Digitalizazioa hezkuntzan

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Klarionarekin edo errotuladorearekin idazteko balio duten arbel zurien eta berdeen ondoan —edo haien ordez— daude arbel digitalak. Ikasleek arkatzekin, boligrafoekin eta testuliburuekin batera sartzen dituzte motxilan ordenagailu eramangarriak eta tabletak. Teknologia ikasgeletako iruditegiaren parte bihurtu da aspalditxoan. Baina, orain, zeresana eman du Suediaren erabaki batek: hezkuntzako plan digitala berrikusiko du, eta milioika euroko inbertsioa hitzeman du testuliburuetara itzultzeko. Horiek horrela, galdera bat baino gehiago sortu dira: zenbateko tokia izan behar du teknologiak ikastetxeetan?, zer ekarpen egiten du?, ba al dago arriskurik?

Aditu batzuek eman dute gaiaren inguruan duten iritzia. Amaia Arroyo Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, eta digitalizazioan aditua. Haren esanetan, Suediak digitalizazioaren arloan «bat-bateko» erabakiak hartu zituen bere garaian, «askorik pentsatu gabe, adituekin kontrastatu gabe eta ebidentzietan oinarritu gabe». Orain, Arroyoren irudiko, konturatu dira erabaki batzuk «inongo irizpide teknopedagogikorik gabe» jarri zituztela martxan. Dena dela, ez dira «zuritik beltzera edo beltzetik zurira» igaroko: «Kontua ez da ez dutela erabiliko inolako gailurik, baizik eta esku artean dituzten digitalizazio plan guztiak berraztertuko dituztela».

Euskal Herrian, zer?

Eta, Euskal Herrian, digitalizatuta al dago hezkuntza? Nola dago kontua? Aldea dago lurraldetik lurraldera. Eusko Jaurlaritzak iaz onartu zuen azken bide orria, 2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana. Besteak beste, dokumentuan jasota dago gailuak jartzea Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasle guztientzat, baita halako gailuak ematea ere LH1etik LH4rako irakasleei. Gainera, «estrategia digitala» bultzatu asmo dute, material pedagogiko digitalak sortu eta irakasleentzako prestakuntza ibilbideak ezarri.ç

Ikusi gehiago:Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Urteak daramatzate bide horretan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Jaurlaritzak 2009an onartu zuen Eskola 2.0 egitasmoa, eta LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasgelak digitalizatu zituzten pixkanaka, ikasleentzako ordenagailuak eta arbel digitalak jarriz, besteak beste.

Nafarroan, Ikasnova proiektuaren inguruan ardaztua dago hezkuntzaren digitalizazioa. Nafarroako Gobernuak 2017-2018ko ikasturtean ezarri zuen, baina, praktikan, 2015etik garatzen ari zen eraldaketa digitalaren estrategia. Aurkezpenean, «zeharkako estrategia, horizontala, eleaniztuna eta ekitatiboa» dela esan zuen Nekane Orozek, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia zenak.

Funtsean, baina, zer da Ikasnova? Ikastetxe publikoak IKTez, robotikarako tresnez eta baliabide digitalez hornitzeko bidea da. Egunerokoan, baina, zuzendaritza taldeek eta irakasleek erabaki behar dute baliabide horiek noiz, nola eta zer helbururekin aplikatu. Programaren sustatzaileen arabera, «inklusioaren aldeko apustua» ere bada, baliabide digitalak ikasle guztien eskura jarrita, Ikasnovak aukera ematen baitu «gizarte desorekak leuntzeko, hezkuntza sistema orekatzeko eta ikasle denen berdintasuna bermatzeko». Maria Txibite lehendakariaren esanetan, LH4 eta Batxilergoko 2. maila arteko ikasle guztien eskura jarri dituzte Chromebook gailuak edo antzekoak.

Ikusi gehiago:Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Inbertsio handia egin du Nafarroako Gobernuak horretarako, baliabideak ez baitziren berberak zentro batzuetan eta besteetan: 2018an, 7,5 milioi euro erabili zituzten ikastetxe batzuetan wifi konexio egokia jartzeko, zaharkitutako gailuak berritzeko, ordenagailu eramangarri berriak erosteko, ikasgelak egokitzeko eta irakasleak prestatzeko. Iaz, beste 29 ikastetxetara hedatu zuten Ikasnova egitasmoa, eta aurten 12,5 milioira igo da egokitzapen digitalerako inbertsioa, gobernuak iragarri baitu 3.623 ikasgela digital eta interaktibo jarriko dituela ikasturte honetan.

Ipar Euskal Herrian, Frantziako Hezkuntza Ministerioak finkatzen du hezkuntzaren digitalizazioaren bide orria. Izan ere, lehentasuntzat daukate numeri- koaren garapena eta gidaritza plantan ezartzea: 2023tik 2027ra bitarteko bide orri bat diseinatu dute horretarako.

Hain zuzen ere, eskoletan, kolegioetan eta lizeoetan helburu desberdinak finkatu dituzte, eta partaidetzak finkatu dituzte maila bakoitzari dagokion instituzioarekin. Hortaz, Ipar Euskal Herriko lehen eta bigarren mailetan digitalizazioan laguntzeko partaide dira herriko etxeak, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Akitania Berriko eskualdea. Besteak beste, ikastetxeak ordenagailuz hornitzen dituzte.

Ikusi gehiago:Donibane Lohizune. Software librea lagun

Lehen mailako eskoletan helburu hauek dituzte digitalizazioari dagokionez: ikasleek pantaila aitzinean pasatzen duten denbora murriztea eta, aldi berean, tresna numerikoak egoki baliatzen ikastea, horretarako, ahal den neurrian, «tresna libre eta burujabeak» erabiliz. Izan ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak apustua egin du software libreen alde, eta eskaintzen dituen tresnek Framasoft izeneko sare librea erabiltzen dute. Kolegioetan, tresna berak erabiltzen dituzte, eta helburutzat daukate ikasleak algoritmoei buruz, datuei buruz, eta zibersegurtasunari buruz formatzea. Lizeoan, horrez gain, arlo numerikoan lan egin nahi duten ikasleen artean den genero arrakala txikitu nahi dute, neskei numerikoaren arloko lanbideei buruzko sustapen berezia eginez. Halere, nabarmentzekoa da ikastetxe guziak ez direla oraindik bide orri horretara egokituak, baina lau urteko epea jarri du Frantziako Hezkuntza Ministerioak denek oinarri horiek lortzeko.

Gailuak baino gehiago

Ordenagailuak, pantailak, planak... Baina Arroyok galdera bat bota du: zer da hezkuntza digitalizatzea? Baita erantzun ere: «Baldin bada gailuz betetzea gure gela guztiak, uste dut Euskal Herrian, orokorrean, gailuz nahiko beteta dauzkagula gelak». Baina: «Digitalizazioa integrazio modutzat hartzen badugu, hau da, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetan teknologiak modu pertinentean eta zentzudunean sartzeaz ari bagara, uste dut oraindik badaukagula bidea egiteko». Badago zereginik, beraz: «Orain hasi gara pixka bat ulertzen hezkuntzaren digitalizazioa ez dela hainbeste gailuak sartzea, baizik eta pentsatzea zergatik, noiz eta, batez ere, zertarako behar dugun».

Ikusi gehiago:«Googlek daukan informazioa kualitatiboki oso preziatua da»

Zergatik. Noiz. Zertarako. Galderak bai, baina ba al dago horientzako erantzunik? «Ez dago formula magikorik», dio Arroyok. Mondragon Unibertsitateko irakaslearen irudiko, testuingurua aztertzea ezinbestekoa da, eta, batez ere, irakasleek gogoratu behar dute teknologiak «balio erantsia» eskaini behar duela hezkuntza prozesuan.

Alabaina, galderak galdera eta zalantzak zalantza, Arroyori iruditzen zaio teknologiak ezinbestean izan behar duela ikasgelen parte, eskola ezin delako bizi gizarteari bizkarra emanda: «Teknologia guztia eskoletatik kentzen badugu, haien testuingurutik are gehiago deskonektatzen ari gara».

Urtza Garai ere baiezkoan dago. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa da, eta nabarmendu du hezkuntzaren egiteko bat dela ikasleen alfabetatze digitala: «Alfabetatze digitala ez da gailuak erabiltzen ikastea bakarrik: teknologiarekin, teknologiari buruz eta teknologiaren garapenarentzat ikastea ere bada». Izan ere, uste du hori garatu ezean ikasleak «bigarren mailan» geratuko direla, eta, gainera, arriskuak har ditzaketela: «Uzten badugu teknologiaren ikaskuntza eta irakaskuntza eredu ez-formalaren esku bakarrik, askok bakarrik ikasiko dute, eta bakarrik ikasteak berekin dakar askoz arrisku gehiago izatea aurrean».

Ikusi gehiago:Aldaketa zantzurik gabe

Adituen ustez, beraz, teknologia ikastetxeetan izateak baditu abantailak. Arroyok aipatu du horietako bat, ikasleei input desberdinak jasotzeko aukera ematea: «Ume bat, agian, hobeto moldatzen da gauza bat ulertzeko modu bisualean; beste bat, testu bat irakurrita; beste bat, ahozko azalpen baten bidez... Orduan, multimedia oso baliagarria izan daiteke ikasleen aniztasunari erantzuteko, adibidez».

Hezkuntzan aparteko beharrak dituzten ikasleak ere gogoan ditu Arroyok: «Badaude programa batzuk oso erabilgarriak direnak hezkuntza premia bereziak dituzten umeentzat. Adibidez, Irakurle Digitala sekulako oparia da dislexia daukan umearentzat, ahots batek laguntzen baitio irakurtzen ari den hori ondo irakurtzen ari ote den ikusten». Baita maila sozioekonomiko apalena dutenentzat ere: «Eskolak digitalizazioa geletatik ateratzeko hautua egingo balu, arrakala sozioekonomikoa eta digitala pairatzen duten ikasle horien kontra joango litzateke, ze, agian, ikasle horiek eskolan bakarrik daukate harremana gailu batekin, eta bertan soilik alfabetatu daitezke, haien gurasoek ez daukatelako hori eskaintzerik». Beraz, iruditzen zaio eskola izan daitekeela leku bat arrakala digitalari aurre egiteko estrategiak lantzeko.

Garaik ere erabilgarritasun bat baino gehiago ikusten dizkio teknologiari, eta nabarmendu du testuliburuak ere ez direla perfektuak: «Uste dut testuliburuak ez direla hain neutroak, badituztela atzetik hainbat gauza. Adibidez, emakumeen presentzia txikiagoa dute». Kontrara, hainbat arlotan etsaitzat hartu izan den adimen artifiziala, adibidez, baliagarria iruditzen zaio zenbait kasutarako: «Lagundu dezake irakasleei hainbat jardun mekaniko kentzen. Horrela, irakasleek denbora gehiago izango dute sormenari lotutako gauzetarako edo ikasleekin eta familiekin dituzten harremanak lantzeko».

Arriskuak mahai gainean

Oro ez da urre, ordea. Eragin ditzakeen kalteei ere erreparatu die Arroyok. Argi mintzo da: «Nire ustez, gehiegi erabiltzea arriskutsua da». Alde txar hau ikusten dio: «Pantailek gure arreta guztiz harrapatzen dute. Edozein estimuluk, gehiegi erabiltzen badugu, bere funtzioa galtzen du». Halaber, gogorarazi du bestelako baliabideak ere erabili behar direla ikasteko eta irakasteko: «Pantailak ezin dira izan bide bakarra gauzak lantzeko; hezkuntzan askotariko estimuluak behar ditugu». Gainera, «eduki desegokiei» ere arreta jarri behar zaielakoan dago, baina iruditzen zaio halakoak eskolatik kanpo geratzen direla gehienetan. «Uste dut teknologiak mundura zabaltzeko aukera ematen duela, baina, betiere, ondo aukeratuta noiz, zertarako eta zergatik».

Garaik, kantitateari baino gehiago, moduei erreparatu die: «Uste dut arriskuak daudela ez badugu ondo planifikatzen eta bideratzen alfabetatze digitalaren garapena. Adibidez, ikasle batzuek beste batzuek baino garapen handiagoa izan dezakete, eskolaren edo testuinguruaren arabera». Alabaina: «Zenbat eta alfabetatze digital handiagoa eduki, orduan eta arrisku gutxiago egongo dira. Adibidez, nik badakit badaukadala identitate digital bat eta baditudala arrisku batzuk. Zein diren baldin badakit, murriztu egingo ditut».

Ikusi gehiago:«Ontsa pentsatu behar da zertarako sarrarazten diren pantailak eskolara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.