Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kanpaia, arrauna, gurdia eta idiak

2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Disney Euskaraz taldeak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin duen eta BERRIAk bikoizleen grebari eta euskarazko bikoizketaren egoera larriari buruzko artikulua argitaratu duen aste berean, gaiarekin zerikusia duen artikulua irakurri dut Bernardo Atxagaren Kilker bat autopistan liburuan (Pamiela): Non jo behar zaio kanpaiari?

Gipuzkoako herri batean kanpai handi batekin gertatu zena dakar gogora Atxagak. Kanpaia elizako dorretik erori zenez, lau puska egin behar zen fundiziora eraman eta osatzeko. Herriko indartsuenek, jo eta jo, ezin kanpaia puskatu. Orduan, «gizon txiki-txiki bat mailu txiki-txiki batekin» etorri zen, eta indar gutxiko kolpe bakar batez lortu zuen kanpaia lau puska egitea, kolpea kanpaiak duen giltzan jo zuelako, «puntu klabean».

Kanpaia euskararen metafora bihurtuta, Atxagak galdetzen du: «Non dago kanpaiaren giltza orduan? Non sartu behar dira dirua, lana, zaintza, kritika eta gainerako eragileak euskara hizkuntza zoragarri bihurtzeko, hizkuntza pragmatiko bat zeinaren erabilerak atsegina eta poza emango duen, informazioa, jakintza, zoriona...?» Atxagak ez du dudarik: giltza hori itzulpena da.

Itzulpenaren garrantziaz ohartarazten 30 urtetik gora daramate euskal idazle ezagunenek, kanpoko literatura euskarara ganoraz itzultzea ezinbestekoa dela esaten, itzultzaileen ekarpena funtsezkoa dela euskal prosarentzat eta literaturarentzat. 30 urte horietan, literatura asko euskaratu da, ondo gainera, gero eta hobeto, baina oraingoz emaitza bikain horiek kasu bakanetan baino ez dute lortu irakurle kopuru itxuroso batengana iristea.

Azken urteetan ETB1ek ia erabat baztertua du itzulpena, hau da, ikus-entzunezko fikzioaren azpititulazioa eta bikoizketa, kanpaiaren giltza beste nonbait dagoela iritzita, edo kanpaiak ez duela giltzarik eta ezin dela puskatu, edo EITB kanpaiaz futitzen delako aldameneko kanpaia, ETB2ren dorrekoa, bere lekuan dotore ikusten duen bitartean... Auskalo!

Baina, euskararen kanpaiari ikuspegi orokor batetik begiratuta, literatur itzulpengintzan hainbeste aurreratzen den bitartean ikus-entzunezkoetan itzulpengintza erabat abandonatuta uztea ez ote da, batetik, nork bere aldetik arraun egitea, eta, bestetik, gurdia idien aurrean jartzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.