Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Naturak babestuko bagaitu

2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gaur Biodibertsitatearen eguna dela eta, Fernando Valladares zientzialariaren hitzak ekarri nahiko nituzke gogora. Izan ere, hala erran zuen: COVID-19aren antzeko krisialdiei aurre egiteko txertorik hoberena natura osasuntsu bat dela, ekosistema bioanitzak dituena eta konserbazio egoera onean dagoena. Honez gain, hainbat ikerketak agerian utzi dute nola animalietatik gizakira salto egiten duten eritasun anitzek lotura estua daukaten ingurune naturalen inbasio eta suntsiketarekin. Honek denak erakusten digu gure indar guztiak bideratu behar ditugula gelditzen zaizkigun ekosistemak babestera eta kaltetuenak lehengoratzera. Natura babestu behar dugu, honek gu babestu gaitzan.

Euskal Herrira etorrita, ordea, biodibertsitatearen babesean pentsatzerakoan, burura etortzen zaizkidan lehen irudiak Zubietako erraustegi ondoko Arkaitzerrekan agertutako ehundaka arrainena edota Zaldibarko zabortegiarenak dira. Lehendabizikoan, GHK-k, isurketa gertatu eta berehala, ukatu egin zuen arrainen hilkortasunak Zubietako erraustegiarekin zerikusia izan zuenik. Egun gutxira, baina, «ingurumen gunearen» kudeatzaileari zigor espedientea ireki behar izan zion, kamioi batek amoniakoa zuzenean errekara isuri omen zuelako. Zaldibarren kasuan, berriz, bi pertsona desagertu eta hiru hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik erantzukizuna zeinena den argitu, eta, beraz, Europako Batzordeak auzia bere egin behar izan du. Azken gertakari hauek erakusten dute hondakinen kudeaketa, Euskal Herrian eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, ingurugiroa eta osasuna arriskuan jartzen dituen arazo handia dela, eta konponbidetik urrun dagoela.

Azkenaldian ohituta gaude bizi dugun osasun krisi honi aurre egin ahal izateko «Instituzioen eta herritarren arteko erantzukizun partekatuaz» hitz egiten aditzera. Bada, erantzukizun partekatu hau ere hondakinen kudeaketan aurrerapausoak emateko ezinbertzekoa dela azpimarratu nahi nuke. Herritarrek ahalmen izugarria dugu gure eguneroan sortutako hondakin kopurua murrizteko: plastikoz estalita dauden produktuak ez erosiz, berrerabiliz, sortutako hondakinak behar bezala bereiziz... Hala ere, administrazio eta enpresa handien erantzukizuna da benetako ekonomia zirkular integral baterako mekanismoak ezartzea: ekoizpen katearen lehen katebegitik ezarriko dena, eta hondakinentzako irtenbide eskasak bilatzeari uztea. Ez erraustegiek eta ez zabortegiek, ez lukete benetako ekonomia zirkular baten parte izan behar, eta, gainera, ez dira inolaz ere klima-aldaketaren aurkako borrokarekin bateragarriak, eta are gutxiago pertsonen osasunarekin.

Beraz, arazo horri modu integralean heldu behar zaio, eraginkorrak direla frogatu diren metodoen bidez. Hala nola atez ateko bilketa, konposta komunitarioa edo depositu- eta itzultze-sistemak. Horrez gain, estrategia komuna eta legea ezarri behar dira, Europako lege eta zuzentarauek ezarritako helburuak bete ahal izateko. Baina, betiere, ahaztu gabe hau guztia baliagarria izan dadin ingurumena babestea gako izan behar duela, bai behintzat naturak gu babestuko bagaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.