Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Umezurtzak

2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Askotan esan izan dut nire nerabetasunaren eraikuntzako bi zutabe nagusiak Dragoi bola eta Geroh izan zirela. Ormaiztegiko (Gipuzkoa) grunge-stoner taldearen berri ez duzue izango gehienek (gaur bertan bete zulo hori, mesedez), baina Son Gokuk eta konpainiak ziur zuen bihotzetan ere nirean dutenaren antzeko aterpetxoa izaten jarraitzen dutela. Haien aurretik, Flannery eta bere astakiloek, Poli eta Loinazek edo Super Bat-ek gidatu gintuzten. Eta garrantzitsuagoa dena: gure hizkuntza, euskara, etxetik eta eskolatik kanpo ere bizirik zegoela erakutsi ziguten.

Ez dakit berriz Dragoi bola ikusten saiatu zareten sekula, baina bitxia da nola bertako hizkuntza arrotz egin zaidan. Bitxia da, «hi, txo!» edo «birrinduko haut!» haiek erabat natural egiten zitzaizkidalako haurtzaroan. Horixe izan zen Xabier Amurizak eta konpainiak Dragoi bola itzultzean lortu zuten gauzarik handiena: euskara jasoago bat lurrera jaitsi zuten, haurrek natural moduan barneratu zuten arte. Eta orduan? Zergatik egiten zait arrotz gaur egun? Are gehiago, aldi berean, igande arratsaldetako edozein telebista kate jeneralistetan emititu dezaketen blockbuster kaskar batean 11 urteko haur bat «¡Caracoles!» esaten entzun eta belarrietatik odoletan hasten ez naizenean? Ba, Son Gokuren ondoren umezurtz utzi gintuztelako. Dragoi Bola-ren ostean, ez genuen intereseko ekoizpenik topatu euskaraz. Zinemaz maitemintzen hasi ginen, eta ikusi nahi genituen filmak edo telesailak gaztelaniaz edo jatorrizko hizkuntzan zeuden soilik. Euskara berriz ere ikasketa eta lagun edo familiarteko hizkuntza soila izatera itzuli zen.

Irailaren 2an, 3 Ene Kantak saioa estreinatu zuen ETBk bere hirugarren katean. Gaur egun ohikoa beharko lukeen bideari jarraituz, sarean zein kalean arrakasta izugarria lortu ondoren, telebistara egin dute jauzi Astonauta, Satorjator eta Ene Kantak-eko unibertso osoak. Jokaldi hori ez da oso ausarta, egia esan, baina bai oso pozgarria. Kantuaren eta dantzaren bidetik jolasa, ariketa fisikoa, harreman osasuntsuak eta sormena lantzen dituzte bertan. Irribarre batez, maitasun handiz egina dela nabari den saio batekin. Eta garrantzitsuena: euskaraz. Ea saio bikain horretaz gozatuko duen belaunaldia umezurtz uzten ez dugun heldutasunera iristen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.