Ez dute tokirik izan Geroa institutuan egindako topaketan, baina entzun da haien ahotsa. Eurak ere biktima direla aldarrikatu dute. Eta beren memoria gordetzeko eskatu dute. Etxerat elkarteak batetik, eta Iñigo Cabacas zenaren gurasoak bestetik; biek ala biek protesta egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko alkateekin izandako bileraren atarian.
Etxerat elkarteak elkarretaratzera deitu du Euskal Memoriaren Institututik gertu, bilkura hasi baino ordu laurden lehenago. «Sakabanaketak hildako hamasei biktimen ahotsa» eramateko asmoz egin du protesta elkarteak. Sakabanaketak hildako hamasei lagun horiek ez baitira agertzen Bizitzarako eskubidearen urraketen udal erretratuak txostenean. «Noizko dispertsioak eraildako 16 senideen aitortza? Non dago haien memoria?». Mezu hori zuen pankarta bat erakutsi du Etxerat-ek elkarretaratzean.
Elkarteak bere ekarpenak jasotzen dituen gutuna eman dio Urkulluren idazkariari. Aurretik, Urtzi Errazkin elkarteko bozeramaileak azpimarratu du sakabanaketa politikak eragindako biktimen sufrimenduak aitortza merezi duela. «Oinaze hori aintzat hartzen ez bada, ezin izango dugu sekula egin herri honetan gertatu denaren benetako mapa bat», ohartarazi du. Halaber, gogoratu du ostiralero euskal presoen 700 familiak errepidera irtengo direlaespetxean dituzten hurkoak ikusteko, eta berriro sufrituko dituztela sakabanaketaren ondorioak.
Iñigo Cabacas gogoan
Iñigo Cabacasen gurasoak, berriz, Geroa eraikinaren atarian egon dira protesta egiten, semearen argazkia eta Justizia orain esaldia idatzita zuen pankarta bat eskuan. Lehendakariari auzia lehenbailehen argitzeko eskatu diote, hura haiengana hurbildu denean. Hark, berriz, erantzun die Jaurlaritza bera dela «auzia argitzeko lehen interesduna». «Ez dago gure esku justiziaren erabakiak azkartzea», adierazi die Urkulluk.
Biktima guztien memoria aldarrikatu dute kalean
«Sakabanaketak hildako hamasei biktima» aintzat hartzeko eskatu du Etxerat-ek.Iñigo Cabacasen sendiak «justizia» galdegin dio Urkulluri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu