EKONOMIA. Urteari errepasoa

Moteltzearen zikloa hasi da

Kanpai baten hotsak hazkunde sendoaren garaia bukatu dela ohartarazi du, eta Mario Draghiren bazukarekin jarraituko duela dio haren ordezko Christine Lagardek; ziurgabetasun handia dago, bukatzen ez den 'brexit'-a tarteko, eta Trumpen gerra komertzialak merkatuak moteldu dituelako.

ELAren idazkari nagusi aukeratu zuten egunean. SINADURA.
xabier martin
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Behi gizenen aroa ez dela betiko esan du ekonomiak 2019. urtean, moteltzea krisiaren atarikoa izan daitekeela; edo ez. Erreleboen urtea izan da, halaber: erreleboa Nazioarteko Diru Funsan, Europako Banku Zentralean, Europako Batzordean eta Munduko Bankuan. Gertuago, erreleboak egon dira Confebasken, Adegiren eta ELA sindikatuaren zuzendaritzetan... Jokalari berriak dira joko-zelai berri batean, hazkunde apalagoaren jokalekuan, ziurgabetasuna goia jotzeko prest delarik. Trumpek bere gerra komertzialarekin jarraitu du, brexit-ak Europa astintzen dirau, eta pentsiodunak kalean daude oraindik amore eman gabe, haien erreibindikazioek bi urte bete eta gero; pentsioen sistemaren auzia inoiz baino kezka handiagoa sortzen ari baita, hala Euskal Herrian nola Espainian eta Frantzian ere. Jaka Horien protestek garbi utzi dute berriro. Hona 2019ko abezedarioa.

A
ARALUCE
Batz taldeak gaueko ordu txikietan itxi zuen Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresa, azaro hasieran. Beharginak lantegiaren atarian egon ziren, inork makineria eramatea eragozteko, eta tentsio uneak izan ziren fabrika zaintzen zuten ertzainekin. Azkenean, enpresaz kanpoko langileak eskoltatuta irten ziren. Gerora, itxialdiari ekin zioten langileek, baina fabrikak itxita jarraitzen du, eta 141 langile kalera joateko bidean daude.

B
BIZKAIKOMETALGINTZA
Bizkaiko metalgintzako lan gatazka sektoreko hitzarmen batekin bukatu zen: LAB, CCOO eta UGT sindikatuen eta FVEM patronalaren artean egin zuten ituna. Hamar greba egun eta manifestazio handiak egin zituzten sektoreko 50.000 langileen arteko askok, eta zortzi greba eguneko sorta hastear zela lortu zuten ituna adostea. ELAk uko egin zion hitzarmen kolektibo horri, haren ustez lortu dena baino gehiago lor zitekeelako. LABek akordioaren garrantzia azpimarratu zuen, besteak beste, estreinakoz lortu delako lan itun batek subrogaziorako eskubidea jasotzea.  

C
CONFEBASK
Lau urteko agintaldia bukatu ondoren, Eduardo Zubiaurrek erreleboa hartu zion aurtengo udan Roberto Larrañagari euskal patronalen konfederazioko presidentetzan. Adegi Gipuzkoako patronalak proposatuta izendatu zuten Zubiaurre; eibartar batek beste eibartar baten lekua hartu du, zeren Larrañaga ere —SEAk proposaturik jarria orain lau urte— eibartarra baita. Confebaskeko presidente berriak berehala esan zuen bere hartan nahi duela lan erreforma, Adegiren ildoarekin bat egiten duela argi utzita; ez alferrik, Adegiko presidente izan zen 2006. eta 2012. urteen artean. «Enplegu gehiago sortzen lagundu du; lan merkatuaren arauen erreforma batek oztopatu eta gelditu egingo luke lanpostuak sortzea», azaldu zuen.

D
DRAGHI
Euroaren salbatzailea badoa. EBZ Europako Banku Zentralak presidente berria dauka: Christine Lagardek erreleboa hartu zion Mario Draghiri udazkenean. EBZko presidente kargua hartu zuen garaian, 2011. urteko azaroan, bazirudien euroarenak egin behar zuela; bankuen hondoratzeei eta haren ondorioei aurre egiteko gaitasunik gabe, kinka larrian, kiebra jotzear zen Grezia, eta areagotuz zihoazen zalantzak Espainiaren, Italiaren eta Portugalen inguruan. Bada, 2012ko uztailean, historia diren hitz batzuk bota zituen: «Bere aginduen barruan, EBZ prest dago beharrezkoa den guztia egiteko euroa babesteko, eta, sinets iezadazue, asko egin daiteke». Draghiren bazuka esaten dioten horrek gaur arte izan du segida, pizgarrien politikarekin. 

E
ETORKINAK
Lan baldintzen aldeko behargin etorkinen borroka azaleratu da aurten inoiz baino gehiago, eta Huerta de Peralta enpresa (Azkoien, Nafarroa) bihurtu da borroka horren ikurrik handiena. Nekazaritza produktuak ekoitzi eta ontziratzen dituzten enpresa horretan, antolatu egin ziren migratzaileak iaz, eta hainbat helburu lortu zituzten. Enpresak LABeko ordezkari ziren lau langile kaleratu zituen, eta greba mugagabearekin erantzun zuten. Azkenean, akordioa lortuta amaitu ziren protestak, baina bide gogor baten ondotik: istiluak, salaketak, zaurituak eta baita langile bat kanporatzeko agindua ere, «agintaritzaren aurkako delitua» egitea egotzita.


Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta enpresako beharginek greba mugagabea egin zuten. Ekinklik

F
FINANTZAKETA
Eroskik bost urterako arnasa lortu du aurtengo udaberrian, bankuekin zorra birfinantzatuta. Bost urtez luzatu du 1.540 milioi euro itzultzeko epea, eta horrela lortu du «bere finantza etorkizuna argitzea», Agustin Markaide presidenteak ziurtatu duenez. Akordioak uxatu egin du kooperatiba elkarte anonimo bilakatzeko aukera, eta ez du derrigortzen aktiboak saltzera. Aurreko finantzaketa akordioetan agertzen ziren bi baldintza horiek. Itunak bitan banatzen du kooperatibaren zorra. Batetik dago zor amortizagarria deitu duena, mila milioi eurorena. Euriborra gehi %2,5eko interesa ordaindu beharko die bankuei horren truke, eta bost urtean ordaindu behar du. Bestetik, bullet deitutako zorra du, 540 milioi eurokoa —%0,5eko interes finkoa du, gehienez—. 2024an ordaindu beharreko zorra da hori.

G
GREBA OROKORRA
Aste batzuk barru, greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian, Eskubide Sozialen Gutunak deituta, eta ELA eta LAB sindikatuak buru direla. Sei urte baino gehiago joan dira sindikatuek azken greba orokorra antolatu zutenetik Hego Euskal Herrian. 2013ko maiatzaren 30ean izan zen, Atzeraldi Handiaren amaieran. Orain, «lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko» lanuzte orokorrera deitu dute. Azken hilabeteetan pentsiodunek egin dituzten aldarrikapenekin bat eginez antolatu dute greba; pentsioen arazoa denen afera dela esan dute, «egungo langileak etorkizuneko pentsiodunak izango baitira».

H
HUAWEI
AEBetako Gobernuak segurtasun arrazoiak argudiatu, eta betoa jarri dio Txinako teknologiaren ikurrik handienari: Huawei konpainiari. Txina-AEB gerra komertzialak aurrean eraman du Huaweiren helburua, munduan gehien saldutako smartphone-a bihurtzekoa, AEBetako merkatua itxi baitzaio. Finean, bizi-bizirik dagoen gerra komertzialaren isla izan da. Donald Trump eta Xi Jinping negoziazio betean daude orain, eta zatika bete beharko luketen akordio baten berri eman dute. Haren arabera, elkarri jarritako muga zergak bertan behera geratuko lirateke lehen zati batean. Ikusteko dago behin-behineko akordioak aurrera egiten duen. Atlantikoko frontean, berriz, Trumpek gogor jo du Europako Batasunaren aurka, eta Airbusi emandako laguntza publikoen kontura 6.900 milioi euroren muga zergak ezarri dizkie Europako hainbat produkturi, tartean euskal ardoa eta gazta.

