Konfinamenduaren ondoren mendira joateko grina zabaldu zenean, ETB1eko Eztabaidan saioko gonbidatu batekez dut gogoan nork esan zuen: «Barruan daukagun Juanito Oiarzabal atera zaigu denoi!». Berehalakoa izan zen nire erreakzio sumindua: «Et, et, et», egin nuen oihu neure artean halakorik egin baldin badaiteke. «Nik ez daukat Juanito Oiarzabalik barruan. Baita zera ere! Horixe besterik ez genuen behar!».
Horixe etorri zait gogora hau irakurri dudanean EITBk hedabideetara igorritako agiri batean: «Datorren urtarrilaren 7an, osteguna, El Conquistador del Caribe abentura saioak edizio berri baten lehen atalaren aurrestreinaldia egingo du Donostiako Kursaalean, urtarrilaren 11n hasiko baita ETB2n eta eitb.eus-en denboraldi berria».
Berez, ez daukat ezer pertsonalik Juanito Oiarzabalen aurka, eta seguru nago berarekin mendi buelta bat egingo banu ederki moldatuko ginela biok, baina bien bitartean ezin dut burutik kendu gizona El Conquis-eko izar nagusietako bat dela, eta El Conquis aipatu orduko amorrarazten nauten kontu asko datozkit burura, eta legenak larruazalera: ETBk edulkoratutako kanpaina gezurtiak gorabehera, gaztelaniari ematen dion lehentasun zapaltzailea; (ustezko) euskaltasunaren erabilera zabar eta politikoki deitoragarria; edukazio txarraren sustapen debaldekoa; hitz zakarraren eta biraoaren inflazio debaluatzaile antropologikoki kezkagarria... Zer ez du El Conquis-ek, izan ere, erabat deseredugarri?
Saioaren iragarki erraldoiak ere jarri dituzte hainbat eraikinetan, ikurrina lau haizeetara zabalduta erakutsiz, promozioa egiteko. Euskara eta euskal kultura dauden bezala egonda telebistaren panorama orokorrean, eta kontuan hartuta ETB Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika eta Kultura sailak finantzatzen duela, sailaren aurrekontu osoaren ehuneko handi bat bereganatuz, ETBko arduradunei ez al lieke lotsa eman behar lotsa pixka bat gutxienez, ETBren programazioaren ikur nagusia El Conquis izateak? Ez ba! Harro daude!
«Bandera trapu bat da haizerik ez badabil», dio Dut taldearen kantu mitiko ezagunak. El Conquis-ek Karibe konkistatura eramandakoa ez da trapua, arrakastaren haizeak darabilelako, nonbait. Baina norena da ikurrin hori? Nirea ez behintzat.
EKOGRAFIAK
Norena da ikurrin hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu