gorka julio
IRLEN SAREA

Portmanteau

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun

Frantsez jatorria du hitzak, baina ingelesez erabiltzen da, hitz baten hasiera eta beste baten amaiera kontratatuz, tarteko silabak alde batera utzita, osatzen diren hitzak identifikatzeko. Euskaraz grekera nahiago dugu eta akronimo deitzen diegu, ἄκρος, akros, «muturra», eta ὄνομα, onoma, «izena». Fedibertsoa bi hitzen, federazioak eta unibertsoak osatutako portmanteau edo akronimoa da.

Fedibertsoa, egunero erabiltzen baditugu ere, gero eta arazo gehiagoren iturburu diren Interneteko sare zentralizatu, ez federatu eta jabedunek sortzen dituzten arazoei aurre egiteko modu bat da. Tresna zentralizatu, sortzen eta kudeatzen zailen aurrean, irlen sare bat proposatzen duen ekosistema moduko bat.

Irlak bai, baina elkar konektatzeko aukera duten irlak. Fedibertsoa osatzen duten tresnek,elkarren artean hitz egiten dezakete, Facebooken dagoen erabiltzaile batek Twitterren dagoen batekin elkarreragitea ezinezkoa da, Fedibertsoko tresnen artean aldiz, posible litzateke.

Pribatutasuna zaintzeaz gain, aniztasuna kudeatzen ere laguntzen dute. Tresna bakoitzaren instantzia bakoitza (ez beldurtu hitzarekin, tresna bera hainbat aldiz eta hainbat lekutan instala daitekeenez bakoitzari horrela deitzen diogu) ezberdina da. Bere arauak erabaki ditzake, hizkuntza, gaiak, onarpen politika... Gustuko ez baduzu, beste instantzia batera joan zaitezke edo zurea sortu, eta hala ere handik ere beste instantzia batzuetako pertsonek idazten dutena jarrai dezakezu.

Era horretako gero eta tresna gehiago sortzen ari dira. Software librea direnez, mundu mailan komunitate ezberdinek beren instantzia propioak sortu dituzte. Gurean, Mastodon (mikroblogintzareako sare soziala) egin zen ezaguna, Mastodon.eus-en sorrerarekin, baina Peertube (bideoak), Pixelfed (irudiak), Funkwhale (audioak) edota Lemmy (foroak) sortzeko tresnak ere badaude. Duela gutxi, azken biek ere instantzia propioak dituzte euskaraz: Baleafunk.eus eta Lemmy.eus.

Hori dena posible egiten duena software libreko tresna horiek dira, baina bereziki horien artean harremana eta elkarrekintza ahalbidetzen duen protokoloa. Federazioa kodetu daitekeela erakusten dute, dibertsitatea mantenduz elkarlana posible egiteaz gain, eskala handiagoak sortzeko baliagarri dela. Handien aurrean, arrain txikien baturak sare handiak eraiki ditzakeela, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.