Urteari errepasoa

EKONOMIA ERE KUTSATURIK

2020. urtea ez zen urtarrilean hasi, martxoan baizik, itxialdi handiarekin batera. Ekonomiaren eta osasunaren arteko soka berri bat ikusten hasi zen orduan, eta mutur batetik tiratzean bestetik tenkatzen dela ikasi dute langileek eta enpresariek. Ekonomia zainketa intentsiboetan da, eta txertoaren zain.

xabier martin
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Lurreratze suabe bat espero zen, baina COVID-19 izeneko birus batek erabaki du ekonomiaren hegazkinak istripu larri bat edukitzea. Mundu osoan mugarri izan den pandemiak arauak aldatu ditu, errealitate ezagunak txikitu, eta ekonomia gerraoste batera eraman, hainbat kasutan. Argi dago, dagoeneko, osasunik gabe jarduera ekonomikoak nekez egin dezakeela bere bidea. Greba orokor batekin hasi zen urtea, eta txerto baten esperantzarekin amaitu da. Ziurgabetasunak goia jo du, eta lan gatazkak bata bestearen atzetik iritsi dira.

A
AERONAUTIKA

Joan-etorriei stop handi bat jarri diete munduko agintariek, eta, horrekin batera, hegazkin konpainien amesgaiztoa heldu da. Hegazkin berriak erosteari utzi diotelarik, euskal industriaren abangoardian dagoen sektore oso bat erori da bat-batean: aeronautika. ITP Aero, Aernnova, Aciturri, Alestis, Lauak... enpresa askok iragarri dituzte kaleratze kolektiboak, eta lan gatazkek sektorearen egunerokoa bete dute urtearen bigarren erdian. Urte hasierak ere lan gatazka horien drama islatuko du.

B
'BREXIT'-A

Datorren astean hautsiko ditu Erresuma Batuak Europako Batasuneko merkatu bakarrarekin lotzen zuten kateak. Ondorengo harremana nolakoa izango den negoziatzen aritu dira azkenera arte, beren buruari jarritako mugak behin eta berriro gaindituta. Azkenean, brexit gogorra izango da —Erresuma Batuak ez du jarraituko ez merkatu batasunean, ez aduana batasunean—. baina brexit gogorrena gutxigatik saihestu dute, merkataritza librerako itun bati esker. Hala, produktuek muga zergarik ordaindu gabe zirkulatuko dute bi eremuen artean, baina burokrazia gehiago beharko dute esportatzaileek.

C
CAF-TRENASA

Castejongo (Nafarroa) Trenasa itxi eta hango 115 langile kaleratzeko erregulazioa iragarri zuen CAF trengileak uda amaieran. Beasaingo konpainiak esan zuen ez dagoela lan kargarik autobus elektrikoen alorrean diharduen fabrika horrentzat. Kaleratze erregulazio hori, ordea, aldi baterako erregulazio bihurtu du trengileak, eta esan du Renferen adjudikazio baten zain dagoela Trenasa bideragarria den jakiteko. Aste batzuen buruan jakin daiteke Trenasaren geroa zein den, baina erabat loturik dago CAFek Renferi esker lor ditzakeen kontratu berriei.

D
DUINAK

Lan, pentsio eta bizitza duinak lelopean, greba orokorrera deitu zuten urte hasieran ELAk eta LABek, beste hainbat sindikaturekin batera, Hego Euskal Herrian. Langileak, pentsiodunak, feministak eta zaintzaileak elkartu ziren lanuzterako. Lurraldeka eta sektoreka erantzun handia lortu zuen, eta manifestazio oso handiak egin zituzten hiriburuetan, lan baldintza hobeak eskatzeko, prekaritateari buelta emateko, alegia.

E
EOLIKOA

Hainbat urteko geldialdiaren ondoren, energia eolikoak bultzada handia jaso du 2020. urtean. Ekainean hasi zen argindarra ekoizten Euskal Herriko parkerik handiena, Cavar izenekoa, Valtierra eta Cadreita artean (Nafarroan). Nafarroako Erriberan eta erdialdean beste parke batzuk eraikitzen ari dira, baina berritasuna da Iruñetik iparraldera dauden mendietan ere zenbait proiektu daudela (Lesaka, Odieta, Esteribar...). Mendi horien natur balioa dela eta, parkeen aurkako mugimenduak ere sortu dira. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Iberdrola hartu du bazkide Aixendar enpresan, eta Araban hasi nahi du parkeak hedatzen: Iturrietako mendietan, Azazetan, Arkamon eta Labrazan.

F
FINANTZAK

Batean bale eta bestean kale. Europako Banku Zentralak urte batzuk darama Espainiako sistemako bankuen arteko bat egiteak eskatzen, erakunde batzuen kapital eskasia gainditzeko modua dela uste baitu. Kasu egin diote Caixabankek eta Bankiak, azken horren akziodun nagusiak, Espainiako Estatuak berak, kalkulatu baitu diru publiko gehiago berreskuratuko duela Caixabanken zati bat salduta Bankia merke- zurrean salduta baino. Hori bai, Bankian jarritako 23.000 milioi euroak nekez berreskuratuko ditu. BBVAk eta Sabadellek ere hasi zituzten ezkontzarako prestaketak, baina, oraingoz, banandurik jarraituko dute.

G
GESTAMP

Gestamp Taldeak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du GTS eta Matriceria Deusto enpresetan. «Lanpostu aldaketa gutxi batzuk egongo dira, baina langile gehienak kalera joango dira», LAB sindikatuaren arabera. 35 langileri lanpostua aldatzea eskaini die —177 dira Matricerias Deuston, eta 54 GTSn—, bai eta kaleratze ordainduak eta erretiro aurreratuak ere, baina erregulazio espedientea kendu gabe. Finean, bi enpresak ixtea litzateke autogintza alorreko multinazionalaren helburua, eta 230 langileren lanpostua legoke arriskuan. Gestampek diru publiko asko jaso duela salatu dute sindikatuek.

H
HIDROGENOA

Bateria elektrikoak ez dira izango karbono isurketak gutxitzeko estrategia bakarra. Europako Batasunak hidrogenoaren aldeko apustua egin du, uste baitu bateria elektrikoen alternatiba interesgarria izan daitekeela garraiobide astunentzat eta industriarentzat. Hori bai, energia iturri berriztagarriak erabiliz lortutako hidrogenoa, gaur egun erregai fosilak erabilita lortzen baita, garesti gainera. Euskal Herrian ere badira hidrogenoaren olatua hartu nahi duten enpresak: Repsolek eta Petronorrek, Bilboko portuan, hidrogeno garbia erabiliz erregai sintetikoak ekoizteko lantegia eraikiko dute, eta Iberdrolak ere hidrogenoaren hub bat sortu nahi du Bilboko portuan. Gainera, Boroako zentral termikoaren alboan (Zornotza, Bizkaia) hidrogeno berdea ekoizteko planta handi bat eraikiko dute 2022a bukatu aurretik, eta CAF bera sartuta dago hidrogenoa erabiliko duen tren baten eraikuntzan.

I
ITXIALDIA

Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta ekainera arte ez zen gutxieneko normaltasuna berreskuratu. Enpresek ere hainbat astean ixteko agindua jaso zuten, oinarrizkotzat jotako alorretan salbu. Itxialdi Handia esan dioten prozesu horrek inoiz ikusi gabeko gainbehera eragin zuen ekonomiaren eboluzioan. EAEko BPGak %16,4 egin zuen atzera urteko bigarren hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta; %19,5 urte arteko tasan; eta Nafarroa %18,8 amildu zen. Enpleguak, berriz, %20tik gertuko erorikoak izan zituen. Galdutakoa ez da leheneratuko 2023. urtera arte.

J
JANARIA

Oinarrizkotzat jotakoak ez beste jarduera ekonomiko guztiak eten zituzten martxo-apiriletan, eta ilara luzeak ikusi ziren supermerkatuen aurrean; janari freskoaren garrantzia inoiz baino argiago islatu zen. Irudi distopiko horien ifrentzua da supermerkatuen salmentek freskoen atalean izan duten hazkunde handia. Gutxik ahantziko dute komuneko papera amaitu zeneko garaia.

K
KORONABIRUSA

SARS-CoV-2 birusari erreparatzeko izen generikoa baliatu du munduak: koronabirusa. Ekonomiaren taula hainbeste irauli du pandemiak, ezen Europako Batasunak ere politika hedatzaileari bide eman baitio, Keynesen irakasgaiak modu argian aplikatuz. Koronabirusa mendean hartu arte, ekonomiak ez du berreskuratuko 2020an galdutakoa, ez makroekonomia mailan, ezta gizartean utzitako zartada dramatikoei dagokienez ere. Besteak beste, muga zergen gerrak eragindako merkatuen ziurgabetasuna beste maila batera eraman du birus kutsakorrak.

L
LANGABEZIA

Koronabirusaren krisiak langabeziaren hazkunde izugarria ekarri du Euskal Herrian. Lan merkatuan duela urtebete baino 25.770 langabe gehiago zeuden aurtengo azaroan Hegoaldean. Aurreikuspenik beltzenak betez gero, langabe kopuruak 200.000 lagunen langa gainditu dezake; baina bada esperantza hori gerta ez dadin. Bide okerrean zihoan uda, abuztuan 185.420 langabera iritsi baitziren, baina ordutik azarora ez zuen okerrera egin, hobera baizik: abuztuan baino ia 13.500 langabe gutxiago zeuden azaroan. Berehala jakingo da zenbat izan diren abenduan, eta, horiekin batera, urtearen argazki osoa egongo da.

M
METALGINTZA

Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmena egin dute Adegik patronalak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, eta sektoreko 40.000 langileri baino gehiagori babesa eman. Akordio historikoa da, hamar urteren ondore, Gipuzkoako negoziazio kolektiboko itunik garrantzitsuena egin baitute eragileek. 2019aren hondarrean Bizkaikoa egin zuten, manifestazio, greba eta istilu ugariren ondoren. Gipuzkoan ez da horrelakorik egon. Otsailean egin zuten lehen bilera aldeek, ELAk mahaira deituta, eta urrian egin zuten ituna, sindikatu horrek Adegiren eskaintza onartu ondoren. ELAk azaldu zuen %8,8rainoko soldata igoerak jaso dituela, eta subrogazioa onartu dela, beste hainbat aurrerapenen artean. Adierazi du Espainiako Estatuan ez dagoela itun hoberik, eta, haren baietzaren ondoren —ordezkaritza handieneko sindikatua da: ia %49—, LABen eta CCOOrenak ere iritsi ziren, eragin orokorreko hitzarmena gauzatzeko.

N
NEXT GENERATION

Pandemia batek eta hark eragindako krisi ekonomiko latz batek etorri behar izan du Europako Batasunak urrats garrantzitsu bat egiteko: erakunde bakar baten gisara zorpetzea, eta lortutako dirua baliatzea krisiaren eragina leuntzeko eta etorkizunerako proiektu batzuk bultzatzeko. Hungariaren eta Poloniaren azken orduko betoa gainditu ondoren, 750.000 milioi euroko Next Generation funtsa sortuko du 2021ean, eta haren dirua banatzen hasiko da: erdia inguru maileguetan, eta beste erdia transferentzietan. Trantsizio energetikoa bizkortuko duten proiektuek jasoko dute diruaren zati handi bat. Euskal Herrira, Madrilen eta Parisen galbahea igarota iritsiko dira funtsak, haien esku izango baita proiektuak aukeratzea eta dirua banatzea. Jaurlaritzak etzi du aurkeztekoa bere proiektuen zerrenda.

O
OSTALARITZA

Pandemiaren eboluzioaren arabera, gobernuek neurri mugatzaileak gogortu edo lasaitu dituzte, eta ostalaritzaren jarduera mugatzea izan da gehien erabili diren neurrietako bat. Sektorea ezinean aritu da martxotik, batzuetan itxita, besteetan terrazak bakarrik zabalik, barruan bezeroak hartzeko duten gaitasuna mugatuta, barran zerbitzatu ezinik, ordutegia murriztuta... Sektoreak laguntzak jaso ditu, baina elkarte nagusiek «sektorearen erreskate osoa» eskatzen dute. Taberna eta jatetxeen portzentaje handi batek betiko itxiko ditu ateak 2020ak ekarritako lurrikararen ondoren. Ostalaritzari lotutako beste hainbat jardueratako langileak sufritzen ari dira: taxi gidariak, saltokietakoak oro har, turismoari lotutako beste hainbatetakoak, eta abar.

P
PENTSIODUNAK

Pentsiodunek beste urtebete egin dute kalean, pandemiak utzi dienean behintzat, eta, bitartean, Toledoko Itunean akordioa egin dute alderdiek pentsioen igoera KPIra lotzeko, beste aholku askoren artean. Gizarte Segurantzak orain bere gain hartzen dituen hainbat gastu estatuaren ardura izango direla jaso du akordioak, baina baita erretiro adina luzatzen jarraitzea ere, eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio aldia handiagoa izan da, 25 edo 30 urte artekoa ere. Horrek esan nahi du kalkulu berriak aplikatuz pentsio apalagoak emango dituela Gizarte Segurantzak. Erretiro adina erretiro adin errealera gerturatzeko helburua dauka Espainiako Gobernuak, eta orain Toledoko Itunak jasotako lerro estrategikoekin erreforma proposamena aurkeztu behar du. Pentsiodunek jakinarazi dute ez daudela batere ados Toledoko Itunak onartutako planarekin.

S
SIEMENS GAMESA

Siemens Gamesako Agoizko (Nafarroa) fabrika historia da. Enpresak itxiera plana aurkeztu zuen udan, eta uda amaitu aurretik gauzatu zuen: 238 langileak enplegurik gabe geratu ziren, baina, gutxienez, akordio bat erdietsi zuten kaleratzeak horren traumatikoak izan ez zitezen. Kaleratzeak abuztuaren 25etik irailaren 30era artean egin zituen enpresak. 54 urte baino gutxiago dituztenek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria jaso zuten, gutxienez 30.000 eurokoa. 55 urte edo gehiago dituzten beharginek, berriz, erretiroa aurrez hartzeko planak lortu zituzten. Horrez gain, Gamesak beste lanposturen batean enplegua eman die Agoizko 88 langileri. Konpainiak azaldu zuen «saihetsezina» zela ixtea: «Agoizko fabrika ixtea ezinbestekoa da gure konpainiaren etorkizuna bermatzeko, eta gure 25.000 langileen ongizatea bermatzeko; tartean, Nafarroan ditugun 1.500ena».

T
TELELANA

Koronabirus kutsatzeak gutxitzeko eta segurtasun protokolei jarraikiz, enpresa askok telelanera jo zuten martxotik aurrera. Hala, milaka langile etxetik lan egiten hasi ziren, eta, urriaz geroztik ere, berriro hedatu da telelana, bigarren olatuaren oldartzearekin batera. Egoera hori ikusita, Espainiako Gobernuak Telelanaren Legea onartu zuen, eta urrian sartu zen indarrean, baina lege horrek ez die eragiten etxetik ari diren langile guztiei, telelana birusarengatik ezarri duten enpresak ez dituelako lotzen. Gutxienez hiru hilabetez eta lanaldiaren %30 etxetik eginez baino ez zaio aplikatzen telelanaren legea behargin bati. Kasu horietan, enpresaren erantzukizuna da telelanak eragiten dituen gastuak pagatzea, baina praktikan lantaldearekin lortzen dituen akordioen menpe geratzen da zer neurritan pagatuko dituen. Internet sarea, telefonoa, argia... gastu asko egon daitezke pagatzeko.

U
URA

Ura kotizatzen hasi da Wall Streeten. Kaliforniako urean inbertitu daiteke AEBetan, urrean edo beste edozein gai baliotsutan bezala. Beste pauso bat da giza eskubide bat —Nazio Batuek halakotzat jotzen dute 2010etik— komertzializatzeko bidean, eta askok ohartarazi dute 2007 eta 2008an gertatutako nekazaritza krisia berriz pitz daitekeela uraren kasuarekin. Orduan, nekazaritzarako sail handiak bioerregaia sortzeko baliatzen hasi ziren, eta janaria sortzeko sailak gutxitu egin ziren; klima aldaketaren espekulazioa areagotu zuen. Batera edo bestera, NQH20 indizeak finkatuko du aurrerantzean Kaliforniako uraren prezioa.

V
VIRGIN TELCO

Euskaltel konpainia Espainiako eta Kataluniako merkatuetarako marka berria erabiltzen hasi da: Virgin Telco. Sei hilabeteren ondoren, Euskaltelek jakinarazi du «arrakasta handia» lortu duela marka berriarekin, eta gainditu egin dituela taldeak aurreikusitako emaitzak. Maiatzaren 20tik 58.000 bezero lortu ditu Virginek. Horietatik, 43.000 finkoko bezeroak dira, eta 15.000 sakelakoenak. Euskaltelen helburua zen urtea amaitzerako 35.000 bezero finko lortzea, eta, azarorako, kopuru hori %23 handiagoa zen. Horrez gain, beste euskal konpainia bat lehiatzen hasi da aurten Hego Euskal Herrian: Guuk. Telefonia mugikorra eta zuntz optikoa eskaintzen du, eta Masmovil eta Dominion dira haren bazkideak. «Hemen eta hemengo pertsonentzat eginiko eskaintza da gurea», esan zuen Jon Ander de las Fuentes zuzendariak, konpainia aurkeztean.

Z
ZAMAKETARIAK

Aurten oihartzunik handiena izan duten grebetako bat izan da Bilboko portuko zamaketariena. 57 eguneko lanuztea urriaren 9tik abenduaren 5era egin zuten portuko hainbat zereginen liberalizazioak lanpostuetan izan ditzakeen ondorioen aurka protesta egiteko. Kontratu finkodun 315 zamaketariek eta lan poltsa historikoko 103ek egin zuten greba hamabi urte daramatzate behin-behinean. Zamaketarien eta Bilbo Estiba zamaketa enpresen elkartearen arteko harremana asko gaiztotu zen grebaren eraginez. Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzari muzin egin zioten enpresek, baina azkenean Espainiako Lan Ministerioak ezarritako bide orrian egon daiteke konponbidea. Hilaren 22an eginiko bileran, zamaketariek eta enpresek jarrerak gerturatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.