Alderdi askotatik izan zen interesgarria ETB1eko Ezberdinak saioaren aurreneko atala, joan den asteazkenean. Alex Sardui eta Leire Martinez, Gatibu eta La Oreja de Van Gogh taldeetako kantariak hurrenez hurren, elkartu zituen Julen Telleria aurkezleak grabazio estudio batean, honetaz eta hartaz mintzatzeko, bereziki profesional gisa batzen eta bereizten dituztenei erreparatuz.
Lehendik haren berri handirik ez nuelako edo, oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan Martinezen adierazpenetako batzuk. Ospearen ondorio okerrenak kudeatzeren zailtasunei buruzkoak bereziki. Konbentzimendu eta sinesgarritasun osoz egin zuen aldarria: «Kanpoko inor ez da etorriko esatera nor naizen ni».
Esanguratsua izan zen sarean batari zein besteari albiste bila hasitakoan agerian geratu zen kontraste nabarmena: Martinezi buruzko albiste guztietan musika ez zen aipatu ere egiten edo bigarren planoan zegoen, kontu pertsonalak ziren nagusi. Prentsarik horienaren zerbitzuko paparazzien jazarpenaren biktima izan zenekoa ere oso modu naturalean kontatu zuen.
Saioaren planteamendua interesgarria da eta pentsatzekoa da fruitu onak emango dituela aurrerantzean, gonbidatuen aukeraketan asmatuz gero behintzat, lehen saioan asmatu zen bezala.
Nolanahi ere, zorrotz jarrita, bi elkarrizketatuen arteko adostasunak ez zuen bat egin saioaren izenburuarekin eta planteamenduarekin. «Gai askotan muturreko iritziak dituztela jakingo dute bai Leirek eta baita Alexek ere, baina beste zenbait arlotan euren ikuspuntuak hain urrun ez daudela ere ikusiko dute», iragarri zuen ETBk saioaren berri emateko zabaldutako oharrean. Saioa ikusi ostean, ordea, argi geratu zen gehiago zirela adostasunak «muturreko iritziak» baino, eztabaidagarriak izan zitezkeen gaietan ere berehalakoa eta erabatekoa izan baitzen Sardui eta Martinezen arteko adostasuna.
Lehen ere agertu da gaia Ekografia hauetan —nire arkanbele kantetako bat dela esan daiteke—: debate sakonen falta sumatzen da ETBn, eta euskal kulturan oro har. Patxadatsuak, gogoetatuak, arrazoituak, argumentatuak, haserrerik eta oihurik gabekoak ahal baldin bada, baina sakonak, eta horretatik, duen balioa eta interesa ukatu gabe, oraingoz behintzat, urrun samar sumatzen dut Ezberdinak.
EKOGRAFIAK
Ezberdin irizkideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu