetako biztanleak baizik ez dira ageri, eta, ia beti, goi klasekoak, gizateriaren gaitz guztiak sortzea eta konpontzea haien esku egongo balitz bezala.
Burns intentzio onekoa da, baina, klima larrialdia azpimarratzeko, gehiegizko azpimarra moralizatzaileak egin ditu gidoian. Pertsonaien arteko elkarrizketa batzuek gehiago dirudite doktrina politiko, gizatasunetik eratorritako pasarte dramatiko baino.
Extrapolations aztoragarria da, haren anbizioa erraldoia, eta are handiagoa bilakatuko da atalek aurrera egin ahala. Batzuetan, denbora jauziek arriskuan jarriko dute istorioaren koherentzia. Dena den, proiektuak espiritu argitsua du, eta bizitzaren akaberan ere itxaropenik badela dio. Ezbairik gabe, berrikusteko moduko telesail bat izango da hau, urteek aurrera egin eta gure bizimodua eta bizilekua eraldatu ahala. Espero dezagun errealitateko 2037. urtea fikziozkoa baino hobea izatea.
'EXTRAPOLATIONS'
Sortzailea: Scott Z. Burns.
Aktoreak: Meryl Streep, Sienna Miller, Kit Harington, Edward Norton, Marion Cotillard.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Zientzia fikzioa. Thrillerra.
Ikusi mundua sutan
Scott Z. Burnsek Hollywoodeko izarrez bete du 'Extrapolations' telesaila, klima larrialdiaren inguruko kontakizuna. Apple TV Plusen dago ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu