COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina hasi zenetik hilabete oso bat igarota, Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k hartu dute dosi bat gutxienez; gutxiago dira horietatik txertaketa prozesu osoa bukatu dutenak, bi dosiak hartuta: %1,4. Kopuru osoetan esateko, 107.000 inguruk hartu dute txerto bat, eta horietatik 35.400 inguru txertatu dira erabat —ez da Ipar Euskal Herriko daturik—. Txertaketak orain arteko erritmo berean segituko balu —astean 25.000 txerto inguru jarriz—, ia hiru urte beharko lirateke Hegoaldeko herritarren %70 txertatzeko. Hiru urte baino lehenago sortuko dira baldintzak txertatzea bizkortzeko, baina hasiera zaila izan du txertatze kanpainak.
Espainiako Gobernuak helburu jarri zuen martxoa bukatzerako herritarren %5,3 inguru txertatzea. Eta Hegoaldeko herritarren %5,3 martxo bukaerarako txertatu ahal izateko, 150.000 lagunek jaso beharko lituzkete bi dosiak. Alegia, astero 30.000 txerto jarri beharko lirateke hurrengo zazpi asteetan. Oraingo txertaketa erritmotik ez dago urruti kopuru hori, astero 19.000 eta 26.000 txerto artean jartzen ari dira eta. 150.000 lagun horiek txertatzea lortuko balitz, aurreneko helburua beteko litzateke, zahar etxeetako erabiltzaile eta langileak eta osasun arloko profesional guztiak txertatzeko aukera izango litzatekeela kopuru horren barruan.
Hornidura da arazoa
Baina problema beste bat da une honetan: txertoak ez dira iristen ari esperotako erritmoan. Europan, hori da talde immunitatea azkar samar lortzeko arazo nagusia oraintxe. Modernak produkzio arazoak ditu. AstraZenecarekin, berriz, liskar batean ibili da Europako Batasuna, enpresak ez dituelako igorri agindutako txertoak. Pfizerrek bere produkzioa egokitu beharko duela esan du, espero zuelako beste etxeetako txertoekin osatuko zutela hornidura estatuek. Txerto berriak dira, gainera, eta laborategiek prestatu egin behar dute ekoiztu ahal izateko. Planifikazio arazoak izan dira, eta Europara ez da iristen ari espero adina txerto.
Hego Euskal Herrian Pfizer-BioNTechen txertoak jarri dituzte batez ere orain arte —Pfizerren 145.000 dosi jaso dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta Modernaren 10.000 eskas; Astra Zenecaren lehenak atzo iritsi ziren, 12.000 inguru—, eta frogatzen ari dira immunitatea lortzeko eraginkorragoa dela bi dosiak ematea. Erresuma Batuak beste era batera jokatu du: txertoen dosi bakarra ahalik eta jende gehienari ahalik eta azkarren ematea hobetsi du, norbanako bakoitzarentzat babesa txikiagoa izan arren taldearentzat onuragarriagoa izango delakoan. Txerto gehienek dosi bakarrarekin %60 inguruko eraginkortasuna dutela ikusten ari dira, eta bi aldiz txertatuta, %90 ingurukoa.
Hego Euskal Herriko administrazioek hobetsi dute txertoaren bi dosiak ematea. Orain arte jasotako txerto guztien %67 inguru jarri dituzte. Atzo iritsi ziren txertoak, eta %86 jarriak zituzten atzo arte. Europan leku askotan ari dira hornidura arazoak agertzen: Madrilgo eta Parisko ospitaleetan kanpaina atzendu dute, eta Alemanian, Jens Spahn Osasun ministroak adierazi du balitekeela txertoen «eskasiak» apiril erdira arte irautea. Txertoen hornidura konpondu beharko dute Europako Batasunak eta estatuek, erritmoa bizkortu nahi badute.
Berez, txertatze kanpainaren hasiera motela izango zela eta apiriletik aurrera bizkortuko zela espero zuten. Espainiako Gobernuak esana du asmoa duela ekainerako herritarren %40 txertatzeko eta urtea bukatzerako gehienak. Baina posible da? Hornidura arazoak konponduz gero, hor nonbait. Baina txertatzeko erritmoa asko handitu beharko litzateke. Ekainerako Hegoaldeko herritarren %40 txertatzekotan, 120.000 txerto jarri beharko lituzkete ekain bukaera arte, astero, etenik gabe. —1.150.000 herritar txertatzeko, bi aldiz—.
Txertatzeko erritmoa
Hegoaldeko herritarren %70 txertatu nahi badira urtea bukatzerako, berriz, ia bi milioi herritar txertatu beharko lirateke. Urtarrileko aste onenean 26.000 txerto jarri zituzten; erritmo horretan jarraituko balitz, %70 bi aldiz txertatzerako 2024ko otsaila izango litzateke. 2021eko abenduan %70engana iritsi nahiko balitz, berriz, 85.000 txerto jarri beharko lirateke astero, etenik gabe —oraingo txertatze erritmoa 3,3 aldiz bizkortu beharko litzateke—.
Estatuek ordaintzen dituzte txertoak, eta osasun zerbitzu publikoek jarriko dituzte, eta, helburua lortzeko, aintzat hartu beharko dira pandemiaren egoera, ospitaleetako presioa, osasun arloko langileek pilaturiko nekea, zenbat baliabide jarriko dituzten, formakuntza... Aldagai askok eragingo dute prozesuan.
Hurrengo galdera da talde immunitatea lortzeko herritarren ehuneko zenbat txertatu behar diren. Zientzialarien artean adostasun nahikoa dago esateko gutxien-gutxienez %60 txertatu beharko liratekeela, baina aditu batzuek uste dute %85 txertatzera iritsi beharko litzatekeela talde immunitatea ziurtatzeko.
Eta beste bi zalantza ere badira airean: txertoek zenbat denborarako immunizatuko duten, eta zabaltzen ari diren birusaren aldaera berrien aurka eraginkorrak izango ote diren. Ikusteko dago hori guztia ere, kanpaina hasi besterik ez baita egin, Europako Batasunari egin zaizkion kritikei erantzunez Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramaileak esan duenez: «Kanpaina bukatu balitz bezala ari gara epaitzen hau; eta hasi besterik ez da egin».