Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Diplomatikoegi

2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Partekatuko al zenuke telebistako platoa Donald Trumpen estrategia gidatu zuen pertsonarekin? Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak BBCren gonbidapena errefusatu du. Ez, ordea, telebista saio batean egoteko; BBCk antolatu duen hiru eguneko kongresuan parte hartzeko baizik. Bertan egongo zela promestu zion Sturgeonek BBCri, baina geroago mezu elektroniko bat jaso du adieraziz Steve Bannon AEBetako presidentearen estrategia buru ohia ere gonbidatu dutela. Sturgeonek eta Bannonek ez lukete mahairik partekatuko, egun ezberdinetarako gonbidatu dituztelako. Halere, Eskoziako lehen ministroak ez du zuzen ikusten Bannon ekartzea, eta ez da BBCren ekimenean izango.

Dioenez, «muturreko eskuin politika normalizatzeko eta legitimatzeko arriskua» zabalduko litzateke, «ikuspegi arrazistak» askatasunez adierazteko aukera ematen bazaio. Bannonek 2017ko abuztuan utzi zuen Etxe Zuria, eta ordutik Europako eskuineko alderdi politikoekin kolaboratu du. BBCren jokaera gogor kritikatu du Sturgeonek, «xenofobia» bultzatzen duen pertsona baten parte hartzea ontzat emateagatik. «Adierazpen askatasuna babesten dut, baina, Eskoziako lehen ministro naizen aldetik, erabaki zuzenak hartu behar ditut. Negargarria da BBCk gonbidatuak egoera honetan jarri izana». Halako kasuetan, ohituak gaude jarrera diplomatikoetara. Besteak beste, ekonomia eta kultura gaietako harremanak —politikoak, zer bestela?— elkarrizketa bidez negoziatzera. Salbuespenak daude batzuetan, eta Eskoziako lehen ministroaren erabakia horren adibidea da.

Aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sarietan, aldiz, diplomazia hobetsi dute. Euskarazko kazetaritzaren historia garaikidea zedarritzeko garrantzitsuak izan diren hamar eragile saritu dituzte. «Bidegileak eta bide erakusleak». Tartean, nire harridurarako, EITB.

Xabier Lasak hala esan zuen igandean, BERRIAn: «EITB generikoki aipatzeak etxe hori bere osotasunean aitortzea dakar». 1980ko hamarkadan euskararen normalizaziorako sortutako telebistaren gaztelaniazko kateak, ETB2k, zein ekarpen egin dio euskarazko kazetaritzari? Areago, hizkuntzaren aldeko zer-nolako atxikimendua bultzatu die euskarari lotuak egon ez daitezkeenei? Diplomatikoegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.