I
ISTRIPUAK
Bost hilabetean bi istripu eta 346 hildako eragin ondoren, Boeing hegazkin konpainia estatubatuarraren 737 Max 8 modelo berria lurrean gerarazi dute mundu osoan. AEBetako konpainian krisi larria eragin du modeloak, eta baliteke modelo hori ekoizteari uztea. Aukera hori zabalik dago egun, nahiz eta horrek galera ekonomiko izugarri ekarriko liokeen Airbusen lehiakideari. Max 8a eta 9a ez dira edozein modelo konpainiarentzat: zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, modelo horiek datozen bost urteetako diru sarreren %33 ekarriko dizkiote enpresari. Boeingek 737 Max modeloko 4.636 hegazkin egiteko eskaera zorroa zuen martxoan, baina segurutzat jotzen da erosle askok atzera egin dutela.

J
JERUSALEM
CAF hautatu zuten abuztuan Jerusalemgo tren arinaren proiektua egiteko. Urtarrilean, jakin ondoren CAF Jerusalemgo tranbiaren kontratuan lehiatuko zela, hautagaitza kentzeko eskatu zion langile batzordeak. «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik», argudiatu zuten CAFeko langileen ordezkariek. «Israelgo hiria» esaten diotenaren ekialdea zeharkatuko du tranbiak, 1967an Israelek palestinarrei kendutako lurraldean. Lurralde okupatuetako koloniak elkartuko ditu proiektuak. CAFen lehiakide ezagunenek —Alstom frantziarra, Siemens alemaniarra eta Bombardier kanadarra— lehiaketa utzi zuten, adjudikazioa iritsi aurretik.

K
KAIKU
Jaurlaritzak Kaikuren %7,3 erosi du urri honetan, 6,6 milioi euroren truke. Ekarpen funtsari —Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, Mondragon Taldeak eta Kutxabankek osaturikoa— esnegintza konpainian zuen partea erosi dio Finantzen Euskal Erakundearen bitartez. Esne enpresaren %73,5 Suitzako Emmi konpainiarena da. Kaikurenaren gisako beste inbertsio bakar bat egin du orain arte Jaurlaritzak: 2018ko urtarrilean CAF tren konpainiaren %1,24 erosi zuen, 15 milioi euroan. Orduko hartan ere, Kutxabank tartean zen, hura CAFetik irten zenean egin baitzen operazioa.

L
LAKUNTZA
Apirilean amaitu zen Adolfo Muñozen aroa eta Mitxel Lakuntzarena hasi, baina hura izendatzeko biltzarrean, ELA sindikatuak argi utzi zuen aro bietan sindikalismo eredu bera baliatuko duela: kontraboterea. «Biltzar honetan ez da haria etengo. Bihar ere gaurko ildoarekin jarraituko dugu, ez baitago gauza iraultzaileagorik jendea antolatzea baino». Mitxel Lakuntza idazkari nagusi berriak (Iruñea, 1976) ordezkari gehien-gehienek emandako zilegitasuna dauka datozen urteetan euskal sindikaturik handiena gidatzeko. 736 ordezkarien botoen %95,02 lortu zituen, eta, harekin batera, afiliatuek batzorde eragile osoa onartu zuten.


Mitxel Lakuntza, ELAren idazkari nagusi izendatu zuten egunean. Jagoba Manterola / EFE

M
MOTELTZEA
Europako Batasuneko ekonomia moteltze sakon baten murgildu da, baina atzeraldiari izkin egin dio gaur arte. Krisiari buruz hitz egiten hasi dira han eta hemen, baina ziklo aldaketari izen bat jarri behar bazaio, egungo datuak eta dauden aurreikuspenak kontuan izanda, moteltzea da hori. «Ez dugu ikusten atzeraldi baterako arriskurik; baina, aurreko aurreikuspenetan ez bezala, orain ez dugu espero ekonomiaren hazkundeak berriro gora egitea 2020an eta 2021ean». Hitz horiekin laburtu zuen egoera ekonomikoa Pierre Moscovici Batzordeko Ekonomia komisarioak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,1eko erritmoan hazi da urteko lehen hamar hilabeteetan, aurreikuspena baino hamarren bat gutxiago; eta Nafarroan %2,5ekoan ari da, esperotakoaren azpitik halaber. Langabezia datuak ere okertzen ari dira, baina oraindik enplegua sortzen da.

N
NAVAL
Sestaoko (Bizkaia) ontziola historikoa likidazioan sartu zen 2018. urtean, eta, aurten, 174 langileak kaleratu dituzte epaitegiek babestutako dosier baten bidez. 150 langileri SEPIren beste ontzioletan aritzeko aukera eman diete, baina Cadizen (Espainia) eta Ferrolen (Galizia), oso urrun alegia. Langabezia nahiago izan dutenek gutxienez 120.000 euroko kalte-ordainak jaso dituzte, eta gehienez 150.000 eurokoak. Naval erosteko eskaintzarik ez da izan, eta kaleratzeko dosierrari helegitea jarri diote sindikatuek Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki dezan.

O
OBRAK
Anoeta zaharberritzeko obretan kontratazioari, soldatari eta lanaldiari dagozkien irregulartasun larriak izan direla salatu du ELA sindikatuak. Irregulartasun horiek Lan Ikuskaritzak berretsi ditu, eta isunak ezarri dituzte, 250.000 eurorenak azarora arte; soldatetan 4,5 milioiren zorrak ere badira, ELAren arabera. Sindikatuak 22 enpresa salatu ditu; 200 langile baino gehiago izan dira beharrean «dokumentazio faltsuarekin». ELAren salaketa larria da oso: «Anoetaren moldatze lanak etengabeko abusu eta iruzurretan oinarritu dira: miseriazko soldatak, lanaldi amaiezinak, langileen legez kanpoko lagatzea, dokumentuen faltsutzea...».

P
PENTSIODUNAK
Labe garaietako langileek 1992an egin zuten moduan, pentsiodunek oinez egin zuten Madrilerako bidea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, inflazioa bermatzen duen eguneratzea eta beren beste aldarrikapenak eskatzeko. Irailaren 23an abiatu ziren Bilbotik, eta hiru astean 400 kilometro egin zituzten, 22 etapatan. Rotatik (Andaluzia, Espainia) beste zutabe batek hartu zuen Madrilerako bidea. Urriaren 15ean bat egin zuten bi taldeek, eta biharamunean manifestazio jendetsua egin zuten Madrilen. Mobilizazioarekin bat egin zuten Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako pentsiodunen 250 plataformak.

 


Bilbotik ateratako pentsiodunen zutabea Madrilera iristen, urriaren 15ean. Kiko Huesca / EFE

R
RENOVE
Jaurlaritzak 21 milioi euroko aurrekontua izango du trantsizio energetikoaren alorrean, 2020an, eta tartean da autoentzako Renove plana, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auto zaharrenak berritzeko. Laguntzei buruzko zehaztasunik ez du eman oraindik. Aurten 5 milioi euro banatu ditu. Martxoaren 28an abiatu zuen plana. Jaurlaritzak 2.000 euro eman zizkien 2.300 pertsonari auto berri bat erosteko. Laguntza horiekin lau ibilgailu elektriko saldu ziren; 11 hibrido entxufagarriak; 417 hibrido normal; gas naturaleko 8; petrolio gaseko 257; eta gasolio eta gasolinazko 1.714.

S
SIEMENS GAMESA
Siemens Gamesak dozenaka langile kaleratuko ditu Zamudion (Bizkaia) eta Sarrigurenen (Nafarroa). Enpresak irabaziak bikoiztu ditu, baina seiehun langile kendu nahi ditu, kostuak txikitu eta errentagarritasuna handitzeko. «Neurri bigunak» negoziatzeko konpromisoa hartu du, dena den. Kaleratzeak bulegoko lanetan gertatuko dira.

T
TALENTUA
Orkestrak, Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, txosten bat kaleratu zuen urrian, eta hautsak harrotu zituen; kritika egin zien enpresa batzuei, kualifikazio handiko langileei ez dizkietelako behar besteko soldatak eskaintzen, eta nabarmendu zuen horregatik egiten dutela alde beste herrialde batzuetara. Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak erantzun zuen soldatak ez direla arazo «talentua erakartzeko». Graduatu berriek 1.500-1.700 euro arteko soldatak dituztela adierazi zuen. Ohartarazi zuen, baina, enpresen %70ek dituztela postuak betetzeko zailtasunak, eta bi arrazoi eman zituen: demografia, eta langileek duten formakuntzaren eta esperientziaren arteko aldea.

U
URSULA VON DER LEYEN
Urrian amaitu zitzaion agintaldia Jean Claude Junckerri Europako Batzordeko presidente karguan, eta azaroaren 1ean hartu zuen kargua Ursula von der Leyenek. Politikari alemaniarrak —Europako Alderdi Popularreko kidea da— Europako hiru familia politiko nagusien artean hautatu zituen batzordekideak: hamar sozialdemokrata, bederatzi kontserbadore eta zazpi liberal. Ekologistarik eta ezkertiarrik ez. Kargu hartzean, EBk datozen urteetan izango dituen erronka nagusietako batzuk aipatu zituen: gizarteak sistema politiko-ekonomikoari dion atxikimenduaren krisia, desberdintasun sozialak, merkataritza politika, neurri protekzionistak, eta iraultza teknologikoak sortzen dituen beldurrak, besteak beste.



Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Stephanie Lecocq / EFE

V
VILLAREJO
Espainiako Villarejo polizia ustelaren espioitza sarea baliatu zuen BBVAk, auzia daraman epailearen arabera, eta inputatu egin dute bankua. Epaileak egotzi dio sekretuak bilatu eta agerian uztea, eta ustelkerian aritzea, Villarejori ordainketak egin zizkiolako urte askoan espioitza lanen truke. Iberdrola ere lotu dute Villarejorekin. Ignacio Sanchez Galanek gidatzen duen konpainiak, zenbait informazioren arabera, politikariak, lehiakideak eta partikularrak zelatatzeko kontratatu zuen komisario ohia. Iberdrolak ikerketa bat abiarazi du.

X
XABIER ITURBE
Alberto Garcia Erauzkinen erreleboa hartu du Xabier Iturbek Euskaltel konpainiaren presidentetzan, baina enpresaren lema Zegona Erresuma Batuko funtsak hartu du aurten, akziodun nagusi bilakatu ondoren. Jose Miguel Garcia izendatu zuten udazkenean kontseilari ordezkari. Garciak Jazztel suspertzea lortu zuen, Frantziako Orangeren eskaeraz, eta berme horrekin iritsi da Euskaltelera; akzioa igotzeko helburu argia dauka. Euskaltelen zuntz sarea saltzeko asmoa eduki dezakeela ere hedatu da, eta alarmak piztu ditu horrek. Euskaltelen boteregunea galdu du, hortaz, Euskal Herriak, eta Eusko Jaurlaritzak ez du baztertu haren akziodun gisa sartzea, orekak aldatzen saiatzeko.

 


Xabier Iturbe Euskalteleko presidente berria eta Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkaria. Domi Alonso

Z
ZIUR
Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduan ireki zuen Ziur zentroa, enpresa industrialetan zibersegurtasuna sustatzeko. Hainbat zerbitzu eskainiko ditu: adibidez, aholkularitza emango die alor horretan beharrak eta arazoak dituzten enpresei, eta laborategi bat izango du, arriskuak ikertzeko eta aurreikusteko, eta langileei formakuntza emateko. Donostiako Zuatzuko parke teknologikoan du egoitza, eta 400.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtean.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.