Izan daiteke autoboikoterako gaitasuna, gure belaunaldiak prokrastinaziorako duen joera —zenbat aitzakiarako ematen duen millennial izateak—, ala, besterik gabe, marmotaren eguna etengabe bizitzearen sentsazio arraro hori. Berriro egin dut. Egin beharreko lanak kolore biziz sakelakoan jarri, oraingoan denboraz ibiliko naizela zin egin nire buruari, ordenagailua piztu lanerako ordu dezente aurretik ditudala jakinda, eta... nire eginbeharrak baino puskaz interesgarriago diren bideoak eta telesail berriak deskubritu sarean —baliagarriak izango diren aitzakian—. Eta berriro, irtenbide bera: EITBk estreinatu berri duen websailaz idatzi: Maialen Sorzabalbereren eta Amaia Rojoren Puntu Koma websaila aurkeztu zuen joan den asteartean EITBk. Sara Cozar, Iñake Irastorza, Mikel Ibarguren, Iñigo Gastesi, Farba Sheikhan eta Iñaki Beraetxe dira aktoreak. Trama nagusia, berriz, ospitaleko gela batean gertatzen da. Ordura arte elkar ezagutzen ez zuten kide batzuk bildu dira koman dagoen Koldoren bueltan. «Umorea» zuten abiapuntu Sorzabalberek eta Rojok, baina «dramara eta intrigara» eraldatu da websaila. Aktore ezagunak, hurrengo atala ikusteko gogoa edukitzeko besteko pizgarriak, gidoilarien freskotasuna eta hurbileko gaiak. Eduki beharko lituzke, beraz —eta, berez—, nahikoa osagai gutxieneko arrakasta izateko.
«Euskarazko lehen websaila» izango zela esan zuen Next Stationek proiektua martxan jartzerakoan. Denbora bezain azkar aldatzen dira boladak, ordea, eta ez da inondik ere, euskaraz egindako estilo horretako lehen saila izango. Aurrez ere egin dira beste batzuk: dela Deus ez da perfektua, dela Txoministak, Nomofobikak, Gutuberrak... Dagoeneko ez dago formatuaren berrikuntza hutsagatik interesa pizterik. Hori bai, (hedapenez eta iraupenez) laburrak eta aurrekontu handiegirik gabeak izan dira gehienak. Laburregiak euskarazko fikzioaren hutsunea betetzeko.
Telebistan ere egin dio lekua EITBk Puntu Koma serie digitalari: Gure Kasa saioaren ostean. Sei asteko iraupena izango du, eta ikusteko dago nolako hedapena izango duen. Baita balizko bigarren denboraldi baterako ezer gorde duten ere. Ez litzateke seinale txarra: formatu laburrarekin ere bizitza luzea eta oihartzun zabala edukitzea. Bai, behintzat, aurreko saiakerek baino gehiago.
EKOGRAFIAK
Errepika?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu