Niri ere gaizki iruditu zait ETB1eko Autentikoak saioa gehiago ez egiteko erabakia. Bereziki, sei atal besterik ez dituztelako eman. Mikel Pagadik eta Fermin Etxegoienek lan txukuna egin dute aurkezten, baita gainerako lantaldeak ere. Ez da nire gustuko programa bat, eta soilik bi aldiz ikusi dut. Baina iruditzen zait «ikusle datu txikiak» (%1,36ko kuota) eta helburu zuten «tonura» —sei ataletan— ez iristeak ez duela justifikatzen Autentikoak euskarazko telebista publikoaren programaziotik kentzea. Bat, estreinaldian %1,8ko ikusle kuota izan zuen, eta %0,4ko aldeari eutsi ez diolako kenduko dute; eta, bi, late night formatu baten «tonua» denbora ezin laburragoan garatu ez dutelako. ETB zer da, publikoa ala pribatua? Zenbat late night egin dira azken urteetan ETBn? Eta euskaraz? Eta zuzeneko emisioarekin? Euskarazko kate publikoaren kasuan, ikusle datu txikiak saio bat programaziotik kentzeko argudio gisa erabiltzea akatsa dela esango nuke. Bestela, hiruko erregela erabilita, ETBko arduradun askok kalean egon beharko lukete jada. Ez dakit zer pentsatuko duten bertako eduki arduradunak eta zuzendariak, esaterako.
Euskarazko ikus-entzunezko sektorean jende (gazte eta heldu) asko dago edukiak egiteko gaitasunarekin, ilusioarekin eta gogoarekin. Atzo EITBren webgunean estreinatutako Puntu Koma websaila da horren adibide bat. Hamar minutu inguruko sei atal ekoiztu dituzte. Lehenengoa sakelakoan ikusi dut. Istorioak gutxi egiten du aurrera, baina nahikoa informazio dago ikusleak hurrengo atala ikusteko gogoa izan dezan. Hori da websailen elementurik indartsuenetako bat, eta ondo baliatu dute. Errealizazioa eta aktore lanak txukunak dira; bereziki gustatu zait sarrerako grafismoa. Datorren astera arte itxaron beharko dut beste atal bat ikusteko —edo bost aste luze pasatu guztiak aldi batean ikusteko—. ETB1en, berriz, astelehenean emango dute lehen atala.
Hiruko erregela ez da tresna egokia kultura edukiak kudeatzeko orduan. Ezta produktuen emaitzen zenbakietan soilik oinarritzea ere. Kudeaketa publikoan eta hizkuntza gutxituen kasuan are gutxiago, esango nuke. Etengabeko aldaketa garaia bizi du telebista sistemak, eta horri ondoen egokitzen ikasteko prozesua konplexua da. Arduradunentzat, baita eragileentzat ere.
EKOGRAFIAK
Hiruko erregela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu